Albisteak

"Parketarrak" egitasmoa, berriz ere, burutuko da 11 auzotan

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, “Parketarrak“ egitasmoa Donostiako hamaika auzotara bueltatuko da. Lehen saioak astelehenean, apirilaren 23an, izango dira, Altzan eta Morlansen. “Parketarrak” ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da.

Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Horrela, egitasmo honen bigarren txandak apirilaren 3an hasi eta maiatzaren 29a bitartean iraungo du eta Donostiako plaza eta parke anitzetan jolasak antolatuko dira. Egitasmo hau doan eskainiko da.

Egitasmoaren arrakasta ikusita, aurten ere 11 auzotan egingo da: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erriberak, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Morlans. Donostiako hamaika auzo horietan Euskara Batzordeak sortu dira eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta, horretarako, “Parketarrak” ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

Parketarrak maiatzean eta urrian antolatuko dira

Horrela, urte osoan zehar, hiru txanda edo ekinalditan banatuta, aipatutako Donostiako hamaika auzotan eramango da aurrera ekimena: martxoan, maiatzean eta urrian. Maiatzeko txandak bost saio izango ditu eta urrikoak lau. Saio bat 3-5 urte bitarteko haurrentzat izango da eta, bestea, 6-9 urtekoentzat. Bukaerako taulan azaltzen dira lehenengo txandako egunak eta lekuak.

Egitaraua

 

Itzuli