Albisteak

Hiriko 16 pertsona ezagun elkarrizketatuko dituzte “Donostiako Ahotsak” egitasmoan

Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Badihardugu Euskara Elkarteak urteak daramatzate “Donostiako Ahotsak” egitasmoaren bitartez, hiriko ahozko ondarea eta herri hizkera jasotzen, lantzen eta zabaltzen. Guztira 180 hiritarren testigantzak jaso dituzte. Hasierakoak, batez ere, gerra aurreko eta gerra osteko kontuak jasotzeko. Orain, berriz, Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari dira: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, Donostiako euskararen historia jasotzeko.Aurten hiriko 16 pertsona ezagunen bizipenak jasoko dituzte https://ahotsak.eus/DONOSTIA/ webean.

Enkarni Genua, Txotxongilo taldearen sortzailea, lehen elkarrizketatua

Apirilean hasi ziren elkarrizketekin, San Telmo museoan, eta dagoeneko hamar egin dituzte. Urriaren lehen astetik hasita, elkarrizketak bistaratzen hasiko dira: astero elkarrizketatu baten bideo labur bat erakutsiko dute, eta haren bideo-pasarte guztiak ikusi ahal izango dira aipatu webgunean. Dagoeneko argitaratu den lehen elkarrizketa, Enkarni Genua Txotxongillo taldearen sortzailearena da. Bere bizipenak kontatzeaz gain, beste hainbat zertzelada ere eman ditu aurreko mendeko antzerkiaren egoeraz, euskarazko txotxongiloak sortzeko egindako ibilbideaz eta abar. ( Elkarrizketa eta informazioa )

Enkarni Genuaren ostean, Piter Ansorena, Maite Gonzalez Esnal, Juan Antonio Urbeltz, Txaro Arteaga, Antton Valverde, Aitzpea Goenaga, Santos Sarasola, Lola Valverde eta Jabier Agirreren elkarrizketak ikusi ahal izango dira. Hemendik urte bukaerara beste sei pertsona ezagun elkarrizketatzeko asmoa dago, eta horiek ere landu eta erakutsiko dira.

 

Donostiako Ahotsak, hiriko ahozko ondarea eta herri hizkera jasotzeko ekimena

Elkarrizketa horiek “Donostiako Ahotsak” egitasmoaren baitan egin dira. Ekimen hori Donostiako ahozko ondarea eta herri hizkera jaso eta zabaltzeko sortu zen 2009an. Ordutik hona, 180 donostiarren testigantzak jaso dira, gehienak adinekoak, eta horri esker Donostiako euskaldun zaharren euskara jasotzeaz gain, beraien bizimodua eta ohitura jaso eta herritarren eskura jarri dira. Aurten egindako elkarrizketak, orain arte egindako lana osatzera dator.

Idoia Etxeberria Badihardugu euskara elkarteko ordezkariaren esanetan, “Donostiarrei, gainerako euskaldunei bezalaxe, ahozko transmisioaren bitartez iritsi zaizkie orain gutxi arte aurrekoen ondarea. Egun ordea, transmisio hori eten egin da eta ahozko memoria hori galzorian dago”.

Jon Insausti zinegotziak gaineratu du azken 75 urteotan izugarri aldatu dela bizimodua eta baita donostiarron bizitza ere. Datu historikoak artxibo eta agirietan jasota dauden arren, orduko bizimodua, sentimenduak, ohiturak eta abar adineko gizon-emakumeren ahotan besterik ez dira aurkituko. Horregatik ari gara lan hau aurrera eramaten”. Eta adinekoena ez ezik, hurrengo belaunaldien memoria jasotzea ere garrantzitsua dela uste du, katebegiz katebegi gure historia osatzen eta ezagutzen joateko.

Azkenik, gogoratu behar da Donostiako Ahotsak ekimena, Badihardugu Euskara Elkarteak sortutako Euskal Herriko Ahotsak izeneko egitasmoaren barne dagoela. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzeko asmoz urrats asko egin ditu elkarteak. Lan hori ahotsak.eus webgunean jasota dago.

Itzuli