Albisteak

Euskaraldiak iraun bitartean, 75 euskarazko kultur ekitaldi eskainiko dira Donostian

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, 75 bat euskarazko kultur ekitaldi antolatuko dira Donostiako auzo gehienetan, Udaleko Euskara Zerbitzuak, Bagera elkarteak eta auzoetako euskara batzordeek lankidetzan antolatuta, Donostia Kulturaren laguntzarekin.

Euskaraldiak irauten duen bitartean euskarazko kultur eskaintza areagotzea da asmoa. Jon Insausti, kulturako eta euskarako zinegotziaren esanetan, “Donostiak apustu sendoa egin du kultur eskaintzari eusteko urte osoan, baita pandemia garaian ere. Sasoi honetan euskarazko kultur eskaintzari garrantzi handia eman diogu eta hori areagotu egingo da Euskaraldian”.

 

Euskarazko kultura kontsumitzeko aukera ezin hobea

Covid-a eragin nabarmena izaten ari da donostiarren eguneroko bizimoduan eta aisialdian. Etxetik kanpo aurrera eraman daitezkeen ekintzak gutxi dira eta kultur ekimenak dira salbuespena. Alde horretatik, Bagerako ordezkari Maddi Juanikorenak adierazi duenez, “une aproposa da hirian dagoen euskarazko kultur eskaintza kontuan hartu eta kontsumitzeko. Jendea animatu nahi dugu bertso saioetara, antzerkira, zinemara edota kontzertuetara joan dadin. Gune seguruak dira, legeak agintzen dituen osasun neurri guztiak hartuko baitira, eta aukera ezin hobea izango du jendeakgure kultura dastatzeko”.

Aurtengo egoeran ez da erraza izan ekintzak antolatu eta aurrera eramatea, zaitasunak biderkatu egin dira eta. Alde horretatik, euskarako zinegotziak nabarmendu nahi izan du auzoetako euskara batzordeek egin duten eta egiten ari diren lana. “14 auzotan 75 kultur ekintza antolatuko dira datozen egunetan. Euskaraldiaren sustapena egiteko lan eskerga egin dute ehunka pertsonek musu truk, bilerak antolatuz, informazioa zabalduz eta jendearen ilusioa piztuz”. Ekitaldi horiek guztiak jasota daude www.donostiaeuskaraz.eus web orrian, eta horietako batzuk, gainera, streaming bidez emango dira Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren youtube kanalean.

 

Ostegunera arte zabalik dago izen-ematea

Azaroaren 20an, ostiralean, abiatuko den bigarren Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu ahal izateko izena ematea ezinbestekoa da. Azaroaren 19ra arte, ariketa hasteko bezpera arte,izena eman ahal izango da, ahobizi edo belarriprest rola aukeratuta. Antolatzaileek euskara jakin edota ulertzen duen 16 urtetik gorako donostiarrak animatu nahi dituzte bigarren edizioa honetan parte hartzera. “Orain arte milaka lagunek eman dute izena Donostian baina azken txanpan jende gehiagok izena emango duela espero dugu”.

Azaroaren 19an, bertan, 11:00etatik arratsaldeko 18:00ak arte haima bat jarriko da Gipuzkoa plazan izena eman eta txapak jasotzeko. Hala ere, antolatzaileen esanetan, izen-ematea www.euskaraldia.eus webgunearen bidez egitea komeni da. Bestalde, gogoratu behar da hiriko 230 entitatek 2.000 bat arigune sortu dituztela eta horietan parte hartzen dituzten norbanakoek ere izena eman behar dutela egitasmoan aritzeko.

 

Txapak jasotzeko lekuak

Izena eman duten guztiek ahobizi edo belarriprest txapa soinean eraman beharko dute ariketak iraun bitartean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Izena ematerakoan, txapa hartzeko jasotze puntua aukeratu behar denez, aukeratutako lekura joan beharko da txapa jasotzera azaroaren 20a baino lehen.

Hiriko jasotze puntuak honakoak dira:

-Kultur etxeak: (Aiete, Casares, Egia, Ernest Lluck, Etxarriene (Martutene), Intxaurrondo Berri, Itsas Aurre (Igeldo), Larrotxene, Lugaritz eta Okendo.

-Kiroldegiak: Benta Berri, Bidebieta

-Jolas Etxea ( Añorga), Kontadores (Bidebieta)

-Koldo Mitxelena kulturunea

-Bagera elkartea (Hernani kalea 15 behea)

-Udaleko Euskara Zerbitzua ( Konstituzio plaza 2, behea)

 

Informazioa: Tel: 688717074/Emaila: donostia@euskaraldia.eus

Itzuli