Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aio, Leitze

Olano, MikelLeitzako Udala, 2005 Bilduma

Hitzaurrea

ATARIKOA

 

Hizkera baten apologia

 

 

    Grezia zaharreko gramatikariek ziotenez, hitz bat soinua eta esanahia baino gehiago zen; hitzak bazuen sakoneko izpiritu bat, arima bat. Haien irudiko —noiznahiko haurren irudiko bezala— esanahi zuenaren ordezkari sinbolikoa zen hitza, baina baita ordezkari mitikoa ere: ur hitzak ez zituen alferrik u eta r bana; haize hitzak berarekin zeraman haize guztien arrazoia; jainkoen izena ez zen alferrik erabiltzekoa... Uste eta sinismen haien ondorioz hitz batzuk tabu bihurtu ziren eta eufemismoak, hitz-jokoak eta beste irudi erretoriko asko sortu.

    Garai batean ni ere gramatikari zaharra izan nintzen, eta forma eta esanahiaz gainera, esan ezinezko zerbait antzematen nien hitzei. Horrela hasi nintzen, egia esan, Leitzako eta inguruko lexikoaren barrena sartzen. Hiritik herrira heldu nintzela, geografia eta gizarte hondogabeak aurkitzen nituen (gauza misteriotsuz beterikoak), eta haien funts guztiak beren ordezkari lexikoetan (hitzetan) aurki nitzakeela uste nuen. Konparaziora, Aresoko garoa, Leitzako ixtorra eta Ezkurrako iratzea elkarren desberdinak ziren nire begietan; eta iruditzen zitzaidan, landare bana moztu eta begi-belarriak ongi zorrotuz gero, Aresoko, Leitzako eta Ezkurrako bereizgarri guztiei antzematen ahal niela.

    Deabruak ez beste guztiak itzala izaten du ordea. Eta halako batean ohartu nintzen erdarak eta eskolako euskarak ez zituztela geografia eta gizarte bizidun haiek aintzat hartzen; ez zutela jasotzen nik soinu haiek aditzean izaten nuen iruditua, sumatzen nuen oihartzun nabarra (sume deituko nioke orain iruditu horri). Nolabait esateko, herrian bizitzeko bi ikuskera aurkitu uste nituen: batetik, aiton-amonen lehenaldia zegoen, arkadia antzeko bat, non hitzak berezko bizitza izaten baitzuen. Eta, bestetik, industria eta modernitate arrotzaren orainaldia zegoen, nire ametsetako polifonia hura murriztu beste gogorik ez zuena.

    Garai hartan asko ziren nire irudipen xalo eta manikeo haiekin bat egiten zutenak; horien ustez, berrikuntza eta langite industriala modernitatearen —eta, ondorioz, erdararen— eskutik heldu ziren. Honela zioen, esaterako, 1980ko Plazaola aldizkariak:

    «Garai batean (oraindik ez ain urruti) Leitzen esan daiteke denak nekazaritzatik bizitzen ginela. Hemen ez zen fabrikarik eta beste lantegirik, bakarrik denda, taberna eta azinda erostun batzuk».

    Nik sinetsi egiten nuen «denak nekazaritzatik bizitzen» zirelako hori. Eta ez da harritzekoa. Eman begiratu bat hiztegi honi berari: gaur egun ere nekazaritza eta abeltzaintza dira Leitzako lexikoaren bizkarrezur tematikoa; herri laborariak modu harrigarrian zorroztu eta bigundu baitu hizkera, lan egin dueneko mundu naturalaren neurri-neurriko soineko eginez.

    1980ko hartaz geroztik, ordea, gauza asko aditu ditut eta beste asko irakurri. Horiekin guztiekin ikasi dut leitzar jendeak hamaika langiteren usadioak ezagutu dituela, Erdi Aroan hasi eta gaur arteko historian zehar. Honela dio, esaterako, Juan Garmendia Larrañaga etnologo tolosarrak: «Leitza ekonomi aldetik begiratzen badugu, esku-lantegi txikiz betea arkituko dugu, kondairan zear. Baso ugariz eta aberatsez inguratuak agertzen zitzaizkigun olak eta beste burni-lan lekuak» (1). Eta Garmendiak aipatzen dituen zortzi olez gainera, beste hainbat «esku-lantegi txiki» gogoratuko zaizkio Leitzako bizibide historikoaren azala behinik ezagutzen duenari: kapusaiak Batanen, larrugintza Kordobanen, kandela-fabrika Kandeletxen, papergintza Errezuman, teilagintza Tellerin, erbititarren aizkolgintza...

  Nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin estuki loturiko lanbideak ziren gehienak —hala nola, arto edo gari alea ehotzen zuen errotariarena (2)—, baina jarduera berezi horiek hizkuntz eskakizun bereziak zituzten, ez ziren estu-estu lurrari lotzen zitzaizkion beste eginkizun haiek bezalakoak: erdarazko hitz eta esamolde asko hartuko zituzten, mailegubide bikainak gertatu zirelarik; inguruko eta urrunagoko jende asko erakarriko zuten salerosketak egitera, eta jende hori, jakina, ez zen bere herriko hizkerarik gabe etorriko. Oro har, eragile horiek guztiek bertako lexikoaren errepertorioa aberastu eginen zuten, Leitzako gizarte kozkorraren behar linguistiko ugariak oparo hornituz.

  Garai bat joan eta bestea etorri, behar linguistikoen arabera hitz berri batzuk hartu behar izaten dira eta beste zahar batzuk galdu. Industriak, konparaziora, oso lan-molde aldaberak erabiltzen ditu, eta jakina da aldaketa horietan zehar gauza asko desagertzen direla. Erdi urraturik bada ere, oraindik zutik dituzu Iberoko olaren paretak; baina zenbat hitz joan ote zen, isil askoan, hango tramankuluen dangatekoak mututzearekin batera? Begira Garmendiak jasotako honi: «Inventario de la ferrería «Ibero» de Leiza, de fecha 28 de junio de 1860». Eta bertan, besteak beste, honako lan-tresnok: agua palanca, palanca sarde, corrica, lau-corrica, zamar corrica, labeburni, epaiqui, chacurra... (3).

  Aspaldiko kontuak eta industriak ziren horiek, gu jaio baino askoz lehenagokoak eta, halere, ez ziren aitzakia izan gero nik hitzetan sorgin ttikiak ikus nitzan. Pixkanaka-pixkanaka, Leitzari buruz eta Leitzako euskaraz idatzita dagoen guztia irakurri ahala, zera ulertu dut: gizarte industrialak, berrikuntzek eta bateko edo besteko agintaldiek ez dutela nahitaez hizkeraren naturaltasuna desitxuratzen, beste batzuk izaten direla horren arduradunak: zabarkeria, ezjakintasuna, ustekeria... Arrisku horietaz ohartuta, hizkuntzaren gaineko bi betaurreko erabili ditut azterlan hau egiteko —betaurreko sortzailea bat, pragmatikoa bestea—, eta urtetako ikuspegi bikoitz horrek Leitzako hizkeraren definizio bat proposatu dit: edozein lan-moldetan aritzeko eta zernahi amets klase sortzeko sistema oso eta beregaina.

 

 

Hiztegiaren xedeak

 

    Gaur egun gauza dekadentea, atzerakoia eta —akademizistentzat, bederen— kasik iraingarria izaten da herri-hizkera baten gainean horrelako iritziak erabiltzea. Mundu osoan efizientzia, errendimendu eta arrakasta bezalako hitzak gailendu dira, eta airean eraman dituzte hizkuntzaren ezkutuko sorgin guztiak. Ez dago zalantza erromantikorako eta bilaketa jostagarrirako lekurik. Orain hizkuntzak burtsan kotizatzen dira: ingelera da, jakina, leiha horretan gailen, baina euskarak berak ere, bere ttikian, batuaren akzioak atera ditu merkatura. Zertan gelditu dira gure hizkerak eta euskalkiak? Eguneroko lanak erakutsi dit traba direla, ez dutela interesik sortzen; ez direla salgai, euskara batuaren aberasgarri gisa ez bada behintzat.

    Hala ere, azkeneko urteotan euskalki hitza han-hemen indarrez azaltzen hasi da. Ez, ordea, betiko euskaltzaleengan bakarrik; hizkuntza politikako goiko aulkietan ere errendimenduren bat antzeman omen diote gaiari. Noiz arte baina?

    Haizeak bezala, ez dakigu, antza, boladaka baizik mugitzen. Euskara batua duela hogeita hamabost bat urte egituratu zen, bestetarako beste euskalkien aniztasun gehiegizkoari aurre egiteko; izan ere, orduan euskalduna bere hizkera libreegiaz, xaloegiaz lotsatzen zen. Ez omen ginen auzoko hizkuntza handien arloteak baizik. Berrehun mila hiztun zituen hizkuntzaren ajeak konpontzeko, ehundaka milioi hiztun dituen hizkuntzaren sendabelarrak egosi genituen. Urteak geroago, batuaz hitzaldi jantziak egiten ikasi dugularik, atzera garai bateko hizkera hartaz gogoratu gara: zurrun omen da hizkuntza akademikoa, eta, nonbait, xalotasun falta larria du gaitzik nabarmenena. Alde handia zegoen —handiegia zenbaitetan— lekuan lekuko hizkeraren eta produktu akademikoaren artean. Ez ote gara berandutxo ohartu?

    Aise esaten da orain. Gaurko begiek argi ikusten dute orduko hartan ez zela asmatu euskara batua eta euskalkiak uztartzen. Eta horren ordainetan, orain erantzukizunez lepo egin nahi digute gure hizkera agrafoa, gaitz guztien sendagaia balitz bezala. Euskaltzaindiak berak euskalkien erabilera arautzeko mehatxua egin du orain berriro, «bidean lasa eta errotan presa» esaera parafraseatuz  (4).

    Azken urteotan Koldo Zuazo irakaslea izan da euskalkien onuraz argudiorik argienak eman dituena. Zuazoren ustez, euskalkiekin, guraso eta seme-alaben arteko hizkuntzalotura sendotu egin daiteke; sena eta sormena indartu; euskara hobea, zuzenagoa eta indartsuagoa eraiki; euskalduntzea errazago eta lasterrago lortu (5).

    Bizitzako beste alor gehienetan bezala, hizkuntzarenean ere gozatzea baita kontua. Eta aiseago gozatuko du Leitzako gazte edo larri batek euskara batua, baldin eta aurretik, haur garaian, etxeko eta herriko hizkerak behar adina dantzatu baditu, zeruan aurrenekoz ikusitako arku argitsu hori ostrillike dela ikasi badio amari edo aitonari, adiskideekin yolasen leher egin badu eta pilotan yokatzen izerditu baldin bada (6). Arauek eta araugileek, ordea —gero eta ugariago, gero eta zorrotzago—, erne ibiltzeko esaten digute: umeei gozoak kalte egiten diela gibelean, sintaxia apurtu, gizenkiak erantsi eta hitz ulerkaitzak lotu. Eta arau gutxik izan dute munduan hain segizio zintzoa. «Arautuak» izateko premian, nekazariak euriari bezala begiratu diogu arauari, uholdeka etorri zaigun arte. Anjel Lertxundik behin eta berriz gaztigatu digu: «Euskarak arima beretako gorde dezan eta berezko jenioari eutsi, ezin dizkio arauaren deabruari utzi hizkuntzaren egiteko guztiak, ezin du onartu arauak hartzea bizitasunari gaina» (7).

    Gorago esan bezala, joandako garaien jakinminak mugitu ninduen aurrena lan honetara; Leitzako bizimodu tradizionalaren lekukotasun bat jasotzea izan dut eragile. Bizimodu hori badoa, neurri handi batean dagoeneko joan da. Zer izan ginen? Galdera horri nola edo hala begiratu ezean, ezin izanen diogu alde aldeko etorkizun bati heldu.

  Beste bat izan dut, ordea, lan honetarako eragilerik bizkorrena: gazteen hizkerari —eta, ez neurri apalagoan, idazkerari— beste arnasaldi bat eman behar gorria. Leitza herri euskalduna da, nik umetan ezagutu nuena baino euskaltzaleagoa, gainera; eta, halere, bertako hizkeraren bereizgarri asko galdu ditu, inguruko (eta komunikabideetako) hizkerekin berdintzera eginez. Gurea ez baita hizkera hila, museogai tente bat. Ahoan euskara daramaten gaztez beterik ditugu kaleak, eta aho horiei jateko gozoa emateko sortu da, batik bat, hiztegi hau. Hortzak belzteko beldur handirik gabe!

    Ez dezala inork iraultzarik espero: «Liburuetako euskara ez da inon herritarren ahoan aurkitzen», esan zion Bonaparte printzipeak Etxenike lankideari (8). Ez dezala inork espero, bederen, bere buruari eman nahi ez dion iraultzarik.

