Albisteak

Nitik harago! Baietz 11 Intxaurrondon! 2020ko Euskaraldiko aurrekaria aurkeztu egin da

 

Iazko Euskaraldiari jarraipena emanez, 2020an Euskaraldiaren bigarren ariketa antolatuko da Euskal Herrian. Hurrengo edizioan, baina, beste urrats bat egin nahi da: hau da, norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz.

Aurten, bigarren edizioan abian jarriko den metodologia probatu nahi da Euskal Herriko hainbat tokitan. Intxaurrondo izango da horietako bat, eta bertan Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon! ariketa egingo dute, azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitartean. Izan ere, ekimen honekin, Intxaurrondon 2017. urteaz geroztik egindako bideari – Baietz Intxaurrondon 20 egun! eta iazko Euskaraldia-jarraipena eman nahi zaio.

Prestatze lanetan, elkarlanean aritu dira Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordea, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua. Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon! ariketaren bidez, auzoko entitateak eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte elkarrekin hizkuntza ohiturak aldatzeko aurrerapausoak emateko.

 

Ariguneak, entitateetan euskara erabiltzeko espazio edo guneak

Intxaurrondoko probaldiaren berrikuntza entitateetan datza. Intxaurrondoko entitateei (elkarte, lantegi, denda, ikastetxe, kultur etxe, kiroldegi eta abarri) beraien barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko zaie. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira, entitate baten barruan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak. Arigune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bertako kide guztiek euskara ulertzea eta gehien-gehienek ariketa egiteko prest egotea. Arigune horiek, beraz, kideen adostasunez osatzen dira eta bertan parte hartuko duteahobizi edo belarriprestek. Ariguneak hizkuntza ohiturak aldatu eta finkatzeko egokiak izatea da helburua.

Bi motatako ariguneak egongo dira:

  • Barne funtzionamenduko guneak (Entitate barruko taldeak dira)

  • Kanpo harremanetarako guneak (Herritarrekiko harreman espazioak dira, herritarrekin osatutako ariguneak dira. Espazio horietan 11 egunez beti egongo da belarriprest edo ahobizi bat, herritarrak euskara hitz egiteko aukera izan dezan)

 

14 entitatek eman dute izena eta 65 arigune osatu dira

Aurtengo ariketan, 14 entitatek eman dute izena eta, guztira 65 arigune zehaztu dira.

Orain artean izena eman duten auzoko entitateak:

  • Aizalde

  • Biharko Gipuzkoa

  • GFA-Gizarte Politika TXARA

  • Gizarte Ekintzako Zerbitzugunea

  • Intxaurrondo Hegoa IP

  • Intxaurrondo Kiroldegia

  • Intxaurrondo Kultur Etxea

  • Intxaurrondo Ikastola

  • IZBE auzo elkartea

  • Jose Ignacio Bengoetxea Harategia

  • Larrotxene Kultur Etxea

  • Lauaizeta BHI Ikastetxea

  • Mons Kiroldegia

  • Zulo Zahar Elkartea

Norbanakoak, berriz ere belarriprest edo ahobizi

Auzokoek, ariketak irauten duen bitartean, belarriprest edo ahobizi izaten jarraituko dute etxekoekin, ezagunekin, lagunekin, auzoko entitateekin... Ariketan parte hartzeko ez dute izena eman beharko, baina txapa auzoko kultur etxeetan jaso ahal izango dute azaroaren 18tik 22ra, 16:00etatik 20:30era.

Auzoa girotzeko egitarau oparoa

Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon! ariketaren hasiera ekitaldia azaroaren 22an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean, eta hurrengo egunetan hainbat jarduera eta ikuskizun antolatu dira. Abenduaren 3ko amaiera ekitaldiarekin emango zaio bukaera aurtengo edizioari.

Itzuli