Albisteak

Euskaragida.eus webguneak euskarazko kultura eta aisialdirako produktuak jasotzen ditu

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskaragida.eus izeneko euskarazko kultura eta aisialdirako produktuen gida argitaratu du. Bakarka, lagun artean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar. Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak zehazten dira (izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa).

Miren Azkaratek 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak zehaztu du paperezko edizioa aurten ikastetxeetan bakarrik banatuko dela 9 urte arteko haurren artean. Dena den, adin guztiei zuzendutako produktuen informazio guztia www.euskaragida.eus webean eskuragarri dago. Berez, Euskaragidaren webgunea berritu dute eta katalogoak helburu bikoitza du: Batetik, euskal kultura sustatzea euskal produktuei ikusgarritasuna emanez, jakinda horrek kontsumoa handitzen lagunduko duela, ahaztu gabe euskal sortzaileei eta euskal kultur industriari babesa emateko modua ere badela eta, bestetik, euskara bera sustatzeko.

euskaragida.eus ataria eguneratzen joaten da

euskaragida.eus atariak, bere aldetik, guztiz eraberritu da eta paperezko edizioan iragarritako produktu guztiez gain, produktu gehiago eta egunez egun argitaratzen doazenen gaineko informazioa jasotzen du, produktu motaren eta adinaren arabera sailkatuta. Aurreko urteetako produktu batzuk ere jasotzen dira. Liburuen atalean egileen araberako bilaketa egiteko aukera ematen du. Era berean, erabiltzaileari gustukoen duen produktua eskuratzea erraztearren, gehientsuenek on-line erosteko loturak erantsita dituzte. Harpidetza eginez gero webgunean bertan, posta elektronikoaren bidez berrikuntzen buletina jaso ahal izango da hilero.

Itzuli