 

 

Galtzeko beldurraz eta egiteko nagiaz

 

    Nork daki zenbat diren historiaren bidean galdutako hitzak? Ba al da iraganeko une linguistiko horretaz edo hartaz arduratzeko arrazoirik? Merezi ote du, leitzar hori!, zure haurrak anpolai, aien edo peraka bezalako hitzen ezkutuko grazia ikas dezan? Beharbada isiltzen utzi beharko genituzke hitz horiek eta horiek bezalako beste asko, betiko itzal bihurtzen.

    Begi eman, hizkeraz ari garenean, hizkuntza mintzatuaz ari garela batik bat; horixe baita sistema bizien joera: etengabeko aldaketa eta berrikuntza nozitu, bidean asko galduko dela jakin arren. Izan ere, aspaldi zokoratutako hitzak berreskuratzen ahalegindu gabe ere, bidapeko lana daukagu orain dagoenari heltzen, sen pixarrari eusten, are eta gehiago hizkuntzak sekulako lehian dabiltzan mende berriaren Babel honetan.

    Polita litzateke inoiz hiztegi diakroniko bat egitea (polita bezain arriskutsua); herriaren lexikoa mendez mende nola bilakatu den azalduko liguke horrelako lan batek: zein izan diren interesguneak, lantegirik inportanteenak, garaien garaiko berrikuntzak eta betiko arkaismoak. Lanari ekin baino lehen, ordea, kontuan hartu beharko litzateke halako décalage bat dagoela lexikoaren eta garai historikoen artean: gauzak azkarrago aldatzen dira hitzak baino. Honela idatzi zuen Garmendia Larrañagak 1970. urtean: «Urte batzuetako urrunaldi bat igaro ondoren, Naparroako erri ontara iristen dana arriturik geldituko da ikusten dituan bizi aldaketakin. Erria ia ez-ezaguna azalduko zaio» (9). Gure lexikoa, hain zuzen ere, orain ari da duela 30, 40 edo 50 urteko aldaketa sozial hori nozitzen. Krisi horren lekukoa duzu esku artean.

Lexikoaren gaiari dagokionez, izan ere, erabateko kontsentsua dabil bazterretan: berebiziko galera heldu da. Ez da, ordea, belaunaldiro izaten den aldaketa gutxi askoa (10), hatz artetik isurtzen den ur parrastaren dinakoa baizik. Honatx, konparaziora, zer dioten lekukotasun aditu hauek (11): Pello Salaburuk, Baztango lexikoaz: «Liburu honetan bildurik dauden hitz eta erranairu aunitz ez dira batere ezagunak gazteendako eta ñabardura horietako aunitz erremediorik gabe galtzen ari dira» (12). Jose Luis Erdoziak, Sakanako hizkeraz: «Lexikoaren atal honi dagokionez, izugarria izan da jaso dugun emaitza, hitzak barra-barra sortu baitzaizkigu itaundutako aiton-amonen ahotan. Eta gainera dezakegu asko eta asko izango direla galduko direnak, azken hogeita hamar urteetako bizimoduaren aldaketaren eskutik» (13). Juan Martin Elexpuruk, Deba goieneko lexikoaz: «Nekazaritza galdu edo guztiz aldatu da, beste ofizio zaharrek ere bide berdintsua jarraitu dute, eta langintza desagertzearekin edo aldatzearekin batera etorri da haren inguruko berba, esaera eta jakinduriaren galera ere» (14).

  Baina Leitzako hizkeraz eta kulturaz ari gara. Herri honen idiosinkrasia ezagutzen duenak ez ote du inoiz hilotzen bat —hau da, usadio, toponimo edo kantaren bat— hobi ertzetik altxatzen ikusi? Baita, ziztuan bizkorturik, plazan dantzatzen ere! Nafarroako inguru handian galdu diren hitz eta usadio asko ikusten ditut nik, bederen, Leitzakoan, arriurriñen lasterka. Jose Mª Iribarren hiztegigile tuterarrak lekukotasun polit hau eman zigun, ingurutxo hitzaren azalpenarekin batera: «Ingurucho. O ingurutxo: Baile en rueda o danza circular, típica de Navarra, que se baila en Leiza y que se bailó hasta fecha reciente en los valles de Larraun, Barranca, Araquil, Ulzama, Araiz, Erro, Roncal y Basaburúa Mayor» (15).

