Albisteak

Hizkuntza normalizazio prozesuan gazteak giltzarri

Donostiako Udala, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Soziolinguistika Klusterra hezkuntzaren esparruan eta gazteen artean euskararen erabilera soziala bultzatzeko elkarlanean aritu dira. Izan ere, Donostiako Euskararen Plan Orokorraren (2015-2020) helburuetako bat da euskararen erabilera soziala hezkuntzaren esparruan eta gazteen artean bultzatzea eta horretarako ezinbestekoa da gazteen arteko hizkuntza erabileren egungo ezaugarriak eta joerak ezagutzea.

Era berean, euskararen erabilera esparru guztietara hedatzea da UPV/EHUk duen erronketako bat. Horretarako, helburu eta ekintza ezberdinak planifikatu ditu 2022. urtera arteko iraupena izango duen Euskararen III Plan Gidarian. Ildo horretatik, UPV/EHUk eta Donostiako Udalak 2016an sinatutako lankidetza hitzarmen markoan azpimarratzen da gazteen artean euskararen erabilera indartzeko bi erakundeak elkarlanean aritzeko nahia.

Lankidetza honek eman ditu dagoeneko bere fruituak eta etorkizunera begira beste zenbait egitasmo lantzeko aukerak aztertzen ari dira bi erakundeak besteak beste, Oihenart Aforismo Lehiaketaren zortzi edizio bete ditu dagoeneko UPV/EHUk Donostiako Udalaren lankidetzarekin, Ekolingua jolasa oinarri hartuta, azken hiru urteetan, Donostiako ikastetxeetako ikasleen harremanen eta jarreren ikerketa egin du Gizarte Antropologia Sailak eta, aurrera begira, Informatika fakultatearekin elkarlan aukerak aztertzen ari dira.

Testuinguruaren garrantzia

Donostian, gazteen euskararen kale erabilera %13koa den bitartean, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean hizketan behatu diren 10 pertsonatik ia 6 euskarazko elkarrizketetan parte hartzen ari ziren. Informatika Fakultatean, berriz, behatutako solaskideen heren bat baino gehixeago ari zen euskarazko elkarrizketetan.

Donostian, gazteen euskararen kale erabilera %13koa dela neurtu zuen Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako neurketan. Datu hori bi fakultateetan egindako neurketen emaitzekin alderatuz gero, (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea %58,1 / Informatika Fakultatea %35,2) aldea nabarmena da.

Guztira 1.184 elkarrizketa behatu ziren eta horietan parte hartzen ari ziren 3.348 solaskideren datuak aztertu dira. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean hizketan behatu diren 10 pertsonatik ia 6 euskarazko elkarrizketetan parte hartzen ari ziren. Informatika Fakultatean, berriz, behatutako solaskideen heren bat baino gehixeago ari zen euskarazko elkarrizketetan parte hartzen.

Emaitzak sexuaren aldagaia kontuan hartuta aztertuta, ondorioztatu da emakumezkoek gizonezkoek baino euskara gehiago erabiltzen dutela. HEFA fakultatean emakumeen %59 behatu da euskarazko elkarrizketetan eta gizonezkoak, aldiz, %55,9 izan dira. Informatika fakultatean, aldea are handiagoa da: emakumeen euskararen erabilera %53koa den bitartean, gizonezkoena %29,1ekoa da.

Itzuli