Donostiako Euskararen Plan Orokorra 2015-2019

Tokiko Gobernu Batzarrak 2015eko apirilaren 24an onarturiko Planak, euskara normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko Udalaren hizkuntza politikaren neurri proposamenak jasotzen ditu,  euskararen bilakaeraren indarguneak baliatuz eta ahuleziak zuzenduz.

Plan hau Donostiako Udalak hirian euskararen erabilerari bultzada emateko indarrean izan dituen planei jarraitutasunez erantzuteko diseinatu da  modu parte hartzaile, planifikatu, integral eta iraunkorrean.  2015-2019 epealdirako gidari izango den plan marko hau urtez urteko ekintza planetan gauzatuko da. Plan honetan, Donostiako Udalaren nahia ez ezik, Donostiako eragileena, auzoetako batzordeetako kideena, Euskararen Aholku Batzordeko kideena eta prozesuan parte hartu duten norbanakoena ere jasotzen da.

 

Helburu nagusia euskararen erabilera indartzea da

Planaren bitartez Donostian euskara guztiz berreskuratzeko eta zabaltzeko bidean aurrera egin nahi da, Udalaren eskumenetan arituz eta hizkuntzaren normalizazio prozesuan esku hartzen duten gainerako erakundeekin koordinatuz eta lankidetzan arituz.

Plan honen helburu nagusia euskararen erabilera indartzea da donostiarrei euskaraz bizitzeko baldintzak eskainiz, sentsibilizazioa bultzatuz eta euskaraz ez dakitenak euskalduntzera erakarriz.

Bide honetan aurrera egiteko hiru helburu estrategikotan dago egituratua plana,: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura. Aldi berean, plana gauzatzeari begira, helburu estrategiko bakoitzak hainbat esparru biltzen ditu bere baitan:

1. Euskararen jabekuntza

  1. Familia bidezko transmisioa.

  2. Irakaskuntza.

  3. Euskalduntze-alfabetatzea.

 2. Euskararen erabilera

  1. Administrazioa.

  2. Arlo sozioekonomikoa: merkataritza eta ostalaritza.

  3. Aisia eta kirola.

3. Euskararen elikadura

  1. Kulturgintza.

  2. Corpus plangintza eta euskararen kalitatea.

  3. Hedabideak.

Helburu estrategikotzat jo diren jabekuntza, erabilera eta elikaduraren ondoan badira hauek elikatzen dituzten beste jarduera mota batzuk ere, hizkuntza plangintza integral batek kontuan izan behar dituen zehar lerroak:

10. Euskararen aldeko motibazioa

11. Euskararen zabalkundea.

12. Auzoetako plan integralak

Plana gauzatzeko zutabe nagusi izango dira auzoetako plan integralak, izan ere, Donostiako Euskararen Plan Orokorra auzo eta herri bakoitzaren egoera eta beharretara egokituta inplementatzeko oinarrizko tresna izango baitira.

Donostiako Euskararen Plan Orokorra egituratu eta diseinatzeko Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) hartu da kontuan.

 

Datozen urteetarako lehentasunak

Auzoetako plan integralak ugaritzen eta indartzen joatea

Euskararen Plan Orokorra hiriko auzo eta herrietako bizitzaren ezaugarri propioetara hurbildu eta etengabe egokitzen joatea beharrezkoa da. Horretarako, ahalik eta auzo gehienek euskararen erabilera normalizatzeko bere plan integrala izatea da asmoa, bakoitzak bere errealitatera egokitutako helburu zehatzak finkatuz eta urtez urteko ekintza planak garatuz. Horretarako, gizarte eragile desberdinez osatutako Euskara Batzordeak auzo guztietan eratzen joatea sustatuko du Udalak beharrezko baliabideak eta laguntza eskainiz.

Aisian, kirolean eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzea

Kaleko erabilera indartzea estrategikoa dela iritzi dute planaren diseinuan parte hartu duten eragileek eta Udalak. Horretarako, kirola, aisialdia, merkataritza eta ostalaritza lehentasun osoko esparruak dira esku hartzerako garaian.

