Albisteak

Frisian zortzi asteko literatur sorkuntza egonaldia egiteko deialdia martxan da

Donostia 2016k eta Donostia Kulturak bultzatutako Beste Hitzak proiektuaren baitan Frisiako Leewarden hirian literatur egonaldi baterako euskal idazle bat aukeratzeko prozesua martxan jarri da. Irailaren 11ra arteko epea izango dute idazleek hautagaitzak aurkezteko.

Beste Hitzak-Other Words Europako hizkuntza txiki edota gutxituen arteko literatur trukerako sarea da (Irlanda, Mazedonia, Eslovenia, Frisia eta Euskal Herria daude sarean) eta proiektuaren oinarri nagusia literatur sorkuntzarako egonaldiak dira. Euskal Idazleen lehen egonaldia Ekaitz Goienetxeak egin zuen Eslovenian, bigarrena Yoseba Peñak Dublinen, hirugarrena Beatriz Chivitek Eslovenian eta orain laugarren egonaldia egin ahal izateko deialdia martxan jarri da.

Literatura sorkuntza egonaldi honetan parte hartu nahi duten idazleek abuztuaren 8tik irailaren 11ra izango dute epea. Idazleak bere egonaldian literatur proiektu bat sortu beharko du euskaraz, eta horregatik, garatu nahiko lukeen sorkuntza proiektua azaltzeko txostena egin beharko du deialdia aurkezteko orduan, eta curriculum eguneratuarekin batera bidali. Aurkeztu beharreko agiri guztiei buruzko informazioa eta bete beharreko baldintzen inguruko xehetasun guztiak deialdi ofizialean aurki daitezke.

Sorkuntza egonaldia bera urriaren 23a eta abenduaren 18a bitartean egingo du idazleak Frisian, eta hautatutako idazleak ordainduta izango ditu bidaia gastuak, ostatu gastuak (herrialdeko bazkideak egonaldirako aukeratutako egoitzan), eguneko 30 euroko dieta eta 2.500 euro bi hilabeteengatik. Idazleak bere egonaldian literatur proiektua sortu beharko du eta Frisian dagoen bitartean hainbat ekimen egin beharko ditu bertako bazkidearekin eta eragileekin.

Deialdi ofiziala

Izenemate fitxa

Itzuli