Albisteak

XIX. Donostia Antzerki Saria Vaiven Producciones konpainiaren “Sherezade eta tipularen azala” antzezlanarentzat

Sherezade eta tipularen azala antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XIX. Donostia Antzerki Saria. Lan hori da 2018an helduentzako Donostian antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena.

Vaiven Producciones konpainiak 12.000 euro jasoko ditu eta Andrés Nagelen artelana. Aurtengoarekin, Vaiven Producciones konpainiak Donostia Antzerki Saria jasotzen duen bigarren aldia da, 2002. urtean ere irabazi baitzuenLotsagabe lanarekin. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta, ondoren, Zazpi Senideko antzezlana eskainiko da, bigarren sailkatu zen lana, hain zuzen ere.

Ohikoa izaten ohi da sari-emate ekitaldia eta gero, Donostia Antzerki Saria irabazi duen antzezlana eskaintzea, baina aurten ez da horrela izango. Vaiven Producciones konpainiak ikuskizuna bukatutzat eman zuen eta ezin izan du berreskuratu martxoaren 27ko ekitaldirako. Gauzak horrela, eta Donostia Antzerki Sariaren oinarriei jarraituz, epaimahaiaren erabakiz bigarren sailkatu den Zazpi senideko lana antzeztuko da.

 

2018an 16 antzerki-lan eta 7.544 ikusle

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Donostia Kultura ahalegin berezia egiten ari dira euskarazko antzerkigintza sustatzeko. Datuek agerian uzten dute ahalegin hori: 2018an Donostian helduentzako 16 antzerki lan eta 45 emanaldi eskaini dira eta guztira 7.544 ikusle izan dira emanaldi horietan. Antzezlan horietatik, 12 dira Donostia Antzerki Sarian parte hartzeko baldintza betetzen zituztenak, hots, konpainia profesional batek antzezlana lehendabiziko aldiz Donostian eskaintzea.

Izan ere, Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, adostutako hitzarmena dela medio, euskarazko antzerkiaren eskaintza zabala eta egonkorra izatea lortu da azken urteotan, betiere kontuan hartuta zein den euskarazko urteko ekoizpena. Bi erakundeon elkarlanari esker, urtean zehar Donostia Kulturaren antzoki eta guneetan euskarazko antzerki lanak kontratatzen dituzte.

 

XIX. Donostia Antzerki Sarian parte hartu duten lanak

LANA

TALDEA

ERGELA

TXALO

TXARRIBODA

HIKA

SHEREZADE ETA TIPULAREN AZALAK

VAIVEN PRODUCCIONES

DUBLINDARRAK

ADOS TEATROA

HERIOTZA BIKOITZA

ZE ONDA

ZAZPI SENIDEKO

AXUT

SANTXOREN ANAIA

LAURENTZI PRODUKZIOAK

STRIP-TEASE

JOKIN OREGI, MIREIA GABILONDO, GARBI LOSADA Y FERNANDO BERNUÉS

ERLAUNTZA

VAIVEN PRODUCCIONES

ZOAZ PAKE SANTUAN

TXALO PRODUKZIOAK

IZOZTUTAKO HAIZEA BEZALA

TANTTAKA

TOMIRIS

ATX TEATROA

 

“Sherezade eta tipularen azalak”, testu poetikoa duen lan ederra

Donostia Antzerki Sariko epaimahaiak 19. edizio honetan saritu duen Sherezade eta tipularen azalak Vaiven producciones konpainiaren antzezlana oso gai sakona lantzen duen antzezlana bada ere, modu arinean kontatzen du eta epaimahaiak hainbat arrazoi eman ditu lan hau saritzeko.

Epaimahaiak oso testu poetikoa eta ederra dela azpimarratu nahi du, eta antzezlanean lan metaforikoa egiten dela. Antzezleen lana ere oso ontzat jo du epaimahaiak, gorputz adierazpena izugarri lantzen dute eta lan fisiko ikaragarria egiten baita.

Era berean, agertokian oso elementu gutxi azaltzen badira ere, denak oso ondo erabiltzen dira eta zentzu handiz, berrerabili egiten dira eta. Halaber, arriskuak hartu dituen antzezlana izan arren, oso ondo bideratu dute eta ausarta da benetan.

Euskararen erabilerari dagokionez, bestalde, epaimahaiak dio oso euskara egokia erabili dutela eta itzuli den lan bat bada ere, oso itzulpen ona egin dela, literarioa da eta.

 

XIX. Edizioko epaimahaikideak

  • Joseba Usabiaga (Euskal Aktoreen Batasuna)
  • Silvia Manzana (EHAZE)
  • Frank Suarez (Euskal Kultur Erakundea)
  • Oihana Maritorena (AISGE)
  • Karlos del Olmo (Itzultzaile-idazlea)
  • Zuriñe Maguregi (Publikoaren ordezkaria)
  • Unai Etxebeste (Publikoaren ordezkaria)

 

Donostia Antzerki Saria jaso duten lanak

 

2018: Mami Lebrun (Xake Produkzioak)

2017: Francoren bilobari gutuna(Le Petit Théâtre de Pain & Artedrama & Dejabu)

2016: Maitasunaren ostean, maitasuna (Ados Teatroa)

2015: Arrastoak (Dejabu Panpin Laborategia)

2014: Lingua Nabajorum (Tartean Teatroa)

2013: Publikoari gorroto (Huts Teatroa)

2012: Gure bide galduak (Dejabu)

2011: Errautsak (Le Petit Théâtre de Pain & Artedrama & Dejabu)

2010: Aitarekin bidaian (Hika Teatroa)

2009: Juglarea, puta eta eroa (Le Petit Théâtre de Pain)

2008: Emakumeak izarapean (Tanttaka Teatroa)

 

Andres Nagelen artelana sarituarentzat

Andres Nagel eskultore, margolari eta grabatzaile donostiarraren artelana jasoko dute sari gisa Donostia Antzerki Sariko irabazleek. Artelan honetan, Maqueta 2º izenekoan, Robert Smithsonen Malecón en espiral gogorarazten digu. Era berean, Alice Aycocken arkitekturarekin eta Charles Simonds inoiz existitu ziren eraikinetarako maketen antza du.

 

 

Itzuli