Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Agur betiko

Goenaga, AitzpeaArtezblai, 2004 Antzerkia

Hitzaurrea

Aizpeaz hitz egiten

 

Teresa Calo

 

    Aizpeaz hitz egiten saiatuko naiz, idazle batek beste bati buruz egiten ohi duen bezala. Hori baita, nik uste, liburuen hitzaurrean egin ohi dena. Aurretik esan behardut, halere, ahalegin hau saiakera hutsean geldituko dela, halabeharrez.

    Lehenik eta behin, berarekin dudan adiskidetasunak, seguraski, objetibo izatea eragotziko dit —zorionez—, eta gainera, neure, geure burua idazletzat hartzea arraroa egiten zait. Izan ere, gure munduan, antzerkiaren zein ikuskizunaren munduan, idaztea, beste hamaika zereginen artean, beste bat besterik ez da, ia gure jardueraren ondorio.

    Aizpearen kasuan oparoa da aktibitatea. Polifazetikoa da oso: zuzendu, antzeztu, aurkeztu, idatzi... idatzi, beti. Pertsonaiaren bat moldatzen ari denean, zuzendaritza lanen artean, bere idazle sena ez da inoiz ere lokartzen. Aizpearena, uneoro zerbait egosten ari den buru pribilegiatu horietakoa da. Lehorraldirik ez diot ezagutzen. Haurrentzako ipuinak, kontakizunak, laburmetraientzako gidoiak eta antzerkia, batik bat, antzerkia.

    Azken genero horretan, bere irudimen aberatsaz gain, bere ezaguera sakonaz baliatzen da. Urteak daramatza taula gainean, eszenarioaren gorabeherak barrutik bizitzen, makina bat pertsonaia antzezten eta beste antzezle batzuk zuzentzen. Horrek sortzen duen testuan, pertsonaiak mugitzeko ahalmena ematen dio. Bere obrak bizirik daude. Bere pertsonaiak gertukoak dira. Elkarrizketek erritmoa daukate. Joko dramatikoak sinesgarriak izan ohi dira beti, gertakizun zentzugabeetara eramaten gaituztenean ere. Horrez gain, maisutasunez erabiltzen duen umore adeitsu eta lehunaren atzean, kritika zorrotz eta ziztatzailea ezkutatzeko gai da. Esandakoaren adierazgarri dugu «Hau paraderoa» antzezlana. Zenbait gai taburen inguruan, barregarriak ziren egoerak sortzen zituen, eta zur eta lur uzten gintuen bere ausardia eta abileziak; ikuslego iheskor eta kontserbadorea izan zitekeena ere, bere buruaz barre algara egitera eramaten zuelako.

    «Agur betiko», antzezlan kostunbrista da. Eta hori, nire eritziz, bide ausarta da; erreferentzia asko eta asko dituen generoan oinarrituz, interesa piztea zailagoa izan daitekeelako, proposamen original batean baino. Bestalde, bertoko pertsonaiekin euskaraz idatziriko antzezlana izateak duen garrantzia ezin da ahaztu. Antzerki tradizio laburra dugu, zoritxarrez, eta klasikoak itzultzeko beharrarekin batera, berebiziko garrantzia du gure antzerki literaturarentzat, bertako materialaz hornitzeak, hau da, ezagunak egiten zaizkigun pertsonaiek bizitako gatazka hurbiletan oinarritutakoaz hornitzeak.

    «Agur betiko» drama da. Aizpeari Donostia Hiria Antzerki Saria eman zion «Zu (T) gabe» hura bezala. Heriotzaren aitzakia darabil, bizitzaz hitz egiteko. Oraingoan, Amaren heriotzak, familia bildu eta banandu egiten du, aldiberean. Heriotzaren gertakizunetik haratago, ordea, antzezlanaren interesa, nire ustez, pertsonaien soslaiaren eta haien miseria txikien agerpenean datza. Horrelako une gogor batean, euren erlazio eta erreakzioei erreparatuz, euren bizitzako frustrazioez eta ageriko zein ezkutuko gezurrez ohar gaitezke.

    Aizpeak hizpide izan ohi ditu «normaltasun» egoeratik abiatutako gai esanguratsuak. Bere fikzioko seme-alabak maitekiro eta ulergarritasunez lantzen ditu, nahiz eta berauen alde ilunena erakutsi. Justifikatu gabe konprenitzen eta epaitu gabe ikusten ditu. Baina begirada bihozbera hori barrura sartzen da, sakonera, eta irakurle onari, ikuslego azkarrari, aberastasun handiko bigarren irakurketa egiteko aukera eskaintzen dio.

    Oso pozgarria izan zen niretzat 2003ko Serantes Saria «Agur betiko» testuarekin irabazi zuela jakitea. Jasotzeko momentuan adierazi zuen bezala, «bakardadean jorratzen den ofizioa da gurea, eta sariek lagun artean sentiarazten gaituzte». Nik, neure ibilbidean, bere laguntza eta kidetasun paregabea izan dut beti. Izan ere, Aizpearenean, antzerkiegilea eta antzelana banaezinak dira; bere nortasunean ere, bere lanetan ageri diren umore, tolerantzia, ontasun eta azkartasuna ematen baitira. Bere adiskide eta lagun izatea plazer handia da.

