Albisteak

Euskaraldia aurkeztu da Donostian

Euskaraldia, azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutuko den ariketa soziala Euskal Herri osoan, Donostiako Tabakaleran aurkeztu da. Bertan izan dira: Eneko Goia, Donostiako alkatea; Ane Loidi, Bagera euskaltzaleen elkarteko ordezkaria; Garazi Urrosolo, auzoetako batzordeetako kideen izenean eta Ander Aizpurua, Kutxa fundazioko zuzendaria, dagoeneko martxan dauden hainbat entitateren izenean. Era berean, Donostiako hamaikakoa, erreferentziazko herritarrak, osatzen duten kideak ere izan dira.

Antolatzaileek azaldu duten modura, 2018ko azaroan abiatuko da euskararen alde lurralde osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimen handia da, eta Donostia ere parte aktiboa izango da. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz, Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia.

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman-sareetan euskaraz aritzeko gonbita egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.

Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Era berean, Donostiak Euskaraldiaren hamaikakoa ere izango du, erreferentziazko herritarrek eta ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboek osatzen dutenak: zenbait auzo, genero, adin eta alorretako pertsonen talde anitza dena.

Donostiako hamaikakoa:

1. Miren Arrieta, aktorea

2. Barbara Goenaga, aktorea

3. Kontxu Uzkudun, moda-diseinatzailea

4. Mariano Ferrer, kazetaria

5. Iñaki Salvador, musikaria

6. Josean Abecia, Altza Hadi Batzordeko kidea

7. Garazi Urrusolo, Egiako euskara batzordeko kidea

8. Mikel Irazusta, herritarra

9. Mila Pihlstrom, euskal herritar eta suomitar kultur eragilea

10. Jokin Aperribay, Realeko presidentea

11. Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria

Informazio gehiago

 

Itzuli