Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aiodi herriko kantak

Ezkiaga, PatxiKutxa, 1986 Poesia

Pasartea

Aiodi

 

 

Ez esan niri

izar ostadarra dariela zure begiek

ez esan niri

lilien usaina dariola zure gorputzak

ez ezer esan niri

baina beude zurekin

izar eta liliak

zure izenaren magia osatuz, Aiodi.

 

Ez esan niri

gari heldu azaoa dirudila zure ileak

ez esan niri

masusta lizun ardoa dadala zure farrak

ez ezer esan niri

baina beude zurekin

gariak ta masustak

zure aurpegi ederra margotuz, Aiodi.

 

Ez esan niri

oreinen grazia daramatela zure oinek

ez esan niri

xori hegaldian darraiela zure besoak

ez ezer esan niri

baina beude zurekin

oreinak ta xoriak

zure gorputz liraina eratuz, Aiodi.

 

Ez esan niri

pasio indarra darabiltela zure keinuek

ez esan niri

intzentsu errea daukatela zure bularrek

ez ezer esan niri

baina beude zurekin

pasio ta intzentsuak

zure larru epela atonduz, Aiodi.

 

Ez esan niri

amurantearen orrua ito dezala kredoak

ez esan niri

desioen eztena ebaki dezala iraupenak

ez ezer esan niri

eta beude zurekin

amodio ta desioak

gure historia xamurra bizituz, Aiodi.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera