Albisteak

Udalak haur eta gaztetxoen eskolaz kanpoko euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak antolatu ditu

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak antolatuko ditu aurtengo ikasturte ezohiko honetan. Haur eta gazteen aisialdian, arnasguneak sortu eta euskarari lekua egiteko premia dago, haur eta gazte askok euskararekin duten harreman bakarra akademikoa baita. Hori dela eta, Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen erabilera eskolaz kanpo sustatzeko egitasmoak antolatzea erabaki du, bizi dugun egoerara egokituta eta behar diren prebentzio-neurriak hartuz.

Aste honetan jada, Parketarrak izeneko egitasmoa eskaintzen hasi da hiriko hamabost auzotan: Gros, Antigua, Altza, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Amara, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Martutene eta Ibaeta. Egitasmoari esker, haurrak kalean eta parkean euskaraz aritzen dira jolasean.

 

Covid 19 dela eta, prebentzio-neurriak hartuko dira

Udaleko Euskara Zerbitzuak “Parketarrak“ egitasmoa egokitu behar izan du eta horrek zenbait ezaugarri eta baldintza aldatzea ekarri du. Aldaketa horiek egitea ezinbestekoa izan da haurren, familien eta hezitzaileen osasuna arriskuan ez jartzeko. Antolatzaileek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte: haurrei tenperatura hartu eta eskuak garbiaraziko zaie jolasean hasi aurretik; talde bakoitzean bederatzi haur ariko dira gehienez; taldeak ez dira nahasiko; distantzia soziala mantenduko da eta 6-9 urte bitarteko haurrek musukoa erabiliko dute.

 

Haurrak Beti Jolasean, urritik aurrera, jolas eremuan edota on line

Udaleko Euskara Zerbitzuak, bestalde, Haurrak Beti Jolasean egitasmoa antolatuko du urritik ekainera. Jarduera hori eskola eremuan antolatzen da, bazkaldu eta gero, edota eskola bukatu ostean. Aurten, Covid 19 dela eta, eskaintza egokitu egin da: jolasak eskola eremuan egingo dira hasiera batean, baina egoera dela eta, bertan biltzeaedo jolastea debekatuko balute, on line bidezko saioak( aurrez aurre telematikoak) antolatuko lirateke.Jon Insausti kultura eta euskara zinegotziaren esanetan “haurrei euskara erabiltzeko guneak eskaintzea da garrantzitsuena. Udan on line bidezko saio ludikoak antolatu genituen modu pilotuan eta emaitza positiboak eman zituen. Horri esker, Haurrak Beti Jolasean egitasmoa jolas eremuan edota on line aurrera eramateko prestatu dugu”.

 

17 kirol elkartek KEES metodologia ezarriko dute euskara erabiltzeko entrenamenduetan

Kirola ere aisialdirako eremu garrantzitsua da haur eta gazteentzat, eta Udaleko Euskara Zerbitzua lanean ari da euskararen presentzia areagotzeko bertan. Udaleko Euskara Zerbitzuaren KEES ( Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) egitasmoari esker, Donostiako 17 kirol elkartek ( Añorga KKE, Askatuak SBT, Egiako Eskubaloi Taldea, Fortuna KE, Atletiko SS, Bera Bera, Easo SBT, Judo Club SS, Gros Xake Eskola, Ur-Kirolak, Groseko Indarra Surf taldea, Konporta K.E, Martutene KE, Donostia Gimnasia Erritmikoa, Irutxulo sub urpekariak, Tximeleta eta Reala-Atletismo saila) 2020-2021eanentrenamenduak euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute. Kirol elkarte horietako 147 taldetan euskara izango da entrenamendurako hizkuntza, eta horri esker, ia bi mila haurrek euskaraz entrenatuko dute.

Itzuli