Albisteak

IX. Poltsiko Antzerkiaren deialdia zabalik irailaren 27a arte

Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko IX. Proiektu Deialdia jarri da martxan. Proiektuak aurkezteko epea 2018ko uztailaren 2an abiatuko da eta irailaren 27an amaituko da. Aurten bi diru-laguntza eskainiko dira: irabazleak 4.000 euro jasoko ditu; finalistak, berriz, 3.200 euro.

Proiektu deialdia antzezle, antzerki talde eta elkarte artistiko guztiei zuzenduta dago. Prestatu behar den lan artistikoa Poltsiko Antzerkia da, hau da, tabernetan egin daitekeen antzerkia.

Era berean, kontuan hartzekoa da orain aurkezten dugun bederatzigarren deialdi honen xedea ez dela diru-laguntza soila, koprodukzioa baizik. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, bederatzigarren deialdi honetan ere landutako obren estreinaldia egingo da Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan (2019ko otsailean). Hain zuzen ere aukeratutako bi antzezlanetako bakoitzak 4 emanaldi egingo ditu hiriko beste hainbat tabernatan.

2011n jarri genuen martxan lehen aldiz modu esperimentalean deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik. Aurreko zortzi deialdietan, ia 50 proiektu aurkeztu dira. Donostia Kultura da antolatzailea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz.

Egutegia:

  • Hautagaitza deialdiaren hasiera: 2018ko uztailaren 2a
  • Hautagaitza aurkezten azken eguna: 2018ko irailaren 27a
  • Proiektuen aukeraketa: 2018ko urriaren 15a
  • Ikustaldia: 2019ko otsailaren 7tik 24ra bitartean (Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan)

 

Itzuli