Albisteak

KEES metodologia ezagutzera eman da

KEES (Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) metodologia ezagutzera eman eta orain arte egindako lanaren emaitzak partekatzeko aurkezpen ekitaldi bat egin du Euskara Zerbitzuak Udaletxeko Udalbatza aretoan. Haur eta gazteekin lan egiten duten Donostiako hainbat kirol elkarte etorri dira ekitaldira kirol arloan euskararen erabilera sustatzen duen egitasmoa ezagutzeko.

2018/2019 ikasturtean hiriko hamaika kirol elkartek bat egin dute egitasmo honekin eta lanean ari dira haur eta gazteen hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Guztira, 115 kirol-taldetan ari gara lanean eta datozen urteetan kirol-talde gehiago erakarri nahi dira egitasmora. Ekimen honen bitartez, euskararen aldeko estrategia bat garatzeko aukera daukate elkarteek eta zenbait baliabide jaso ditzakete euskararen erabilera areagotzeko aukerak handitu daitezen.

Egun, hauexek dira egitasmoan parte hartzen ari diren elkarteak: Añorga K.K.E, Askatuak Saskibaloi Taldea, Atletico San Sebastian, Bera Bera, Easo Saskibaloi Taldea, Egia Eskubaloi Taldea, Fortuna Kirol Elkartea, Gros Xake Taldea, Judo Club San Sebastian, Groseko Indarra Surf Taldea eta Ur Kirolak.

Informazio gehiago

 

 

Itzuli