 

———

 

1. Garmendia L., J., 1998: Euskal Herria. Etnografía, Historia, Haranburu editor, Donostia; I. liburukia: 279. Ikus baita ere Antonio Maria Labayenek idatzitakoa: «Los últimos vestigios de la industria primitiva de Leiza fueron las ferrererías y fraguas, algún batán para el laboreo rústico de las lanas y unos pocos molinos harineros. La labra del hierro fue la que tuvo mayor importancia. Al decaer dicha industria en todo el país desde los siglos XVIII al XIX, se paralizaron también las viejas «olas» de la cuenca del Leizarán» («En un lugar llamado Erasote», Investigación y Técnica del papel, Núm. 26, Tomo 7: 5).

 

2. Honela zioen,1802. urtean, Diccionario Geográfico-Histórico de España izenekoak: «Hay 4 ferrerías en que se labran 4 (...) quintales de hierro, la mitad de clavazon para la armada. En un martinete se tiran planchas de cobre y hacen calderas, chocolateros, marmitas y serpentinas para destilar aguardiente. Se trabajan 52 piezas de márraga de 50 varas cada una en el único telar que hay en la villa». Eta bertan bizi diren aziendak eta lantzen diren laboreak aipatu ondoren, zera gaineratzen du: «Con esta industria viven los vecinos de Leiza, cuyo número asciende á 1459 personas, repartidas en 110 casas y 3 molinos harineros».

 

3. Garmendia L., J.: Op. Cit., VII. liburukia: 478-483.

 

4. Euskaltzaindiaren ardurak euskara batua sendotzea izan beharko luke, ez euskalkien erabilera arautzea. Lasai beude gure euskaltzainak: Euskalkiek ez dute euskara batua akabatuko. Batuaren eraginez, aldiz, herri-hizkerak asko berdindu dira. Batuaren eta euskalkien arteko oreka zaintzea, nolanahi ere, hagitz gauza delikatua da. Ez gara konturatzen hizkuntza ereduen lehia horretan euskarak berak galtzen duela. Antza denez, ahaztu egiten zaigu: gure hizkuntza soka mehe baten gainean dilindan dabil, eta euskaldunak badu, bere nahiak adierazteko, euskara batua edo euskalkia ez den beste aukeraren bat. Honatx zer dioen Jose Muruagak, Bermeoko ikastolako zuzendari izanak: «Euskara batua arrotz egiten zaie bermeotarrei. Gela barruan batuan egiten den neurrian kalera irten eta gaztelerara jotzeko arriskua dute» («Euskalkiek oreka berri baten bila», Ikastola aldizkaria, 74. Zenb.).

 

5. Zuazo, K., 2002: Deba ibarretik Euskararen Herrira, 14.

 

6. Bat heldu naiz Ibon Sarasolarekin: «Euskalkietatik abiatzen bagara, euskara batua askoz hobea aterako zaigu (...). Uste dut urte hauetar egin behar dugun borroka hori dela; gaurko hizkera xelebrearen sendabidea euskalkia da» (Egunkaria, 2000-11-16).

 

7. Berria, 2004-11-19

 

8. ?Le basque des livres ne se trouve nulle part dans la bouche du peuple? (Ik. RIEV 1908ΓΏ: 657)

 

9. Garmendia L., J.: Op. Cit., 1. liburukia: 277.

 

10. Jakina da lexikoa aski aldakorra izaten dela. J. Rafelek aspaldian esandako honek balio du gaur egunerako ere: «El léxico de una lengua (...) es el aspecto más movedizo e inestable de ésta, en el sentido de que sus elementos se propagan o caen en desuso con mayor facilidad y rapidez que los elementos fonológicos o gramaticales» (in «Áreas léxicas en una encrucijada lingüística», Revista de Filología Española, 57, 1974-1975: 232).

 

11. Adituen zerrenda nahi adina luza daiteke. Honela zinen Koldo Mitxelenak, lexiko etnografikoaz: «el mismo léxico que aquí se recoge es en buena medida residual, destinado en buena medida a desapaecer a medida que desparezcamos los que seguimos viviendo». Garmendia L., J.: Op. Cit., 6. liburukia: 261.

 

12. Izeta, M., 1996: Baztango hiztegia, Nafarroako Gobernua: 18.

 

13. «Erdozia, J.L., 2001: Sakana erdialdeko euskara, Nafarroako Gobemua: 339.

