Albisteak

IX. Bertso Derbia

Anoetan Realak eta Atheticek datorren igandean, martxoak 12, jokatuko duten derbia dela eta, bi taldeen arteko bertso derbia izango da Antzoki Zaharrean oraingo honetan ere.
Elkarri hitza pasaz kantuan ariko dira sei bertsolari. Realaren taldean, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus eta Athletic-en izenean, Igor Elortza, Arrate Illaro eta Jon Maia. Mikel Labaka Realeko jokalari ohia eta gaur egun Eusebio Sacristanen lan-talde teknikoko partaidea izango da ekitaldiaren aurkezlea eta gai-jartzailea.

Real Sociedad Fundazioak Bertso Derbiaren IX. Edizioa antolatu du Athletic Fundazioaren, Donostia Kulturaren eta Usandizaga Institutuaren Diseinu Grafiko Zikloaren laguntzarekin.
Reala eta Athletic fundazioek gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da Bertso Derbia.
Martxoaren 12an, igandearekin, Anoetan jokatuko dute Realak eta Athleticek ligako partida.

Aurretik, ordea, martxoaren 10ean arratsaldeko 19:00etan Donostiako Antzoki Zaharrean bertso saioa izango da. Mikel Labaka Realeko jokalari ohia eta gaur egun Eusebio Sacristanen lan-talde teknikoko partaidea izango da ekitaldiaren aurkezlea. Azpeitiarrak jarriko dizkie gaiak sei bertsolariei.

Reala: Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus.

Athletic: Igor Elortza, Arrate Illaro eta Jon Maia.

Sarrera doan izango da eta Reala, Athletic eta Donostia Kulturaren bidez lortu ahal izango dira. Realaren denda ofizialetan (Elkano Kalean eta Anoeta Estadioan) eta Donostia Kulturak bere ohizko kanalen bidez.

Igandean Anoetan ere bai

Derbiaren egunean bertan, martxoaren 12an, 11:00etatik aurrera Anoeta futbol zelaiaren atarian (8. atearen inguruan) saio jostaria egingo dute bertsolariek. Partida aurretik giroa berotzeko saioa izango da.
Bersto Derbia kirola eta kultura uztartzeko ekimena da. Donostiak martxoaren 12an futbolaren festa biziko du, baina honek izango du bere atarikoa ostiralean, martxoaren 10ean Antzoki Zaharrean 19:00tatik aurrera. Bertan kulturak eta kirolak bat egingo dute.

Bertso Derbia Reala eta Athletic fundazioek euskararen normaltasunaren alde urtean zehar egiten duten lanaren adierazgarri ere bada. Gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromezuan sakontzeko balio du.
Real Sociedad Fundazioak kirol, kultur eta gizarte jardueren sustapena eta zabalkuntza du helburu. Hezkuntza sarean murgildurik dago hitzarmen eta proiektu ezberdinen bidez. Hau izan da horietako elkarlan bat. Usandizagako Diseinu Grafiko Zikloko Mariana Martínez ikasleak Bertso Derbi honetarako irudia eta komunikazio euskarriak proposatu ditu.

Bihotzean

Norberak bere koloreak bihotzean daramatzagu, eta bihotzak markatzen du erritmoa. Elektrokardiograma da horren irudi. Marra urdinak eta gorriak gorabeheratsuak dira, etenik gabeak eta aldakorrak. Errespetuz baina indarrez bizi ditugu Reala eta Athleticen arteko partidak. Intentzio handiz bizi ditugu gol aukerak eta partidako azken uneak. Jokaldi batek eragin dezake bihotza azkartzea, bat-batean zalea aulkitik altxatzea.
Bertsolaria kantuan hasi zain isil-isilik egoten gara. Intentzioz eta gogoz itxaron ohi ditugu bertsolariaren azken puntuak. Barre txikia, negarra, izerdia, gogoeta eragin ditzake bertsoak. Bertsoak eragin dezake bihotza azkartzea, bat-batean aulkitik altxatzea.

Gure kultura, gure kirola, gure ohiturak... futbola eta bertsolaritza gureak sentitzen ditugulako elkarlanean ari dira futbol taldeak eta bertsolariak. Elektrokardiogramaren bi marrak kolore bana dute, baina biak dira aldakorrak eta etenik gabeak.

Itzuli