Donostia Antzerki Saria

 

Euskarazko antzerki profesionala sustatzeko eta indartzeko asmoz sorturiko saria da. Urtero, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean antolatzen den ekitaldian ematen zaio saria aurreko urtean Donostian eskainitako antzerki lan onenari. Egun horretan ikuskizun saritua eskaintzen da Victoria Eugenia antzokian.

 Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Donostia Kulturaren elkarlanari esker, Donostiako ohiko antzerki programazioan euskarazko antzerkiaren eskaintza egonkortzea lortu da eta ikuskizun bakoitzetik euskarazko bi emanaldi gutxienez eskaintzen dira Donostiako antzokietan.

Sariaren ezaugarriak

Saria

12.000 € eta euskal artista baten artelan bat

Sarian parte hartzeko baldintzak
  • Donostian aurreko urtean programatutako ikuskizuna izatea
  • Euskarazko ikuskizuna izatea (testurik gabekoak ez dira sartuko)
  • Talde/konpainia profesionalek eskainitako ikuskizuna izatea
  • Helduei zuzendutako ikuskizuna izatea
  • Aretoetarako ikuskizuna izatea
Saria onartzeko baldintza

Saria onartzeak ekarriko du talde irabazlearen aldetik hiru urteko epean Donostian euskarazko ikuskizun berri bat eskaintzea.

Ordaintzeko modua

  • Saria ematen den egunean taldeari 10.000 euro ordainduko zaizkio.
  • Egun horretan eskainiko den talde irabazlearen ikuskizunaren katxeta ere ordainduko zaio.
  • Sariaren beste 2.000 euroak, euskarazko ikuskizun berria Donostian eskaini eta gero ordainduko zaizkio. Hiru urteko epea du horretarako.
Epaimahaia

-EABko ordezkaria
-EHAZEko ordezkaria
-Antzerki kritikoa
-AISGEko ordezkaria
-EKEko ordezkaria
-Antzerki alorreko ordezkaria
-Publikoaren ordezkariak (2)
-Euskara Zerbitzuko ordezkaria (idazkari lanetan, botorik gabe)
-Donostia Kulturako ordezkaria (botorik gabe)

2021eko antzezlanak

2021. urtean zehar XXII. Antzerki Sariko lanen emanaldien buruzko informazioa lortzeko, klikatu bakoitzaren gainean.

Konpromisoa                                            Urtarrilak 15-16

Anton Abaddia Dublinetik Hendaiara        Urtarrilak 22-23

Sisiforen paperak                                      Urtarrilak 28-29

Atzerrian lurra garratz                               Otsailak 26-28

Antigone edo ezetzaren beharra                Otsailak 27-28

Ama kuraia                                                Martxoak 14

Ameriketako bidaia                                   Martxoak 20

Ez dok ero                                                Apirilak 9-10

Porno vs Afrodita                                      Apirilak 17-18

Bost minutun                                            Abuztuak 12

Oymayakon: 101gela                                Irailak 9-10

Amua                                                      Urriak 1-3

Maitasunaren itxiera                                 Urriak 16-17

Lubaki lainotsua                                      Azaroak 25-26

Altsasu                                                   Azaroak 27-28

Kopaz kopa                                             Azaroak 28

Nekatutak                                              Abenduak 11

Kottauak                                                Abenduak 16-18

XXII. Donostia Antzerki Saria “Antigone edo ezetzaren beharra” antzezlanarentzat

Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko 22. Donostia Antzerki Saria. Lan hori izan da 2021ean Donostian helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena. Horman Posterkonpainiak 12.000 euro eta Oaia Peruarenaren artelana jasoko ditu sari gisa.

20 euskarazko antzezlan eskaini dira helduentzat 2021ean

2021ean, Donostia Kulturak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak euskarazko helduentzako antzerki profesionala sustatzen jarraitu zuten 20 antzezlan eskainita. Azken urteetako eskaintzarikoparoena izan zen arren, ikusleen erantzuna aurreikusitakoa baino apalagoa izan zen: 6.609 ikusle joan baitziren 45 emanaldietara, 147 ikusle batez beste emanaldi bakoitzeko. Datu horiek aztertuta, Covidaren eragina 2020an baino gehiago antzeman zen 2021ean, duela bi urte baino 3.142 ikusle gutxiago joan baitziren iazUrtean zehar antzokien edukiera murriztu izanak zeresana izan zuela argi dago.

Datuen bestelako irakurketa eginez gero, argi dago euskarazko antzerkiak Donostian publiko sendoa eta fidela duela: 2018tik hona ikusle kopurua hirukoiztu egin da emanaldi kopurua antzekoa izanda. Helduentzako euskarazko antzerki profesionalak harrera ona du euskararen hirian.

Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hitzarmena sinatu zuten 2000. urtean Donostian Antzerki Saria antolatu eta helduentzako euskarazko antzerkiaren eskaintza sustatu eta egonkortzeko. Harrezkero, urtero berritu dute hitzarmen hori eta eskaintza areagotzen saiatu dira, betiere urteko ekoizpena kontuan hartuta.

Antigone edo ezetzaren beharragatazka ebatzi gabeen begirada umoretsu eta tragikoa

Donostia Antzerki Sariko epaimahaiaren ustez, arrazoi asko dagoAntigone edo ezetzaren beharraantzezlana saritzeko.

Epaimahaiaren esanetan, Antigoneobra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea. Bertsio libre honek mendeetako gatazka ebatzi gabeak oholtzaratzen ditu, begirada umoretsu bezain tragikoz.

Antzezlan hau, jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak eta hauek guztiak kolokan jartzen dituzten pasioen salda odoltsua da. Pertsonaia poliedriko eta indartsuz hezur mamitutako festa distiratsu bat da.

Epaimahaiaren iritziz, oso proposamen ausarta da Horman Posterren lan hau. Sofoklesen obra antzeztuenetako bati horrelako egokitzapena egitea oso baliozkoa kontsideratzen dute, klasiko bat oso moderno egitea lortu dutelako, estetika izugarriarekin eta, gainera, lehen aldiz, euskarazSorkuntzatik asko duela diote. Mendeetan zehar konpondu ez diren gatazkak taularatzen dituen lana da eta zalantzan jartzen du bertan egosten ari den guztia.

Klasiko baten egokitzapen, kontakizun eta bertsio freskoa dela dio epaimahaiak. Estetika eta iruditeria zeharo zaindua du eta ezohiko lengoaia darabil: irudi indartsuak eraiki dituzte obran zehar, plastikotasun handikoak. Eszenografiako elementuen erabilera anitza egiten dute eta forma geometriko sinpleekin eszenen konposizio zabalak eta interesgarriak eskaintzen dituzte. Mugimenduak oso neurtuak dira eta abstraktuagoak diren kodeak erabiliz, ikusleari arrazoitik haragoko estimuluak pizteko saiakera bat antzematen da.

Obraren sakoneko esanahiakgaur egungo errealitateetara ekarri digu: desobendientzia, erresistentzia eta traizioa ongi tratatuak dira gaurko egoerara lotuz baina, aldi berean, alde klasiko bat azalduta eta erritmo bizi bezain geldia nahasiz. Barre egiteko aukera ere sortuko dute tragediaren ezinbesteko emaitza aurkeztean.

Aktoreen lana ona, erradikala eta librea da, umorea eta drama ongi uztartuz. Elementu gutxirekin, obrak bere helburuak lortzen ditu.

Laburbilduz, Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra lan bikaina dela adierazi du aho batez epaimahaiak.

Itzuli