Albisteak

Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan

Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2020-2021 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailean hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, dagoeneko sendotuta dagoen #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan. Era berean, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren dirulaguntza eskatzeko epeaurriaren 1etik azaroaren 23ra egongo da zabalik.

 

Jon Insaustik, Kulturako eta Euskarako zinegotzi-ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina. Egun bizitzen ari garen larrialdi egoerak areagotu egin du komunikazio digitalaren beharra, eta, horregatik, inoiz baino motibo gehiagorekin, kanpainari bultzada berezia emango zaio mundu digitalean, bereziki sare sozialetan: hizkuntzen arteko jokoaren bidez bi hizkuntzetako hiztunei erreferentzia egitearekin batera, #euskaldunízate traolarekin sarean kokatu nahi da kanpaina.

 

Eskaintza zabala eta egoera berrira egokitua

Aurten, Covid-19ak eragindako egoerak eskatuta,euskaltegi eta zentro homologatuetan emango diren aurrez-aurreko ikastaroetan, segurtasun-neurri guztiak bermatuko dira, eta taldeek ikasle-ratio txikiagoa izango dute. Era berean, ikastaro-aukera zabalagoa ere izango da: ohiko aurrez-aurrekoez gain, aurrez-aurreko ikastaro telematikoak ere egin ahal izango dira (ikastaroek ordutegi itxia izango dute eta irakaslearekin telematikoki jardungo da).


Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen segituko dute euskaltegiek. Lineako ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien irizten dion ordutegian. Horri gehitzen zaizkio zenbait tutoretza edo mintza-saio.

 

2020- 2021 ikasturterako dirulaguntzak eskatzeko epea eta baldintzak

Euskara ikasi nahi dutenek, irailean hasita, Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako dirulaguntza eskatzeko epea, berriz, urriaren 1etik azaroaren 23ra egongo da zabalik.

Dirulaguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinfo bulegoetan (Eason, Arrokan, Morlansen eta Altzan) eskatu ahal izango da. Era berean, dirulaguntza eskaera online egiteko aukera ere izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostieuskaraz.eus web orrietan.

Urrian hasiko diren ikastaroez gain, 2021eko otsailetik ekainera bitarteko ikastaroak ere diruz lagunduko dira. Ikastaro horietan parte hartuko dutenek otsailean egin ahal izango dute dirulaguntza eskaera.

Aurrez-aurreko ikastaroez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, aurrez-aurreko telematikoak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ikastaroa behin hasita 30 eguneko epean egin beharko da.

 

Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak ondokoak dira:

Eskatzeko baldintzak:

  • 16 urtetik gorakoa izatea.
  • Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo zerbitzu enpresa batean lan egitea.

Jasotzeko baldintzak:

  • Euskaltegi edo zentro homologatu batean matrikulatu.
  • Eskabidea, behar bezala beteta, eta nahitaezko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu.
  • Ikasturte amaieran, gutxienez azpi-maila bat gainditu eta %75eko asistentzia egiaztatu.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait dirulaguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten dirulaguntza jaso arren (lan egiten duen enpresa, esate baterako), Euskara Zerbitzuaren dirulaguntza ere eskatu ahal izango du, eta baita HABErena ere, betiere gain finantzaketa ez dela izango ziurtatuz.

 

Itzuli