Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aita Estanixen zeharbideak

Mujika, Luis MariHiria, 2007 Nobela

Aurkezpena

    Luis Maria Mujikaren nobelagintzan Aita Estanix da, ziurren, pertsonaiarik hunkigarriena eta egokien tajutuena. