Donostiako Jaiak

Donostian, urtean zehar, jai ugari ospatzen dira. Atal honetan jai horietako batzuen informazio interesgarria eman nahi dizuegu:  historia, datak, kantutegia eta abar.

 Gure izaeraren ezaugarri nagusietako bat alaitasuna omen da. Jaiak eta egun bereziak, eta baita lagun arteko topaketak ere, sarritan izaten dira dantzan eta kantuka aritzeko une aproposak. Aspalditik datorren ohitura horrek belaunaldiz belaundaldi iraun du eta hizkuntzaren aberastasuna mantentzen lagundu digu.

Hemen aurkituko dituzu Donostian ospatzen diren jaietako batzuk eta egun horietako kantuetako letrak eta hainbatetan baita partiturak ere: Danborrada, Santa Ageda, Kaldereroak, Inudeak eta artzaiak, Inauteriak, Aste Nagusia, Euskal Jaiak, Santo Tomas.

 

 

Erlazionatutako estekak

Aste Nagusia

Aste Nagusia, beti, abuztuaren 15a barne hartzen duen astean ospatzen da, larunbatetik larunbatera.  Egun horietan hiri osoa festaz janzten da eta jendea erakartzeko ehunka ekitaldi aurki daitezke.

Donostiako Aste Nagusia XIX. mendearen erdialdean sortu zen, garai hartan uda Donostian igarotzen zuen goi-mailako turismoa entretenitzeko premia asetzeko.

Garai hartako ikuskizun nagusia zezenketak ziren eta “Aste Nagusia” izena jaialdi horien publizitate-eslogan gisa sortu zen José Arana zezenketen inguruko enpresaburuaren eskutik.

Ikuskizun hori musika-banden kontzertuekin eta su artifizialekin osatzen zen, hauek ikusi nahi zituzten bisitariak gaua hirian pasatzera gonbidatuz. Horrela, Donostiak beste turismo mota bat aurkitu zuen: egonaldi labur eta jendetsuen turismoa.

Horrela sortu zen Aste Nagusia gaur egun ezagutzen dugun bezala. Bertan alderdi herrikoia eta, estetika eta kultur aldetik, kalitate handiko ikuskizunak uztartzen dira.

Aste Nagusiko Egitaraua eta Kartela

Euskal Jaiak

Euskal Jaiak irailaren lehen hamabostaldian ospatzen dira, Kontxako estropadak burutzen diren asteburuak barne hartuz.

Egun horietan euskal kirol ezagunenen lehiaketak eta erakustaldiak egiten dira. Euskal kulturarekin lotutako ekintzak dira.

Euskal Jaieetako historia, kartela, egitaraua eta gehiago, ...

 

Santo Tomas

San Tomas festa egun bakarrekoa da: abenduaren 21ekoa. Egun horretan Donostia landa-merkatuan eraldatzen da, eta txistorra da protagonista nagusia. Postu ugari ezartzen dituzte. Bertan janari, eskulangintza eta beste hainbat motatako produktuak erosi ahal izaten dira.

Feriako protagonista txistorra da, eta honen irudi gisa, txerria. Urtero, Konstituzio plazan ezartzen dute txerria nahi duen guztiak ikusteko.

 Santo Tomas festaren inguruko historia, egitaraua, etab.

Donostiako Danborrada

Donostiako Danborrada, San Sebastian egunez ospatzen da, urtarrilaren 20an.

24 orduz Sarriegiren doinuak danbor eta upel kolpeekin batera entzuten dira Donostiako eta bere auzo guztietako edozein kale bazterretan.

Danborradaren historia

Danborradaren doinuak

Danborradaren letra, partiturak, e.a.

Danborrada eguneko egitaraua

Kaldereroak

Kaldereroak.jpg

Donostiako kaldereroak

Donostiako inauteri zaharretik datozkigun jaien artean maitatuenetako bat dugu Kaldereroena. Momo jainko festazalearen ordezkari hauek gerturatzen ari den inauteriaren berri dakarkigute hiriko kaleetara, pertza eta zartagin burrunbarekin batera. Eta kaldereroekin batera udaberriaren lehen zantzuek esnatu berri duten hartza dator, neguko zoko goxoaren goroldio usaina alde batera utzita.


Kaldereroen konpartsako historia, kantak, etab. hemen aurkituko dituzu.

Inudeak

Inude eta artzainen eguna, Donostian, Kaldereroen jaiaren hurrengo igandean ospatzen da: konpartsa batek kaleetan zehar desfilea egitean datza jaia. Garai batean menditik jaisten ziren artzainek eta hiriko inudeek elkarren artean neskatan edo mutiletan nola egiten zuten irudikatzen du ospakizun horrek.

Inudeen konpartsako historia, kantak, etab. hemen aurkituko dituzu.

Santa Ageda

Makila handi-handiak esku artean, iraganetik jasoriko kopla zaharrak ezpainetan eta eskean jarduteko hitz dotoreak airean... Santa Ageda bezpera.

«Santa Ageda bezpera degu Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna...». Toki bakoitzeko aldaerak aldaera kopla horrexekin bertaratzen dira aterik ate Santa eskean ari direnak.

Etnologoen arabera nekazari giroko negu gordinetan sorturiko ospakizuna da Santa Ageda bezperakoa, eta zenbaitzuk inauteriekin lotzen du- te. Makila handien hotsak zein Santa Agedaren ohorez egiten diren eta egin izan ohi diren hainbat ospakizunek, mundu ikuskera berezkoaren aztarnak gordetzen dituztela diote.

 Hemen aurkituko dituzu Santa Agedako kantak eta gehiago

Inauteriak

Donostiako inauteriak 1814 urtetik ospatzen dira, lehenengo erreferentzia historikoen arabera. Garai hartan lagun taldeek antolaturiko inauteria da, konpartsetan antolaturik eta erakunde ofizialetatik at. Hasierako urte haietan Jose Bizente Etxegaraik eta Raimundo Sarriegik inauterietarako idatzitako pieza bereziak egiten dituzte, konpartsek erabili eta herritarrengan inauteri giro kutuna sortzen lagunduko dutenak. XIX. mendearen erdialdean bukaeran indartu zen ospakizuna izan zen, konpartsa eta karrozen desfileekin

Inauterietako historia, musika, etab. hemen aurkituko dituzu.

Itzuli