 

14. Elexpuru J.M., 2005: Bergara aldeko hiztegia, Bergarako Udala: 15.

 

15. Iribarren, J.M., 1984 [1952]: Vocabulario navarro, Gobierno de Navarra: 296.

 

Pasartea

Leitzako euskararen hiztegia

Etnografia, Corpusa, Dialektologia

 

euskera. Euskaz itzein, euskaz in, euskaz ikasi, euskaz galdegin... adituko duzu. Horrela aditu du Iñigo Ibarrak ere: «Euskaz: Euskaraz» (1. Ibarra 99: 109). Hizkuntzaren izena aipatzerakoan, ordea, euskera esaten ohi da gaur egun, euskaz haren baitan euskara ezin kausituko balitz bezala. Halere, 1978. urtean Joakin Lazkanori Argentinan egindako grabazioan, honela aditzen da: «Anjeles: beti seitzeiozue euskarari oor? Seittu in bear diozue e!, gañuken galduko da euskara». Artxikoneko Maria Jesus Gogortzak esan didanez, berriz, «Aisok arrunt ezberdiñe do euskara». Echaidek Areson «éuskaaz itzeitten dét», jaso zuen; baina Azkaraten, adibidez, «éuskeaz» (Echaide 89: 261). Idatzizkoetan beti ere euskera azaldu zait: «Garai artan Sarasaten euskeraz itzegitten zen ba» (Mikela 95). Kristobal Olaetxea «Altzate «k esana: «Ekusi negoan, ta: «bai bai, onek tetanoa dauke» esan zun olaxe, Oyarbide orrek, euskeaz, yakiñe, euskaltzale amorratue baitzen» (PP 96: 553). Ikus euskea baita ere: (PP 96: 557, 570). Bestalde, hitz honen lorra dela eta, honatx Sebastian Irurtia maisu zaharrak esana, Berra garaiko giroaz: «Goizuetako Alorzarretako Luzio eta biok heldu ginen trenez (Plazaolan) Iruñetik Leitzara. Luziok euskara besterik ez zekien eta euskaraz hitz eginez heldu ginen. Lekunberritik Huitzira bidean soldadu bat etorri zitzaigun eta esan zigun erdaraz hitz egiteko. Nik esan nion nere lagunak ez zekiela euskara besterik. Orduan soldaduk esan zuen isiltzeko. Luziok esan zuen bere amak hizkuntza horixe erakutsi ziola eta [ez] zeukela isildu beharrik. Orduan soldaduak eta nik elkar hizketa hau izan genuen: —Ese idioma, está prohibido. —No, no está prohibido. —¡Sí, está prohibido ¡Si siguen hablando en vascuence les saco en la próxima estación y les fusilo a los dos! Eta handik Leitzako estazioraino isilik etorri ginen» (Altaffaylla 86-I: 362).

 

eustalle. Eustaile. Zerri hiltzean, aziendari hanka, buztan edo belarritik eusten dionaz esaten da: «Goizean etortzen dira harakina eta zerri eustaileak» (Astaitz 85). Astaitzek berak dioenez, «zerriri euste aldea gosarie izaten da. Hala da usarioa» (Astaitz 03). Honela dio Pastaingo Patxi Barriolak: «Beste baten, berriz -bai, kasoak pasatze ¡de-, denak yuntatu giñen [zerri-iltzea] baserri betea da, zerri aundie zen, zerrama aundi bet! Da eustallek eta denak gero, kafek eta kopak artute, lasai! Zer da gero ta, zerrie irausi!» (Olano 98: 335).  Ikus eutsi.

 

eutatu. Eguteratu. «(Contrae. de EUTERATU?) Ventilar, solear. ?Ideki ganbarako leioak, euta dain? (Azp. 63-4).

 

eutera. Egutera. Hegoaldera begiratzen duen mendi hegia; urtean zehar eguzkitan luze egoten baita, nekazaritzarako eta etxebizitza eraikitzeko egokia izaten da. Ikus ospel.

 

eutsi. «Agarrar, sostener algo para que no se caiga, o se escape. Azk., asir, agarrar simplemente» (Azp. 67). Ikus eustalle.

 

euzkittu. Eguzkitu. «Euzkitu. Salir el sol. ?Euzkitu baño len, yekitzen naiz egunero?  (Azp. 67). Ikus erabakittu.

 

exkel. Gaitzak itxixe utzi duen begia. Azpirotzek beharbada gehiegi zehaztu zuen: «Begi exkela. Miope» (Azp. 67). Ikus katsu, maxkel.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera