Albisteak

Kontseiluak eta Donostia2016 Fundazioak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren egitasmoa azalduko diete gizarte eragileei

Kontseiluak, Donostia 2016 Fundazioarekin batera, Euskal Herriko bost hiriburutan aurkezpen-hitzaldiak antolatu ditu; hain zuzen ere, Protokoloaren egitasmoa zertan datzan eta gizarte eragileek ekarpenak nola egin ditzaketen azaltzeko. Hein berean, hizkuntzen alorrean interesa duen oro gonbidatuta dago hitzaldi sorta honetara. Donostiako hitzaldia, otsailaren 25ean izango da, osteguna, eta Donostiako 2016 Gunean (Easo 43).

Proiektuaren Talde antolatzailea (nazioarteko 6 erakundez osatua), eta Batzorde Zientifikoa lanean dira dagoeneko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta DSS2016 EU Fundazioak sustatuta, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatuko dute abendurako. Europa osoko gizarte eragileen, antolakundeen eta adituen artean landutako dokumentu bat izango da, hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko hartu beharreko gutxieneko neurriak jasoko dituena.

Euskal Herriko gizarte eragileei dagokienez, Kontseiluak, Donostia 2016 Fundazioarekin batera, Euskal Herriko bost hiriburutan aurkezpen-hitzaldiak antolatu ditu; hain zuzen ere,  Protokoloaren egitasmoa zertan datzan eta gizarte eragileek ekarpenak nola egin ditzaketen azaltzeko.

Gainerako hiriburuetako hitzaldiak:

  • otsailaren 24an Baionako Euskal Museoan
  • martxoaren 1ean, Gasteizko, Oihaneder Euskararen Etxean
  • martxoaren 2an Bilboko Kafe Antzokian
  • martxoaren 4an Iruñeko Katakraken.


Adituen eta gizarte eragileen ekarpenak jasota, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa abenduaren amaieran aurkeztuko da Europako Kultur Hiriburutzaren baitan. 1996ko Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala oinarri hartuz, hizkuntza eskubideen defentsan gizarte zibilak egindako ekarpen berritua izan nahi du Protokoloak.

Itzuli