Albisteak

Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen-ematea zabalik: Egin jauzi!

Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen-ematea zabalik da urriaren 21 arte. Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker, soilik 25 euro ordaindu beharko dute praktika behar duten parte-hartzaileek. Egitasmo hau euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzenduta dago, eta berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko.

Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik da, eta urriaren 21ean amaituko da. Beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek dute izena emateko aukera. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, elkartearen egoitzan (Hernani kalea, 15) edo 943005074 telefono zenbakian ere egin daiteke.

Mintzalaguna egitasmoan euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak hitz egiteko ohitura eta aukerarik ez dutenekin elkartzen dira, astean behin gutxienez, norberaren ordutegira egokituta. Hiru edo lau laguneko taldeak izaten dira normalean. Horrez gain, hilean behin, taldeko jarduerak antolatzen dira mintzalagun guztientzat (irteerak, bisita gidatuak eta abar), eta astero parte-hartzaile guztiek Donostian euskaraz egiten diren jardueren agenda jasotzen dute. Bestalde, euskarazko komunikabideetan beherapenak izaten dituzte mintzalagunek.

25 urte: etxetik kalera bi jauzitan

Mintzalaguna egitasmoa duela 25 urte sortu zuen Bagera elkarteak, eta geroztik, astero-astero, ehunka eta ehunka pertsona aritu da euskaraz berriketan Donostiako kaleetan. Donostian ez ezik, Euskal Herriko 120 herri eta hiritan ere zabaldu da egitasmoa. Azken ikasturtean, esaterako, 7.500 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoan. Horiek guztiek, une batean, jauzi egin dute: etxetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitatean, kaleko erabilerara gero.

Aurtengo ikasturtean, gainera, aukera bikaina izango dugu taldetik kalerako jauzi hori emateko: Euskaraldia. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra beste milaka belarriprest eta ahobizirekin batera elkartuko gara, euskaltzale guztiok batuko gaituen erronkan. 11 egunez euskaraz arituko da Euskal Herria! Herri, auzo, familia, lantegi askotan euskaraz aritzen hasteko lehen pausoa izango da. Jauzi handi bat emango dugu elkarrekin, euskaraz bizitzeko.

 

Itzuli