Parketarrak egitasmoak helburu du haurrek eta familiek aisialdian euskara erabiltzea. Euskaraz jolasteko asmoarekin, hiriko parke eta jolaslekuetan antolatzen da urtero, eta, gutxi gorabehera urrian, martxoan eta maiatzean hasten dira saioak, doan. Hilabete horietan, saioak astelehenetik ostiralera izaten dira, 3 astez, auzo zehatz batzuetan astegun bakoitzean.
Parketarrak egitasmoak haurrei eta gurasoei laguntza ematen die. Izan ere, gurasoek, batzuetan, seme-alabekin kalean euskaraz jolastu ahal izateko, baliabideak ezagutu behar dituzte lehenengo, baita euskaraz baldin badakite ere. Bestalde, haur eta gazteek euren adinaren adierazgarri den bizitasun linguistikoa behar dute euskaraz lagunartean aritzeko, eta parketarren jolasek horretarako baliabideak eskaintzen dituzte.
Izan ere, ezagutzak oharkabean jasotzeko erreminta ezin hobea da jolasa, hizkuntza barneratzen laguntzen duen tresnetako bat baita. Alde batetik, hizkera formala lantzeko erabil daiteke, baina, batez ere, informala eta lagunarteko hizkera sustatzeko da baliagarria. Horrez gain, Parketarren bidez, euskarazko jolasak kalera ateratzen dira, eta abestiak, esamoldeak, hiztegia, etab. jendartean erabiltzen dira.
Parketarrak egitasmoak bi talde bereizten ditu: Zabu Zibu taldea 3-5 urte dituztenentzat, eta Txirrintxon 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Zabu Zibun, 3-5 urtekoek gurasoekin edo arduradunekin parte hartzen dute, eta gutxieneko parte-hartzaile kopurua 5 haurrekoa da eta gehienekoa 15ekoa. Txirrintxonen, berriz, gutxienez 10 eta, gehienez, 25 inguru biltzen dira.
Jarduera hau Donostiako Udal Euskara Zerbitzuak antolatzen du auzoetako batzordeekin elkarlanean, eta Hezten Aisialdi Euskaltzaleak gauzatzen ditu Parketarrak egitasmoaren saioak.
Esan bezala Parketarrak udazkenean, neguan eta udaberrian izaten da. 2023ko udazken honetan, urriaren 9tik azaroaren 3ra izango da, Donostiako hemezortzi auzo hauetan:
Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiolako Erriberak, Herrera, Igeldo, Txomiñenea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondo.
Datak eta lekuak ikusi HEMEN