Albisteak

"Oporretan euskaraz" udalekuak hasi dira

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak uztailean antolatzen duen “Oporretan “Euskaraz” udalekuetan 826 haur ari dira parte hartzen 78 taldetan banatuta. Udaleku hauek haurrek aisialdian euskara erabiltzeko ohitura lantzea dute helburu. Haurrek euskaraz disfrutatzen dute, hizkuntza kalean eta egunero erabiltzeko baliagarria dela konturatzen dira eta, era berean, ekimen erakargarri batean parte hartzen dute.

Mota guztietako jarduerak egiten dituzte: hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, hizkuntz jolasak, tailerrak, txapelketak, jolas kooperatiboak edota eskulanak, ingurumena lantzen dute... Horrela, jolas giro horretan, hizkuntza erabili eta hobetu egiten dute haurrek, beraien hiztegia eta lengoaia egituraketa aberastuz doa, eta aisialdian euskaraz egiteko joera eta motibazioa lantzen dute. Hitz batean esanda, haurrek aisialdian euskaraz disfrutatzen dute.

Uztailean zehar Donostian egiten diren beste hainbat ekintzatan ere parte hartzen dute. Aurten adibidez, besteak beste, Kirol Patronatuarekin eta Pilota Federazioarekin elkarlanean, “Pilota jokoa” ekimenean parte hartuko dute haurrek, San Telmo museoan “Altxorrak daude hemen” ekintzan eta Cristina Enean “Munduko animaliekin jolasean”-en.

Udaleku hauek uztailean zehar egiten dira astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era. Gainera, astean behin, egun osoko irteera izaten dute haurrek (Haur Hezkuntzakoek izan ezik), 9:30etik 17:30era bitartean. 4 urtetik 12 urte bitarteko haurrek parte hartzen dute eta hiriko edozein bazterretan aurkitu daitezke egunotan “Donostia, Euskararen Hiria” bisera zuria jantzita, euskaraz biziz.

Informazio gehiago

 

Itzuli