Donostiako historiaren hainbat argitalpen

Donostiaren historia (Miguel Artola)

Donostia, Gipuzkoako lehen hiribildua, Antso VI.a Jakintsuak sortu zuen 1180 urtean. Hortik abiatu eta azken hamarkadak bitarteko historia jasotzen du liburu honek.
Miguel Artolaren gidaritzapean espezialista talde batek idatzi zuen liburuaren laburpena da honako hau. Elena Legorburuk egina. Liburu hartan gaztelaniaz luze kontatzen zigutena, honetan laburrago eta euskaraz kontatzen da.

Euskal Herriaren historia *itsasoz* eta *burdinaz* egina baldin badago, Donostiaren historian itsasoak eskaintzen dituen aukera guztiak daude bilduta. Itsasorako eta merkataritzarako senak sorrarazi zuten Donostia, eta itsasoak eta merkataritzak tankeratu dute, mendez mende, donostiarren bizimodua. Merkatariak, kapitainak, eta kortsarioak berdin-berdin abiatu ziren itsasoetan barrena eta negozioetan barrena, bi zeregin horiek ez izanik beti etekin handikoak, baina bai arrisku handikoak. Gizon haien asmoek eta ausardiak argi-ilunez mugarritu zuten Donostiaren bilakaera, eta kemenez landu zuten hiri horren alderdirik ausartena.

XIX. mendean zehar, ozeanoaz bestaldeko bidaldiak bakanduz joan ziren, Amerikako koloniak burujabe egin ziren heinean. Harrezkero, itsasoz haraindiko abenturak ezin zitezkeen Pío Barojaren liburu gogoangarrienetan baizik goza. Baina donostiarrek ez zuten etsi, ez zituzten beren balentriak iraganera mugatu nahi izan. Itsasoaren ertzak berak bultzatu zituen itsasoaz baliatzeko modu bareago bat aukeratzera: turismoa. Donostiak udaldiko hondartza ospetsu izateko ahaleginera bildu zituen indarrak, baina ez zuen, horregatik, merkataritzan zuen tradizio luzea inondik ere ahaztu. Ekonomiaren hainbat alor gogotik landu izanak eta kultura behar bezala bultzatu eta aintzat hartu izanak eman dio gaur egun duen itxura eta tankera Donostiari.

 

 



Donostiaren bilakaera bitxiak aspalditik erakarri izan du ikertzaileen arreta. Baina haiek denek eragozpen berbera izan dute: Wellingtonen soldaduek 1813an Donostia porrokatu zutenean artxibo guztiak erre izana. Gertaera horrek aurreko mendeetako lekukotasun nagusiez gabetu ditu historialariak, eta iturri sakabanatuetan ikertzera behartu; bide zail eta arrisku handikoan sarrarazi ditu, beraz.

Iraganarekiko interesa 1963. urtean berpiztu zen, Donostia erre izanaren CL. urteurrena zela eta egin ziren ekitaldietan. Kulturako agintariek dokumentu historiko batzuk berrargitaratu zituzten, eta historiaren zaletasuna bultzatu zuten, *Grupo Doctor Camino de Historia Donostiarra* sortuz. 1981ean, Donostiari erregeak forua eman ziola zortziehun urte bete zirela eta, gai bakarreko kongresu batek bultzada handia eman zion Donostiaren historiari. Erdi Aroa eta erakundeak izan ziren kongresu hartan gehienbat aztertu ziren alderdiak. Harrezkero, historiografiak aurrera egin du, atzera begiratuz betiere, unibertsitatearen, adituen, eta erakundeen bultzadari esker.

Donostiari buruzko historiografiak egin duen azken ekarria J. A. García de Cortázar, J. Mª Imízcoz, L. Castells, F. Luengo, P. Fernández Albaladejo, eta M. Artola irakasleei zor zaie, 2000. urtean *Historia de Donostia-San Sebastián* argitaratu baitzuten, Artola jaunaren gidaritzapean. Gaurko argitalpen hau liburu horren emaitza da. Hurrengo orrialdeetan, irakurleak liburu horren laburpen bat aurkituko du, laburra eta, laburra izanagatik, zehatza. Kapitulu bakoitza jatorrizkoen laburpena da, eta liburu hartan gaztelaniaz luze kontatuta dauden gertaerak liburu honetan euskaraz labur kontatuta daude, baina, hori bai, egileen antolamenduari eta arrazoibideari zorrotz jarraiturik.

Sei historialari horiek aldi berean landu dituzte bai ikerketarako bide abstraktuenak -boterea hartzeko estrategiak, alderdi politikoak, eredu ekonomikoak, eta presioko taldeak...-eta bai herritar soilak erraz uler ditzakeen kontuak. Kapitulu bakoitzak eskaintzen du bai garai bakoitzeko oinarrizko arazo handiak ezagutzeko bidea eta bai garai bakoitzeko donostiarren bizimoduaren berri izateko aukera, gertutik erakusten baitigu hainbat kontu jakingarri: non eta nola bizi ziren donostiarrak, zertan lan egiten zuten, nola bizi ziren emakumeak, nola dibertitzen ziren herritarrak...

Azkeneko orrialdeetan, liburuan aipatzen diren gai nagusiei buruzko bibliografia bat dago. Irakurleak haren bidez aurkituko ditu laburtu beharrez aipatu gabe utzi ditudan alderdi eta xehetasun asko. Ikerketa zehatzago bat egin nahi izanez gero, irakurleak hobe du egileek berek jatorrizko liburuan egin dituzten aipamenetara jo, liburu haren zordun baita orain aurkeztu dizuedan liburu hau.

ELENA LEGORBURU FAUS
2001eko martxoa

Erlazionatutako dokumentuak

Itzuli