Izarrak Plazara

5-17 urte bitarteko haur eta gazteen artean euskarazko sormen artistikoa sustatu eta ondo pasatzeko ekimena da.

Taldean edo bakarka, euren abileziak jendaurrean erakusteko ekimena da: musika tresnak jotzea, kantatzea, dantzatzea, antzerkia egitea, txisteak kontatzea, bertsoak kantatzea, magia egitea, zirku ikuskizunak eskaintzea...

Izarrak Plazara 2012. urtean sortu zen Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara elkartearen ekimenez, auzoko Kultur Etxeak lagunduta (Donostia Kultura) eta beste erakunde batzuen babesarekin. Aurten, berriz, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostiako Udaleko Gazteria Sailak hartu dute haien gain ekimena, eta emanaldi nagusiak Olatu Talka jaialdiaren baitan egingo dira.

Programa bi kategoriatan banatzen da, adinaren arabera: 5-11 urte bitartekoak eta 12-17 urte bitartekoak. Partaideek taldeka edo bakarka aurkezteko aukera dute eta ikuskizun originala edo moldatua izan daiteke. Ikuskizunak gehienez 5 minutukoak izaten dira eta euskaraz izan behar dute. Abilezia erakusteko musika lagungarri gisa erabiliz gero, esaterako, dantza egiteko, musika lagungarri hori edozein hizkuntzatan izan daiteke, baina euskaraz izatea hobesten da.

Izarrak Plazara 2017. Azken emanaldiak

Izarrak_plazara_txki.jpg

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

IZARRAK PLAZARA 2017 ekimeneko emanaldiak izango dira asteburu honetan, OlatuTalka jaialdiaren barruan. Maiatzaren 20an, Aiete Kultur Etxean eta Kontadoresen, arratsaldeko 17:00etan, 5-11 urte bitarteko parte hartzaileek eskainiko dizkigute bere ikuskizunak. Maiatzaren 21ean, 11:00etan OlatuTalkak kaian jarriko duen agertokian, berriz, 12-17 urte bitarteko gazteen ikuskizunak izango ditugu.

Maiatzaren 20an, arratsaldeko 17:00etan eskainiko dizkigute bere ikuskizunak 5-11 urte bitarteko parte hartzaileek. Arrakasta handia izan du ekimenak, eta bi lekutan egin behar izan dugu azken emanaldia:

Aieteko emanaldian:

12 taldek eta 49 lagunek parte hartuko dute.

Kontadoreseko emanaldian:

13 taldek eta 46 lagunek hartuko dute parte.

Beraz guztira, 25 talde eta 95 haur izango dira, bi emanaldietan. Azken hilabete honetan entseguetan aritu dira maiatzaren 20ko ikuskizuna prestatzeko. Opariren bat ere jasoko dute gainera!

Bestalde, maiatzaren 21ean, 11:00etan izango dira 12-17 urte bitartekoen emanaldiak, OlatuTalkak kaian jarriko duen agertokian.

8 talde eta 22 lagun izango dira emanaldi hauetan, aditu taldeak (Ainhoa Aierbe, Edu Muruamendiaraz eta Twin Melody) apirilaren 7an egindako castingean aukeratutakoak. Geroztik, Kontadoresen lantegi batzuk izan dituzte adituekin azken emanaldi hau prestatu eta hobetzeko.

ANIMO GAZTEAK! IKUSKIZUNA HASTERA DOA!

Antolatzaileak: Bagera Elkartea, Donostia Kultura-OlatuTalka, Donostiako Udaleko Gazteria eta Euskara Zerbitzua.

Izarrak plazara castingeko sailkatuek maiatzaren 21ean izango dute emanaldia

03.AneGomezweb.jpg

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Olatu Talka jaialdian egingo den Izarrak Plazara ekimenean parte hartu ahal izateko casting-a egin zen apirilaren 7an Kontadoresen. Bertan, izen-emandako 12-17 urteko gaztetxoek aditu talde baten aurrean euren ikuskizunak erakusteko aukera izan zuten.

Epaimahaikideak Ainhoa Aierbe aktorea, Twin Melody musika taldeko kideak eta Edu Muruamendiaraz dantzaria izan ziren eta horiek parte hartzaile guztien emanaldiak ikusi ondoren, zazpi talde edo bakarlari hautatu zituzten. Sailkatuak ondorengoak dira: Ane Gomez, Power girls, Ur Tantak, Lohizune Telletxea, Malentxo eta Lore, Maddi eta Malen eta Magaru.

Hautatuek, maiatzean tailerrak izango dituzte euren ikuskizunak aditu taldearen laguntzaz hobetu ahal izateko. Maiatzaren 21ean, Olatu Talka jaialdian izango dute emanaldia.

Itzuli