Merkatari eta ostalarientzako euskara sustatzeko egitasmoak

Donostiako Udala hainbat egitasmo ari da garatzen hiriko merkataritza, ostalaritza eta bestelako establezimenduetan euskara sustatzeko.

Euskararen presentzia areagotzea da egitasmo horien helburua, garrantzitsua baita euskarari dagokion lekua egitea eta erabilerarako esparruak sortzea.

Euskara balio erantsia da negozioarentzat

Euskararen presentzia eta erabilera ziurtatzen den heinean,  establezimenduen komunikazioa hobetu, bezeroen asebetetzea areagotu eta negozioak errentagarriagoak egiten dira. Ez dezagun ahaztu, hiru donostiarretatik bi (120.000 pertsona) euskaldunak (%40,4) eta ia euskaldunak direla (%25,6). Beraz, bezero euskaldunei zerbitzua euskaraz eskainita, zerbitzu hobea eskainiko da eta onuragarria izango da establezimenduarentzat.

Euskara balio erantsia da negozioarentzat. Hizkuntzen erabilera areagotzeak onurak baino ez dizkio ekarriko establezimendu bati, errentagarriagoa izateko lagungarria izango da.

Sektorearen ikerketa soziolinguistikoa

 

Merkataritza eta ostalaritzari buruzko ikerketa bat egina du Udalak  hiriko establezimenduen egoera soziolinguistikoa ezagutu eta merkatariek eta ostalariek dituzten hizkuntz premiak eta beharrak aurrez aurre jaso, zerbitzu hobea eskaini eta euskararen presentzia areagotzeko.

2012an egindako ikerketan  7 auzotako 10 kaletan 544 establezimenduen eta 1.773 pertsonen datuak jaso ziren. Ikerketak emandako datuen artean aipagarria da establezimendu hauetan lan egiten duten pertsonen %43,3k euskara ongi hitz egiten duela (horien gehiengoa -%82,1- euskaldun alfabetatua da), eta %23,6 ia euskalduna dela ( ez du ondo hitz egiten baina asko ala zerbait ulertzeko gai da). Gainera, lan egiten dutenen %21,4k ingelesez hitz egiten daki eta %14k frantsesez.

Bezeroekin komunikatzeko hizkuntzek duten garrantziaz galdetuta, ia lau establezimendutik hiruk (%73,8), garrantzi handia ala nahikoa ematen diote euskarari. Frantsesari eta ingelesari garrantzia ematen dioten establezimenduen ehunekoak apalagoak dira: %30,2 eta %27,6 hurrenez hurren.

Ikerketaren datu guztiak ikusteko: Establezimenduen azterketa soziolinguistikoa

Itzuli