Poema honetan, Mujikaren metafora-mundu ohizkoa apalagoa bihurtzen da, bainan poemak lirikotasun fresko sotila lortzen du, ez bakarrik tematikaren aldetik, baita alde formalaren tratamendu estilizatutik. Poematxo bakoitzak bere muina eta xarma dauka. Bestalde, autoreak olerki «neurtu» baten menderakizun aparta azaltzen digu, noizbehinka gure lirika zaharraren sotiltasuna isladatuz. Hau da Mujikak ematen digun zortzigarren poesi-liburua.
Gari helduek dolore
urre egosietan luze,
haize gizenen zaporez
garibizarrek ongunde,
pentsa etzuenak ustez
paisaje hontan amore
lehen izana beltz ta more
gerora itzultzean urre.
Artazu-n gari horia
urre gozotan gizentzen,
margo haseak baitira
soroen bizkarra leuntzen
hontan dut hats, hontan kemen:
gariburuon mamia
bozkarioz irekia
zakidala gero onespen.
Gariok, nauzute hase,
ezin dut, ezin gehiago,
fingabeko uda zeharo
egin da zentzunon jabe,
beterik kanpo ta barne
nik ezin opa areago,
zuengan eskax dena be
betiro niretzat asko...