Albisteak

IKA MIZKA aritzeko hitzordu berria apirilaren 27an

Ika Mizka saioa, Donostiako Informatika Fakultatean izango da goizeko 10:30etik aurrera eta, besteak beste, euskarak teknologiaren alorrean egun begi aurrean dituen mugez, potentzialtasunez eta erronkez ariko dira mahaiaren bueltan hausnartzera eta hamaiketakoa egitera bilduko diren parte-hartzaileak.

Azken urte hauetan, Gaztezulo, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hainbat unibertsitate elkarlanean garatzen ari diren egitasmoa da IKA MIZKA: Eta hik? Nola bizi dunk euskara?. Ikasleak eta honetara engaiatzen den oro euskararen erabileraren garrantziaz sentsibilizatzea du helburu nagusi, eta jarrera aktiboagoak hartzeko lehen pauso gisa nork bere errealitateari begiratzea eta gogoetarako tarte bat hartzea planteatzen du. Inoiz egin gabeko galderetatik etorriko baitira, ziur aski, lehen imajinatu ezinezko erantzunak.

Saio honetarako izena eman duten neska-mutilek aukeratu duten ikasketa-ildoa dela eta, batez ere euskara eta teknologiaren inguruan izandako bizipenak eta hauen gaineko iritziak trukatuko dituzte: hizkuntza zientifikoa, neologismoak, anglizismoak, gailu teknologikoak zein hizkuntzatan ezarri/erabili...

Nerea Alias aurkezleak gidatuko du goiza eta, ikasleekin batera, alor ezberdinetako hainbat lagun ere batuko dira mahaiaren bueltara, hala nola: Amaia Arginzoniz Olabe (Sare Sozialak euskaraz), Maider Likona (Gisa Elkartea- Software librearen bultzatzaile), Jatsu Argarate (Kokeineko musikaria eta Codesyntax-eko informatikaria), Leire Berasaluse (Lain musika taldeko kidea), Olatz Salvador (abeslaria eta konposatzailea), Aratz Begiristain (informatikaria) eta Igone Mariezkurrena (kazetaria).

Solasaldiak bideratzeko, abenduan Durangoko Azokaren testuinguruan antolatutako IKA MIZKA saioan jasotako hainbat ideia interesgarri pantailaratuko dituzte. Hauetan protagonista, besteak beste, Ainhoa Lendinez kazetaria, Telmo Trenado Youtuberra eta informatika fakultateko 3 ikasle (Gorka Toledo, Uxue Alberdi eta Xabier Ezeiza) izango dira.

 

Itzuli