Albisteak

Igor Salutregi “Azken partida” egitasmoarekin, Oihua! sorkuntza ekimenaren bigarren edizioaren irabazlea

Ostirala, 2022(e)ko Otsaila(r)en 04-(e)an. Igor Salutregik irabazi du Oihua! sorkuntza ekimenaren bigarren edizioa Azken partida film laburraren proiektuarekin.

Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatutako ekimena da Oihua!. Euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortu da. Deialdia 35 urte arteko sortzaile hasiberrientzat egin da. Irabazleak Maider Oleaga zuzendariaren aholkularitza izango du lan prozesuan zehar. Gainera erakundeek 7.000 bat euro jarriko dituzte ekoizpenerako, hau da, film laburra egin ahal izateko. Zentzu horretan, Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia. Film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoako Lurralde Historikoan egingo da.

Bigarren edizio honetan 13 egilek sortutako 14 gidoi jaso dira. Lanen jatorriari dagokionez, aurtengo edizioan 6 gidoi jaso dira Gipuzkoatik, beste 6 Bizkaitik, eta 2 Arabatik. Aurkeztutako gidoi guztien kalitate eta izaera profesionala nabarmendu ditu epaimahaiak.

Epaimahaikideak Maider Oleaga zinegilea, eta erakunde antolatzaileetako ordezkariak izan dira: Marta Zabaleta (San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission), Unai Guerra eta Jon Sánchez (Larrotxene Bideo), Josemi Beltrán (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisa (Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua). Azken partida aukeratzeko hainbat irizpide erabili dira: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, kokalekuen aniztasuna eta euskararen maila.

Epaimahaiak lan irabazlearen alderdi onak nabarmendu ditu "istorioak emozionatzeko duen berezko gaitasuna, sentsibilitatea, umorea, drama soziala eta genero fantastikoa uztartu ditu, errealismo magikoa eta gizakiaren oinarrizko-beldurrak landuz".

Igor Salutregi Gernikan jaioa da. Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua da, eta kazetari eta gidoilari lanak egin ditu ETBn, "EITB Kultura", "Baserria", "Ene kantak" edo "3Txulo" saioetan besteak beste.

Film laburra Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 2022ko programazioan txertatuko da. Film laburrak Larrotxene Bideoren ekoizpen baten tratamendua izango du, zinemaldietan izena emateko garaian eta jaso ditzakeen sariei dagokienez.

X

Itzuli