Albisteak

Haur eta familientzako jolasak egingo dira larunbatean Bulebarreko kioskoan

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Urtxintxa Eskolak elkarlanean antolatuta, 3-9 urte bitarteko haurrentzako jolasak egingo dira ekainaren 3an, larunbata, 17:00etan Bulebarreko kioskoaren ondoan. Txantxariak izeneko saioan, zuzeneko musikaren laguntzaz, bertara joaten diren haurrek eta familiek hamaika jolas eta jardueretan doan parte hartzeko aukera izango dute.

Txantxariak bezalako ekimenei esker, familiek eta haurrek kalean euskaraz egiten dute. Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da. Jolasa gainera, haur eta gurasoen arteko loturak estutzeko bidea da, elkarrekin egoteko eta gozatzeko bitartekoa.

 

Parketarrak ekimenari segida emateko

Haurrek eta gazteek, sarritan, euskara eskolan edota familian bakarrik erabiltzen dute. Kalean berriz, aisialdian, gauzak aldatu egiten dira eta lagunartean komunikatzeko garaian, euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko Parketarrak ekimena du martxan Udaleko Euskara Zerbitzuak eta aurten Donostiako hamabiauzoetako parkeetan (Altza, Añorga, Amara Berri, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erribera, Morlans, Parte Zaharra, Aiete, Igeldo eta Egian. ) 80 saiotik gora eskaini ditu martxoan eta maiatzean. Horri esker, mila lagun baino gehiago aritu dira parkean euskaraz jolasten. Txantxariak saioak ikasturteari bukaera eman nahi dio eta Bulebarreko ekimen hori Donostiako haur guztiei zuzenduta egongo da.

Udan aisialdian euskaraz aritzeko aukera gehiago izango dituzte Donostiako haurrek uztailean antolatzen diren Oporretan Euskaraz udalekuei esker. Ondoren, urrian, Parketarrak ekimena jarriko da berriro abian.

Itzuli