Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean euskararen erabilerak duen garrantzia nabarmendu eta mintzapraktika sustatzeko, Donostian sortu eta garatu diren egitasmoak ezagutzera eman nahi dira: Mintzalaguna, Mintzanet eta Mintzodromoak. Jon Insausti Euskarako zinegotziak adierazi duenez, “ekinbide horietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, bidelagunak batez ere, funtsezkoa baita euskara dakigunok proiektu horietan parte hartzea eta euskara ikasten ari direnei erabilera eremu erosoak eskaintzea”.
Iazko Euskaraldiari jarraipena emanez, 2020an Euskaraldiaren bigarren ariketa antolatuko da Euskal Herrian. Hurrengo edizioan, baina, beste urrats bat egin nahi da: hau da, norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, ostalaritzan euskararen erabilera sustatu nahian, “Erraza da” proiektu pilotua jarri zuen apirilean martxan Parte Zaharreko establezimenduetan. Egitasmo hau jatetxe zein tabernetan lan egiten duten eta euskara ez dakiten zerbitzari eta langileei zuzendua egon da eta harrera ona izan du. Taberna eta jatetxe guztiak bisitatu eta gero, 70 establezimendutako 209 langile animatu ziren egitasmo berritzaile honetan parte hartzera.
Urtero bezala, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskaragida.eus izeneko euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu du. Bakarka, lagun artean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar. Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta eta bakoitzaren ezaugarri nagusiak zehazten dira (izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa).
Zabalpen handiko komunikazioetan (kartelak, esku orriak...) edota ekitaldietan euskararen erabilera sustatzeko, bi hizkuntza ofizialen erabileraren praktika onak aurkituko dituzue ondoko argitalpenean.
Gainera, Euskara Zerbitzuak irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitateei hizkuntza aholkularitza eta testuen zuzenketa zerbitzua eskaintzen die, betiere zerbitzuaren baldintzak eta ezaugarriak betez gero.
Euskarazko testuak sortzerakoan edota itzulpenak zein zuzenketak egiterakoan sortzen diren zalantzak argitzeko tresnak daude hemen eskura. Lan arloko idatziak zuzenak izan daitezen zenbait aholku, ohar, eredu eta adibide eskaintzen dira bertan.