Motibazio saioak

 

Saio hauetan egoera batzuen aurrean dugun hizkuntza-jarreraren inguruko hausnarketa egin nahi da. Mota ezberdinetako saioak daude: gazteentzat, gurasoentzat, euskaraz ez dakitenentzat eta abar. Badira, bestalde, euskara ahalik eta gehien erabiltzeko teknika eta estrategia batzuk eskaintzen dituztenak.

Eguneroko bizitzan, pertsonek, harreman asko izaten dituzte eta hizkuntzarekin lotura duen egoera askorekin egiten dute topo.  Konszienteki edo inkonszienteki hizkuntza-jarrera bat izaten dute eta saio horiek jarrera eta hizkuntzaren hautuak duen garrantzia eta eraginari buruz hausnartzeko oso baliagarriak dira. Bestalde, badira, euskararen erabilera areagotzeko asmoa duten saioak. 

Orain arte aipaturiko saioak euskaldunentzat  diren arren, badira  euskara ez dakien jendeari zuzendutako gaztelaniazko tailerrak. Erdaldunek ere, batez ere euskara ulertzen dutenek,  lagundu baitezakete euskararen erabilera areagotzen.

Udaleko Euskara Zerbitzuak saio horiek ematen ez dituen arren, orri honetan bertan dituzu hainbat sentsibilizazio saioei eta antolatzaileei buruzko informazioa.

 

Ekolingua

ekolingua

Kartak


Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko bost ikastetxetako 16 urtetik 20 urte bitarteko gazteak bilduko ditu Tabakaleran EkoLingua izeneko karta-jokoaren bidez euskarari buruz hitz egiteko.

Helburua gazteak hizkuntzaren inguruko gogoeta egitea eta eragitea da, argumentu berriak eta kontzeptu berriak mahai gainean jarriz.  

EkoLingua jokoaren ezaugarriak

EkoLingua izeneko karta-jokorako 5-7 lagunen taldeak osatuko dira. Taldeak dinamizatzaile baten laguntza izango du eta  informazio-kartak, eztabaida-kartak eta erronka-kartak baliatuz, ahalik eta jokaldi gehien osatzea izango du helburu. Dinamizazio lanetan ikastetxe horietako hainbat gazte ariko dira Elhuyar alholkularitza enpresako teknikarien laguntzarekin.

EkoLingua jokoa oso lagungarria da hizkuntza guztien iraunkortasuna oinarri hartuta, hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak sustatu eta komunitatea ahalmentzen laguntzeko. Guztiok dugu, hiztun moduan, biografia linguistiko bat. Biografia hori etengabe aldatzen ari da, hizkuntza horrekiko bizitako emozioek, jaso edo eraiki ditugun ikuspegiek, aurreiritziek eta abarrek eraginda.

Europako Batzordearen babesarekin sortutako metodologia

Europako Batzordearen babesarekin sortutako Play&Decide metodologia erabili da karta-jokoa sortzeko, eta, metodologia horrek proposatzen duen moduan, jokorako beharrezko materiala nahiz gida metodologikoa sarean daude eskuragarri. Hona hemen helbidea:  www.soziolinguistika.eus/ekolingua. Karta-joko hau sortzen hainbat erakundek parte hartu dute: Soziolingustika klusterra,  Elhuyar Aholkularitza Enpresa eta abar.

Ikusi gehiago hemen: EkoLingua

zergatik ez! tailerrak

 

Tailer hauen helburua hizkuntzaren eta hizkuntza ohituren gaineko gogoeta  egitea da euskararen erabilera soziala bultzatzeko. Bagera Elkarteak eman ohi ditu tailer hauek, euskaraz zein gazteleraz.

 

Zergatik ez! tailerra edozein talderi zuzendua dagoen arren, badira bereziki nerabe, gazte eta gurasoei egokitutako saioak.  Xede talde horiei zuzendutako saioetan, ezaugarri berdintsuak izan ditzaketen euskaldunak elkartu nahi dira (gazte koadrilak, hezitzaile-begirale taldeak, kirol taldeak, guraso taldeak, lanbide berdintsuetako profesionalak, institutu bereko ikasleak…), nolabaiteko talde izaerak ematen duen hurbiltasuna, hizkuntzaren eta hizkuntza ohituren gaineko gogoeta egiteko baliatuz.

Bestalde, euskaraz ez dakitenentzat tailerrak eskaintzen dira gaztelaniaz. Euskaraz ez jakin arren, norberaren ingurunea euskalduntzeko lagungarri izan daiteke erdaldunen jarrera. Adibidez, tailer hauetan, euskaraz ez dakiten gurasoek beren seme-alabekin  nola jokatu azalduko da.

Tailer hauek guztiak,  Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak ematen ditu.

TELP Tailerrak

Zenbatetan gertatu zaizu denda, erakunde edo beste edozein tokitara joan eta euskaraz hitz egiten hastean, beste pertsonak euskararik ez dakiela esan eta deseroso sentitzea? Edo alderantziz, norbaitekin gazteleraz hitz egiten hasi eta euskaraz dakiela ondoren konturatzea?

Euskaldunok sarritan ikusi du geure burua horrelako egoeretan:

 

Motibazio saio hauek emunek eskaintzen ditu eta Telp tailerrak izenez egin dira ezagunak.

Euskaldunaren buruhausteak

Sarritan, euskaraz egin nahi duen euskal hiztunak, oztopo ugari izaten ditu euskara erabiltzeko. Egoera hori askotan ematen denez, nekea sortzen du eta horri estres linguistikoa deitzen zaio. Ondoko bi adibideak lagungarriak dira adierazitakoa azaltzeko:

- Lagunartean egon, euskaraz hizketan hasi eta beste norbaitek gaztelaniaz jarraitzea. Egoera hau sarritan ematen da eta ondoeza sortzen du, hau da, estres linguistikoa.

- Denda batera sartu eta ez jakitea nola jokatu erderaz erantzuten dutenean. Printzipioei eutsi eta euskaraz jarraitu, ala parekoarekin enpatia lortu nahian gaztelaniaz egitea. Zalantza horrek sortzen duen ondoeza da estres linguistikoa.

Estres linguistikoa hobeto ulertzeko ikusi bideoa.

 

Itzuli