Albisteak

Francoren bilobari gutuna antzezlana martxoaren 27an Victoria Eugenia Antzokian

XVII. Donostia Antzerki Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta ondoren, Artedrama, Dejabu panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain taldeek elkarlanean aurkeztutako "Francoren Bilobari Gutuna"  lan irabazlea eskainiko da.

12.000 euroko diru saria izango dute, 10.000 euro orain jasoko dituzte eta gainerakoa jasotzeko 2019 urtea amaitu aurretik aurkeztu beharko dute lan berri bat Donostian. Diru sariaz gain, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak artelan bat emango dio konpainia irabazleari. Aurreko urteetan bezala, euskal artista bat aukeratu da horretarako. Aurten Iñigo Manterola izan da aukeratua, 1973an Orion jaioa.

Francoren bilobari gutuna, sorkuntza lan bikaina eta aparta

Donostia XVII. Antzerki Saria ematen duen epaimahaiak Francoren bilobari gutuna antzezlana saritu du edizio honetan. Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain taldeen lan kolektibo eta koral honetako zuzendaria Ximun Fuchs da eta Unai Iturriaga eta Igor Elorzak idatzitako testuan oinarrituta dago. “Francoren bilobari gutuna”jarraian azaldutako arrazoiengatik saritu du epaimahaiak:

- Sorkuntza lan bikaina egin da eta nabarmentzekoa da gaiak lantzerakoan aurretik egindako ikerketa lan sakona. Talde lana zoragarria da eta trebetasun dramatiko ikaragarria erakutsi dute, bizitasun handiko momentuak une hunkigarriekin tartekatuz.

- Obran Frankismoaren ikuspegi zabal eta anitza erakusten dute gai asko batera landuz. Iraganaren presentzia erabatekoa izan arren, orainean jartzen du arreta eta garatzen da ekintza.

- Eszenografiari dagokionean oso diseinu arina erabili dute eta dauzkaten elementuei esanahi eta erabilera aniztuna eman diote. Dramaturgia aberatsa erabiltzeaz gain, ezin hobeto egokitu dira eszenen arteko aldaketa bizkorrei.

- Istorioak, eszenak eta erritmo narratiboa maisuki bideratuta dagoela azpimarratu du epaimahaiak. Horrez gain pertsonaien karakterizazioa ezin egokiagoa da aktoreak pertsonaiak biluztu eta bakoitzaren intimitatean sartzen baitira.Antzezlanaren hariari ere ondo eusten zaio eta ikuslea ez da galtzennahiz eta hainbat pertsonaia eta istorio tartekatu. Bestalde gaia sakontasunez jorratu da baina umoreari tartea eginez.

-Epaimahaiak azkenik adierazi duenez “antzezlan hau gure memoria bizia da eta antzerkiak bakarrik gorpuztu dezake horrela”.

Sinopsia

Iñakik hamar urte eta leuzemia ditu. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diren pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk betetzen du bihotzeko aldizkari maiztuaren azala.

Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna

 

Gonbidapenak Victoria Eugeniako txarteldegian jaso daitezke, agortu arte.

Itzuli