Udalean ere euskaraz

Donostiarrak udalean ere euskaraz egitera animatu nahi ditu Udalak. Horretarako, arreta eskaintzen duten udal langileek lehen hitza euskaraz egingo dute eta herritarrek hautatzen duten hizkuntzan jarraitzeko aukera izango dute. “Udalean ere Euskaraz” kanpaina,  Udalak  hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko 2017ra arte onartutako planaren neurrietako bat da.

 

2013an onarturiko Donostiako Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko 5. plangintza aldiak beste zenbait jarraibide eta neurri garrantzitsuak jasotzen ditu, besteak beste, derrigortasun data ezarriko zaiela sortuko diren lanpostu berri guztiei eta lehiaketa publikora aterako direnei, edota lana euskaraz egingo dela udal egoerak ahalbidetzen duen guztietan. Era berean, Udalarekin kontratazio administratiboak dituztenek ere euskarari lehentasuna eman beharko diote.

Langileen ordezkariekin, alderdiekin eta euskalgintzako ordezkariekin adostutako plana da eta zehar lerroa da, hau da,  Udal departamendu bakoitzak bere gain hartzen du euskararen eskumena. Horretarako, Udaleko zuzendaritza guztietan Erabilera Batzordeak osatuta daude eta hauetan zuzendarien zein arduradun politikoen inplikazioa bultzatzen da.

 

 

Herritarra euskara erabiltzera animatuz

 

Euskara ikasten edota dakien herritarra “Udalean ere euskaraz” egitera animatu nahi du Udalak. Horretarako Komunikazio kanpaina egin da eta hiriko pertsonaia ezagunekin osaturiko hiru bideo zabaldu dira sare sozialetan eta hainbat hedabidetan.  

 

Horrez gain,  hainbat euskarri banatu dira udal langile guztien artean eta herritarrei harrera egiteko lekuetan, Udalean euskaraz egitera animatu daitezen.

Bestalde mezu hori eman nahi izan zuten 200dik gora udal langile eta ordezkariek osatutako mosaiko erraldoiaren bitartez.

Aurrerantzean ere herritarra motibatzeko beste zenbait ekintza aurrera eramango dira. Gogoratu behar da udal ordezkari politiko eta sindikal guztiak bat datozela Udalean hizkuntza normalizatzeko helburuarekin eta hala adierazi zutela "Udalean ere Euskaraz" kanpainaren aurkezpenean.

 

Datu esanguratsuak

Donostiako Udalak (erakunde autonomoak barne) 1.409 langile ditu; horietatik 896 langilek (%63) dute egiaztatuta bere lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna, hau da, lanpostuaren zereginak euskaraz egiteko beharrezko hizkuntza gaitasuna eta beste 156 langile (%11) daude egiaztatzeko bidean (dagokiena baino hizkuntza eskakizun bat gutxiago dute egiaztatuta).

 

 

 

Hizkuntza Ofizialen Erabilera Batzordeak

Udal Zuzendaritzetako Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Batzordeak oso baliabide eraginkorra dira plana garatzeko, bertako arduradun eta langileak baitira batzorde horietako kide eta beraiek dira zuzendaritza bakoitzaren egoera, premiak eta aukerak ondoen ezagutzen dituztenak.

Zuzendaritza bakoitzak herritarrekin dituen harremanetan euskara erabiltzeko aukera osotasunean bermatu beharko du eta harremanetako hizkuntza eta lan hizkuntza euskara izan dadin bideak jorratuko ditu.

Une honetan, Donostiako Udalean eta hiru erakunde autonomoetan (Donostia Kirola, Musika eta Dantza Eskola eta Udal Informatika Zentroa) 19 Erabilera Batzorde daude eratuta. Hau da, Udaleko zuzendaritza edo departamentu bakoitzak bere Erabilera Batzordea dauka. Batzorde hauetan guztietan zuzendaritza desberdinetako 120 langile inguru eta Euskara Zerbitzuko 5 Hizkuntza Normalizatzaile ari dira parte hartzen. Batzorde bakoitzak berezko osaera eta egitekoak ditu.

Zuzendaritza bakoitzeko Erabilera Batzorde hauez gain, bada Udal osoari dagokion beste Batzorde bat, Hizkuntza Normalkuntzako Batzorde Teknikoa, Udaleko lau ordezkariz eta langileen beste lau ordezkariz osatua. Batzorde honen egiteko nagusia planaren jarraipena bere osotasunean egitea da eta zuzendaritzetako Erabilera Batzordeetako planak Plan Markoarekin bat datozela egiaztatzea.

Itzuli