Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aberriaren alde (eta kontra)

Saizarbitoria, RamonAlberdania, 1999 Saiakera

Aurkezpena

        Euskal kulturaren eta euskararen gaurko egoera, fikzioak eta ajeak, literatur jardun propioa, itzulpengintza, homologazio nahia eta normalizazioa, mitoak eta desmitifikatzaileak...

        Barru hustuketa bat da Saizarbitoriak egiten duena liburu honetan, datorren milurtekoaren atarian bera kezkatzen duten gure errealitate sozio-kulturalaren hainbat alderdi mahai gainera ateratzen dituena.

        Jarrera kritikoa erakusten du, alde batekoekin bezala, bestekoekin ere, hiperkritiko izan beharra baitago euskal kulturaren mundu ofiziala, edo ofizial modukoa, sobera pozik ageri denean gaur egungo gure egoerarekin.

        Saizarbitoriaren jarrera kritikoa ez da erosoa, haatik; batez ere, legezkoa denez, ñabartua, zehaztua eta independientea izateko grinatik sortua delako.

Pasartea

        Euskarak aurrera egiten duen neurrian, errealitate linguistikoaren konplexutasuna areagotuz doa, eta arazo handiagoak sortzen dizkio literaturari. Errealitate hori, esate baterako, konplexuagoa da Donostian Gasteizen baino, beste eragile batzuen artean, euskaldunen dentsitatea handiago delako Gipuzkoako hiriburuan. Arrazoi beragatik Goierriko emigranteak nahiago du Gasteiz —badakit, bai, ez dela hori Donostia gutxiago gustatzeko arrazoi nagusia; nagusia eta lehena, donostiarrok garela—: Gasteizen, Iruñean bezala, euskaldunak, normalean, ghettoan bizi izan gabe ere, taldearen kohesioa aurkitu dezakeelako: gutxi edo gehiago, talde bizitza egingo du beste euskaldun batzuekin —bera bezala inmigranteak, gehienetan—, eta posible izango zaio garagardoak euskaraz hartzea, badakielako non dauden kamarero euskaldunak, eta loteria saltzen duen itsu euskalduna, eta harakina ere bai, eta horrela ez dago duda linguistikorik; aitzitik, euskaldunen artean solidaritate linguistikoaren lotura sortzen da, beste lotura batzuei bidea zabaltzen diena. Gasteizen edo Iruñean posible da euskara 24 orduz erabiltzea, baina gainera, barmanak edo harakinak edo loteria-saltzaileak, tratu berezia eskainiko dio bezero euskaldunari, neurri batean edo bestean, bere merkataritza-espezialitatea osatzen dutelako. Donostian aldiz, elebidun, eta linguistikoki «normala» izatetik gertuago dagoen hiria denez —esatea zilegi bazait—, ez da hori gertatzen. Euskaldun izatea ez da gehiengotik desberdintzen gaituen zerbait, eta defentsa taldeen eratzea ez da sozialki justifikatzen. Donostian ez da justifikatzen euskaldunen afari bat antolatzea, besterik gabe, berez suertatzen baitira, edo zehatzago, berez sortu beharko liratekeela uste ohi da; eta sortu, sortzen dira, baina mahaikide guztiak gaztelera erabiltzera behartzen dituen salbuespenak tartean direla. Bestalde, aipaturiko euskaldun dentsitatea kontuan hartuta, Donostian espero izaten da aldez aurretiko hautaketarik gabe, taberna, denda, edo kiosko batera gerturatuz gero, euskara naturaltasunez erabili ahal izatea; baina, noski, gehiegitan ez da horrela gertatzen. Ondorioz, errazago da Donostiako euskalduna erregistro linguistikoz aldatu beharrean aurkitzea, egoera frustragarria benetan, eta deserosoa batzuetan, aldaketa eskatu/exijitzen duen pertsonaren heziera, sinpatia eta zentzu onaren arabera. Gasteizen edo Iruñean, berriz, probabilitate kalkulu xinpleenaren arabera, postura segurua egitera jo ohi da, zuzenean erdara erabiliz eta, horrela, jakina, gutxiagotan gertatzen zaie euskaldunei egoera frustragarriei aurre egin behar izatea.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera