Albisteak

"Euskaraldia, 11 egun euskaraz Donostian" ekimena aurkeztu dute

“Euskaraldia 11 egun euskaraz Donostian” ekimena aurkeztu zuten larunbatean Donostiako udaletxeko batzar-aretoan. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra aurrera eramango den jarduera aurkeztu zuten Eneko Goia Donostiako alkateak, Miren Azkarate zinegotziak eta Aitziber Gurutzeaga Bagera elkarteko kideek.

Erronka 2018ko bukaeran ahalik eta herritar gehien 11 egunez euskaraz hitz egiten jartzea da. Ahobizien (euskaldunen) erronka izango da euskaraz hitz egitea ahal duen egoera guztietan eta Belarriprestena, berriz, euskara ulertu baina hitz egiteko gaitasunik ez dutenez, dakienari euskaraz egiteko gonbita egitea, hizketa elebidunak sortuz.

Hori guztia bideratzeko, Donostiako Udala elkarlanean ari da Bagera elkartearekin, Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak luzatutako proposamenari heltzeko. Izan ere, euskararen erabilera areagotzeko hizkuntza ohituretan eragin behar da eta horretarako lankidetza oso garrantzitsua da.

Donostian ez ezik, Euskal Herri mailan ere garatuko da Euskaraldia. Erabilera sustatzeko azken urteetan elkarlanean egindako jarduera garrantzitsuena izango da: toki erakundeen eta nazio mailako erakundeen arteko elkarlanean; gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko elkarlanean; eta euskalgintzaren eta bestelako esparruetan dabiltzan eragileen arteko elkarlanean.

 

 

Itzuli