Izarrak Plazara

5-17 urte bitarteko haur eta gazteen artean euskarazko sormen artistikoa sustatu eta ondo pasatzeko ekimena da.

Taldean edo bakarka, euren abileziak jendaurrean erakusteko ekimena da: musika tresnak jotzea, kantatzea, dantzatzea, antzerkia egitea, txisteak kontatzea, bertsoak kantatzea, magia egitea, zirku ikuskizunak eskaintzea...

Izarrak Plazara 2012. urtean sortu zen Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara elkartearen ekimenez, auzoko Kultur Etxeak lagunduta (Donostia Kultura) eta beste erakunde batzuen babesarekin. Aurten, berriz, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostiako Udaleko Gazteria Sailak hartu dute haien gain ekimena, eta emanaldi nagusiak Olatu Talka jaialdiaren baitan egingo dira.

Programa bi kategoriatan banatzen da, adinaren arabera: 5-11 urte bitartekoak eta 12-17 urte bitartekoak. Partaideek taldeka edo bakarka aurkezteko aukera dute eta ikuskizun originala edo moldatua izan daiteke. Ikuskizunak gehienez 5 minutukoak izaten dira eta euskaraz izan behar dute. Abilezia erakusteko musika lagungarri gisa erabiliz gero, esaterako, dantza egiteko, musika lagungarri hori edozein hizkuntzatan izan daiteke, baina euskaraz izatea hobesten da.

2018ko emanaldia

Izarrak plazara castingeko sailkatuek maiatzaren 27an izango dute emanaldia

Izarrak plazara sailkatuak 2018

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Olatu Talka jaialdian egingo den Izarrak Plazara ekimenean parte hartzeko casting-a apirilaren 13 eta 14an Kontadoresen egin zen. Bertan, izen-emandako 12-17 urteko gaztetxoek aditu talde baten aurrean euren ikuskizunak erakusteko aukera izan zuten.

Epaimahaikideak Ainhoa Aierbe aktorea, Jabi Rodil musikaria eta Edu Muruamendiaraz dantzaria izan ziren eta horiek parte hartzaile guztien emanaldiak ikusi ondoren, sei talde edo bakarlari hautatu zituzten. Sailkatuak ondorengoak dira: Malen Elizasu, Izaro Telletxea, Marina Ostolaza eta Marta Buendia, Lucia Wolf eta Izar dantzariak, Mireia Gonzalez eta Uxue Arroniz, Itxaso Trecu eta Itxaro Liendro.

Hautatuek, maiatzean tailerrak izango dituzte euren ikuskizunak aditu taldearen laguntzaz hobetu ahal izateko. Maiatzaren 27ean 11:00etan, Olatu Talka jaialdian, izango dute emanaldia.

Itzuli