Albisteak

Xare programaren edizio berriak aurrera egingo du azaroaren 15etik abenduaren 17ra bitartean

Iaz Covid-19a dela-eta txanda-pasa egin ostean, XARE jardunaldiak aurten berriz ere martxan da formatu berritu batekin. Duela bi urte, zazpi bat ikastetxetako 500 gazte inguruk hartu zuten parte goiz batez EHUren Donostiako egoitzan antolatutako edizioan. Aurten ordea, 13 ikastetxetan antolatuko da modu deszentralizatuan.

13 ikastetxetako DBHko 4. edo Batxilergoko 1. ikasmailetako ia 1.000 gaztek hartuko dute parte. 7 lantegi praktiko ezberdin eskaini dira eta ikastetxe bakoitzak ikasle kopuruaren arabera bat edo bi aukeratu ditu. Lantegiez aparte, Moodle online ikaskuntza plataformaren bidez bi saio eskainiko dira, bata sarean pribatutasuna zaintzearen gainekoa eta bestea, online harremanak izateari buruzkoa. Bi saiook euskarazko kultura digitalarekin loturiko proiektuen bideo-aurkezpen laburrez osatuko dira. Ikastetxeetan egingo diren lantegietan Covid-19aren aurreko beharrezko segurtasun neurriak hartu dira.

7 lantegi praktiko ezberdin eskaini dira eta ikastetxeek, ikasle kopuruaren arabera, bana edo bina aukeratu dituzte. Ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izanen du. Sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte lantegiak. Honako hau da eskaintza:

  • Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
  • Podcast (Dj Makala)
  • Argazkilaritza mugikorrarekin: instagram baino gehiago (Oier Fuentes)
  • Appinventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
  • Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
  • 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
  • Memeak: umorezko mezu sinpleak dira, kultura digitalaren ezinbesteko edukia, are gehiago nerabe eta gazteen artean. (Ion Celestino)

 

2 saioko ikastaroa Moodle bidez

Jardunaldiak aurten dakarren berrikuntza nabarmenena on line eskainiko den bi saioko ikastaroa da. Horretarako, Moodle on line ikaskuntza plataforma librea erabiliko da. Bi saio IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartaraziko dute, eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere. Saioak 4-5 minutuko hainbat bideo-pilulek eta haiekin lotutako ariketek osatuko dituzte. Saio batean Maider Likonak (Gipuzkoako Software Askea) Pribatutasuna Sarean gaia jorratuko du. Eta bestean, Ane Ortizek (Emaize Sexologia Zentroa) Harremanak 3.0: like bat eman .

 

IKTak eta euskara lotzeko premia

Euskarak azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologien alorrean aurrerapauso nabarmenak egin dituen arren, euskararen presentzia urria da oso esparru honetan. Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak adierazi duenez “Interneten eta ingurune digitalean orohar, euskarazko edukiak areagotzeko ekimenak beharrezkoak dira. Euskarazko tresna teknologikoak egon badaude, baina horiek ikusgarriago egitea eta ezagutzera ematea garrantzitsua da oso, batez ere gazteen artean”

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren ekimenez abian jarritako egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso du.

Itzuli