Albisteak

Euskaraldiaren antolatzaileek jendea gogotsu ikusten dute bigarren edizioari ekiteko

Euskaraldiaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den arren, antolatzaileek izen-ematea luzatzea erabaki dute azken egun hauetan izen-emate kopurua izugarri hazi baita. Izen-ematea azaroaren 24ra arte luzatuko da. Euskaraldiaren antolatzaileek izena emateko arrazoiak eman dituzte eta jendea parte hartzera animatu dute.

 

 

Aurtengo Euskaraldia sustatzeko eta jendea informatzeko zailtasun ugari izan dira eta herritarraberandu konturatzen ari da ariketa egiteko garaia iristear dela. Gauzak horrela, jendeak txapa soinean daramala ikusitakoan, jende gehiagok izena emango duela uste da eta horregatik erabaki da epea luzatzea.

Euskaraldia hasteko bezperan bildu dira Donostian antolatzaileak jendea izena ematera eta parte hartzera animatzeko. Bertan izan dira Eneko Goia Donostiako Alkatea; Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia; Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Maddi Juanikorena, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko ordezkaria; eta Josune Otxotorena Donostiako auzoetako euskara batzordeen ordezkaria. Denek atera dute argazkia Gipuzkoako Plazan jarritako photocall-ean eta donostiarrak animatu dituzte ostiral arratsaldean bertatik igarotzera argazkia ateratzera, behin izena eman edota txapa jaso ondoren.

Pandemiak sortu duen ezohiko egoerak eragina izango du aurtengo ariketan baina Euskaraldiko antolatzaileek Euskaraldiaren garrantzia eta balioa nabarmendu nahi izan dute. “Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko balioko du. Bakoitzaren hizkuntza ohituretan eragin eta gure eguneroko harremanetan -etxean, lantokian, lagunartean, establezimenduetan eta abar- euskara gehiago erabiltzeko aukerez jabetzea da asmoa”.

 

Itzuli