Astelehenean, apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Euskaragidak aukera zabala eskaintzen du horrelako egun berezia ospatzeko. Izan ere, euskarazko kultur eta aisialdiko produkturik berrienak (liburuak, musika, jokoak...) ezagutzeko euskaragida.net weba martxan du Udaleko Euskara Zerbitzuak.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, “Parketarrak“ egitasmoa Donostiako hamaika auzotara bueltatuko da. Lehen saioak astelehenean, apirilaren 23an, izango dira, Altzan eta Morlansen. “Parketarrak” ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da.
Joxean Artze omenduko dute apirilaren 24an San Telmo Museoan Donostiako Udalak eta San Telmo Museoak. Izan ere, omenaldia egilearen unibertsoa gogora ekarriko duen ekitaldia izango da. Musika, dantza, ikus-entzuneko proiekzioak eta poesia uztartuko ditu, parte hartzaile ezberdin askoren eskutik ordubete inguruko iraupena izango duen ikuskizuna eskaintzeko.
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, Euskaraldia, 11 egun euskaraz gauzatuko dugu Euskal Herri osoko hainbat herri eta auzotan. Donostian ere Euskaraldia burutuko da hiri osoan eta, nola ez, auzoetan. Hori dela eta, hainbat auzotan Euskaraldiaren aurkezpena egingo da hurrengo egunetan.
Europako Hizkuntzen Mapa Tabakalera eraikinaren kanpora itzuli da, baina oraingoan brontzezkoa da eguraldiaren gorabeherei aurre egiteko. Donostiako alkate Eneko Goiak, Euskara zinegotzi Miren Azkaratek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalakek, Tabakalerako Zuzendari Nagusi Edurne Ormazabalek, Maparen egile Manex Izagirre arkitektoak eta Iñaki Rifaterra artistak eta Bagera Elkartearen ordezkari diren Zuriñe Gonzalezek eta Ainara Vazquezek inauguratu dute.
Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko ikerketak saritzen dituen lehiaketa da. Urtero, euskara eta gizartea gai hartzen dituzten ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak saritzen dira. Lanak jasotzeko epe-muga 2018ko irailaren 10a izango da.
"IKA MIZKA. Eta hik nola bizi dunk euskara? Aska ezank korapiloa" egitasmoak seigarren edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GAZTEZULOk sustatutako ekimen honetan, euskarari buruz solasean jarriko ditu Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak, zizka-mizkaz betetako mahai baten inguruan.
Altzako Bizarrain Euskara Elkarteak eta Harriberri Oletako Euskara Batzordeak dinamika berri bat bideratu nahi dute. Ekimen honen helburu nagusia da haurrek eskolatik etxerako bidean euskaraz egitea arduradunen bidez. Horretarako hainbat lelo prestatu dituzte: “Euskara praktikatu nahi duzu? Maila ertaina daukazu? Euskara ulertzen duzu, baina beldurra, lotsa edo ohitura faltagatik ez duzu hitz egiten? Animatu zaitez!”.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ireki du euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko epea. 2017ko urriaren 2tik azaroaren 17ra eska daitezke. Autoikaskutza eta barnetegien kasuan, ikastaroa hasi eta 30 eguneko epean eska daiteke.
Eskaerak on line egin daitezke honako webguneetan www.donostiaeuskaraz.eus edo www.donostia.eus, edota Euskara Zerbitzuan edo Donostiako Udaleko UdalInfo bulegoetan.
BEITU! Nerabeei zuzenduriko hedabide digitala sortu du GAZTEZULOK. 14-18 urte bitarteko gazteentzat diseinatuta, aisialdiarekin lotutako euskarazko edukiak jasoko dituzte mugikorrean zuzenean. Zein da helburua? Gazteek aisialdian kontsumitzen dutena euskaraz eta eskura edukitzea.