Ekainaren 7an eta 8an jardunaldi irekia izango da Donostiako Carlos Santamaria Zentroko liburutegian. "Lan-eremu elebidunetan komunikatzea: nola lagundu profesional guztiei kalitatezko zaintzarako hizkuntza-gaitasuna lortzen?". Jardunaldiak Europako COMBI egitasmoaren barruan antolatu dira. Lan-eremu elebidunetan komunikatzeko gaitasunak aztertu eta garatu nahi dituen egitasmoa da. Egitaraua ikusteko edo izena emateko, sakatu hemen.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Urtxintxa Eskolak elkarlanean antolatuta, 3-9 urte bitarteko haurrentzako jolasak egingo dira ekainaren 3an, larunbata, 17:00etan Bulebarreko kioskoaren ondoan. Txantxariak izeneko saioan, zuzeneko musikaren laguntzaz, bertara joaten diren haurrek eta familiek hamaika jolas eta jardueretan doan parte hartzeko aukera izango dute.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 185.400 € bideratuko ditu lau proiektu estrategiko diruz laguntzeko: Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen ekimenak, Mintzanet egitasmoa, Irutxuloko Hitza astekaria eta webgunea, eta Hamaika Donostia Telebista.
Bagera elkarteak 25 urte egin ditu tokiko kultura sustatu, bultzatu eta ezagutaraziz, eta orain arteko ibilbidea aitortu eta aurrera begira jartzeko probestu nahi dute urteurren urtea.
Urtero bezala, Donostiako AEK-k euskarazko eslogan lehiaketa antolatu du euskara ikasle zein euskaldun ororentzat. Euskarazko sormena lantzea du helburu; izan ere, erdaraz pentsatutako goiburu edo esloganak nagusi baitira egun publizitate arloan. Lehiaketa honetan, ingurumena zaintzearen aldeko esloganak osatu beharko dituzte partaideek. Saria: Mahala baserriko produktu naturalez osatutako saskia. Ekainaren 11 arte egongo da lanak bidaltzeko aukera.
28. Donostiako Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren sari-emate ekitaldia maiatzaren 27an izango da, eguerdiko 12:00etan, Udaletxeko Udalbatza Aretoan. Bertan irabazleei eta haien lanei protagonismo berezia emango zaie musika, bertso eta sorpresez beteriko ekitaldian. Edonork bertan izateko aukera izango duen arren, komeni da Euskara Zerbitzura aldez aurretik deitzea lekua hartzeko, Udalbatza aretoak leku mugatua baitu.
Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-ren obra osoa digitalizatu du Jakinek, eta atari batean bildu ditu testu guztiak. Pentsalari «poliaitzindariaren» ia 2.000 dokumentu jarri dituzte eskuragarri
IZARRAK PLAZARA 2017 ekimeneko emanaldiak izango dira asteburu honetan, OlatuTalka jaialdiaren barruan. Maiatzaren 20an, Aiete Kultur Etxean eta Kontadoresen, arratsaldeko 17:00etan, 5-11 urte bitarteko parte hartzaileek eskainiko dizkigute bere ikuskizunak. Maiatzaren 21ean, 11:00etan OlatuTalkak kaian jarriko duen agertokian, berriz, 12-17 urte bitarteko gazteen ikuskizunak izango ditugu.
Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu dute PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko.
Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna da, eta hori ospatzeko jarduera bereziak antolatu dituzte hilaren 18tik 22ra Aquariumek, Donostiako Elizabarrutiko Museoak, Museum Cemento Rezolak, Real100 Museoak, San Telmo Museoak, Tabakalerak eta Untzi Museoak.