Albisteak

Euskaragida.eus webguneak euskarazko kultur eta aisialdiko produktuak jasotzen ditu

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskaragida.eus izeneko euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu du. Bakarka, lagun artean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar. 

Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak zehazten dira (izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa). Miren Azkaratek Euskarako zinegotzi ordezkariak zehaztu du paperezko edizioa ikastetxeetan bakarrik banatuko dela 9-10 urte arteko haurren artean eta, guztira, 10.000 ale izango direla. Dena den, adin guztiei zuzendutako produktuen informazio guztia www.euskaragida.eus webean eskuragarri dago.

Aurten, Euskaraldiari aurrea hartu eta lehenago banatu da gida. Izan ere, euskarazko produktuak kontsumitzen ditugunean euskaraz ari gara, eta hori da gakoa, euskaraz bizitzea, lanean, eskolan, kalean eta irakurtzen, jolasten eta musika entzuten dugunean. Eguberri hauetan opariak egiteko garaian gida ardatz hartzeko eta euskal produktuen aldeko hautua egitera deitu ditu donostiarrak.

Euskaragida.eus ataria eguneratuta

euskaragida.eus atariak, bere aldetik, paperezko edizioan iragarritako produktuez gain, produktu gehiago eta egunez egun argitaratzen doazenen gaineko informazioa jasotzen du, produktu motaren eta adinaren arabera sailkatuta. Aurreko urteetako zenbait produktu ere jasotzen dira. Liburuen atalean, egileen araberako bilaketa egiteko aukera ematen du. Era berean, erabiltzaileari gustukoen duen produktua eskuratzea erraztearren, on line erosteko loturak erantsita dituzte produktu gehientsuenak.

 

 

Itzuli