Albisteak

Martxan da Euskararen Ginkana lehiaketa!

Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen lehiaketa da Euskararen Ginkana, aurtengoan ere Azkue Fundazioarekin elkarlanean burutuko duena.  Bi erakundeek euskara sustatzeko duten konpromisoan bat egin eta hizkuntza praktika ekologikoak sustatzea dute helburu. Bosgarren edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketaren koordinatzailea.

Bost urtetako ibilbidea duen proiektua da Euskararen Ginkana eta urtez urte, Kutxa Ekoguneak eragile eta kolaboratzaile ezberdinekin batera, euskara erdigunean izanik, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasuna gaiak landu izan ditu.

Euskararen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiarekin lotutako taldeen artean zabaldu den lehiaketa da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik, Euskal Herri osora zabaldu dena. Bilakaera honen lekuko dugu gaurko aurkezpen ekitaldia: Bilbon, Euskararen Etxean, emango zaio hasiera lehiaketaren 5.edizio honi, eta Donostian izango da finala, Ekogunean.  

Aurtengo edizioaren gaia: Hizkuntza praktika ekologikoak

Munduko bioaniztasuna babesteko ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak ditugun arren, munduko hizkuntza aniztasunak ere babesa behar duela ez dugu horren barneratua. Hamabost egunero hizkuntza bat hiltzen ari den garai honetan, hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza-ekologistak!

Euskararen Ginkanaren 5. edizioan  hizkuntza-ekologistak izateko hizkuntza praktika ekologikoak hartu ditugu gaitzat. Gainditu beharreko probak eta galderak, hizkuntzen garapen jasangarrirako lagungarri gertatzen diren hiztun eta hizkuntza-komunitateen ekimen eta praktikei lotuak izango dira.  Hizkuntza aniztasuna bermatzeko erronka unibertsalari jolasaren bidez helduko diogu euskararen lurraldean eta tokian tokikoa babestuaz eta aniztasuna balioan jarriaz, mundu mailan ematen ari den homogeneizazioari aurre egiten diogu. Euskara biziberrituaz munduko hizkuntza aniztasuna ere babesten dugulako, mundu anitzagoa eraikitzen dugulako.

Lehiaketa

Bi fasetan gauzatuko da ginkana: lehenengo faseak 6 asteko iraupena du, abenduaren 3an hasi eta urtarrilaren 19an amaituko da. Fase honetan www.euskararenginkana.eus webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek.

Bigarren fasea, final handiaren eguna da. Urtarrilaren 28an burutuko da Donostian kokatuta dagoen Ekogunea parkean. Bertan lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 talde parte-hartzaileak lehiatuko dira.

Parte harzeko

Itzuli