Pasartea

I. EKITALDIA

 

  Alizia sukaldera sartuko da, eta etxean gonbidatu eta bixitan etorri direnei kafea egiteko lanetan hasiko da, ontzi batean ura jarri, eta...

 

ALIZIA: Non demontre ote dago etxe honetan kafea? (Armairuak ireki eta bertan bilatzen) Mantzanila, txikoria, ...eta hau? (Ontzi batean dagoena usainduz) Aj! A zer «potinjea»! Zergatik ez ote naiz isildu? Hobe nuen «nik hutsa, eskerrik asko» esan, eta bertan geratu lasai asko! Edo ardo goxo pixka bat eskaini. (Bilatzen ari dela, pixka batean gelditu eta barrea irtengo zaio) Baina atso horiek agoantatzea ere! Ene, San Antoniori bost duro eskaini beharko... (Eta une horretan kafea hozkailuan aurkituko du) Azkenean! Ai, San Antontxu... zu ere, diruagatik ez bada... ez zara ez, mugitzen. Nik dakidan beste norbait gogorarazten didazu. (Kafetera zahar bat hartuko du) Ai, ama, zuk ere kafetera berri bat erostea bazenuen!

 

    Baju xamar kantari ari da, ez oso kantu alaia. Eta ustekabean kafeterarekin erre egingo du eskua.

 

ALIZIA: Ai, ai, ai! Kasuen! (Inork entzuten ez dionez ozenkiago hasiko da karraixika) Ai! Ai! Kia! Hauek hil arte ez dizute kasurik egingo. (Atera jo eta deika hasiko da) Edurne! Edurne!

EDURNE: (Kanpotik) Zer da? (Sartu eta Alizia kexuka ikusten duenean zerbait gertatzen zaiola konturatuko da) Zer duzu, tripetako mina?

ALIZIA: Ez, ez...

EDURNE: Eseri, eseri. Zorabiatu egin al zara? Ai, gajoa, kolore guztia joan egin zaizu. Egon lasai, mantzanilatxo bat prestatuko dizut.

ALIZIA: Ezetz, neska, erre egin dut eskua.

EDURNE: Ez da izango! Eta zergatik ez didazu berehala esan, hori lehen bai lehen ur hotzetan sartu behar da. (Iturria ireki eta ez da urik aterako) Ai, ditxosozko etxea! Ez dago urik, kaineria lehertu egin da nonbait!

ALIZIA: Ur minerala hozkailuan dago.

EDURNE: Ez, jela jarriko dizut. (Hozkailuaren goiko aldean ez da jelarik egongo) Ai, amak ez al du izotzik edukitzen?

ALIZIA: Bai, zera, gin-tonikak hartzeko!

EDURNE: Hara, ez ba! Honelakoetarako besterik ez bada...

ALIZIA: Ez dakit zertarako deitu dizudan. Tira, kendu erditik.

EDURNE: Utz iezadazu laguntzen, emakumea!

ALIZIA: Zu laguntzen hasterako, niri baba atera zait!

EDURNE: Zuk bai baba txarra! Ez al zara egun batez behinik behin zure jenio tzar hori gordetzeko gauza?

ALIZIA: Beno, sermoiak botatzen hasi behar baduzu, hobe duzu alde egitea!

EDURNE: Zertarako deitu didazu, orduan? Dena gaizki egiten dudala botatzeko?

ALIZIA: Laguntzeko. Baina ez nintzen gogoratzen zuk, lagundu beharrean, lana eman besterik ez duzula egiten.

EDURNE: (Erdi negarrez) Hara, ezin zaitut eraman, benetan. Nire paretik desagertuko bazina hobe.

ALIZIA: (Bere buruari) Ai, Joantxo ulertzen hasi baietz! (Edurneri zinismo handiz) Zer nahi duzu? Hutsa ala esne pixka batekin?

EDURNE: Kaka!

ALIZIA: Horrek hutsa esan nahi du?

 

    Edurne, begietatik sua dariola Aliziari zerbait esateko gogoz geratuko da. Aliziak berriz, burua batera eta bestera mugitu, eta berearekin jarraituko du.

 

ALIZIA: Ama orain lasai zegoen?

EDURNE: Minmin...

ALIZIA: Nor dago berarekin? Izeba?

EDURNE: (Amorratuta oraindik) Bai.

ALIZIA: Ba, zoaz eta mugitua baldin badago, emaiozu ohe ondoan dagoen pilula gorri horietako bat.

EDURNE: Mesedez izango da, edo ahal badut... edo gogoak ematen badut, ezta?

ALIZIA: (Batere jaramonik egin gabe) Ba, bai! Horretarako nago. Tira, tira...

EDURNE: Zergatik agindu behar didazu beti. Ezin al didazu normal hitz egin?

ALIZIA: Gainerako guztia normala balitz...

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera