Albisteak

“Gure Zirkua”ren bira Donostian bukatuko da, 24 emanaldi eskainita

Euskarazko lehen zirku ibiltariak Donostian bukatuko du aurtengo ibilaldia. Uda osoan herriz herri ibili ostean, Donostian, euskararen hirian, izango du azken geltokia. Urrian 24 emanaldi eskainiko dira Sagueseko zabalgunean jarriko den karpan eta Internet bidez salgai jarritako sarrera guztiak agortu diren arren, gaur bertan, arratsaldez sarrerak eskuratu ahal izango dira zirkuaren txarteldegian.

Iker Galartzaren ekimenez sorturiko zirkuak ez du beste hiribururik bisitatuko aurten eta Donostiako emanaldiekinbukatuko da Gure Zirkuaren bira. Gure Zirkuak Donostian izandako harrerak ezustean harrapatu du Iker Galartza bera. “Lehendabiziko 4.000 sarrera 12 ordutan agortu ziren eta irailaren 26an jarritakoak ere berehala bukatu ziren. Oso pozik gaude jendearen harrerarekin”, gaineratu du.

Gure Zirkua euskaraldiaren sustatzaile izango da Donostian. Horretarako, besteak beste, zirkuaren sarreran Euskaraldiari buruzko informazioa jasotzeko eta kamisetak eta bestelako materiala eskuratzeko aukera egongo da.

 

Zirku klasikoaren ezaugarriak ditu

Orain arte udan Euskal Herrian egindako emanaldietan 18.000 pertsona baino gehiago izan dira. Donostian berriz, 6.250 lagun espero dira.

Ikuskizunari dagokionez, zirku klasiko baten aldagaiak izango ditu: bikote xelebre batek egingo ditu aurkezle lanak ( Poxpolo eta Don Martin) eta ikusleen algarak eragingo dituzte; magoak eta malabaristak izango dira, trapezio eta oihaletatik zintzilikatuta mugimendu ikusgarriak egingo dituztenak eta abar. Hamabi artista guztira.

 

 

Egunak

Orduak

Urriak 5, 11,12, 19, 26

19:00etan eta 21:30ean

Urriak 6,7,13,14,20, 21 eta 27

17:00etan eta 19:30ean

 

 

 

 

 

Itzuli