Aisialdia eta kirolari dagokionez, hiriko euskarazko eskaintza areagotzea izango da egiteko nagusia. Horretarako, hiriko kirol talde zein aisialdi elkarte eta enpresetan eragitea garrantzitsua izango da.

Arlo sozioekonomikoan berriz, orain arteko lan-ildoan sakonduko da, hau da, hiriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko ekimenak diseinatzen jarraituko da, sektoreko profesionalek zein herritarrek euskaraz egin ahal izateko erraztasunak eskainiz eta lehen hitza euskaraz egiteari garrantzia emanez.

Euskararen ezagutza areagotzen jarraitzea

Euskararen erabileran aurrera egiteko euskal hiztun gehiago behar da. Eta nahiz eta azken urteetan Donostiako euskaldun kopurua handitzen joan, batez ere gazteei dagokienean, oraindik ere, euskalduntze-alfabetatze prozesua sustatzen jarraitu behar da euskara ikasteko baliabideak eskainiz eta, ahal dela, areagotuz. Ildo horretan ahaleginak egiten jarraitzeko asmoa du Udalak.

Bestalde, familia bidezko euskararen transmisioa ziurtatzea oso garrantzitsua denez, sentsibilizazio ekintzak aurrera eramateko estrategia garatuko da.

 

Euskararen Plan Orokorra garatzeko Euskara Zerbitzuak aurreikusten duen estrategia

Plana garatzeko ondorengo oinarriak izango ditu kontuan Euskara Zerbitzuak:

1. Egin bai, baina eragin gehiago

Egitearen eta eragitearen arteko osagarritasuna bilatu behar du Euskara Zerbitzuak plan hau gauzatzerakoan. Bata eta bestea egin behar ditu, noski, baina aurrerantzean eragiteari garrantzi handiago eman behar zaio. Euskara Zerbitzuari dagokio beste udal ataletan eragitea jarduerak euskaraz egin ditzaten edo euskaraz lan egin dezaten, baita entitate zein erakunde pribatuetan eragitea ere, hauek euskararen normalizazioa bere eguneroko jardunean bereganatua izan dezaten.

2. Gazteak hizkuntzaren normalizazio prozesuan giltzarri dira

Egungo donostiar gazte gehienek euskara dakite eta adin tarte honetan eragitea garrantzitsua da hizkuntz ohiturak finkatzeko. Gazteen ikuspegia eta errealitatea kontuan hartuz, beraiei zuzendutako ekintzak landuko dira.

 

3. Udalaren eskumenak kontuan hartu eta erakundeen arteko koordinazioa landu behar da

Erakunde publiko guztiek parte hartzen dute hizkuntzaren normalizazio prozesuan, bakoitzak bere mailan. Zentzu horretan, donostiarren hizkuntza eskubideetan eragina izan dezakeen edozein egoeraren aurrean, Udala dagokion erakundearekin harremanetan jarri eta egoera horri aurre egiten saiatuko da, nahiz eta Udalaren eskumenekoa ez izan. Horretarako erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa landuko da.

 

4. Plan planifikatua eta malgua izango da

Planaren eragin aldia 2015-2019 izango bada ere, kudeaketa urtez urteko ekintza planen bitartez gauzatuko da. Dena den, azpimarratzekoa da plana irekia eta malgua dela eta hori, batik bat, ebaluazio jarraituak emango du, hau da, etengabeko segimenduak adierazten duenaren arabera, beti egongo da egokitzapenak eta doikuntzak egiteko aukera.

 

5. Plan Orokorra diseinuari dagokionez eta tokian tokikoa inplementazioan

Oso garrantzitsua izango da Plan Orokorraren helburu eta ekintza orokorrak hiriko auzo eta herrietako bizitzaren ezaugarrietara etengabe egokitzea.

 

Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2015eko apirilaren 24an onartutako

Donostiako Euskararen Plan Orokorra 2015-2019

 

Itzuli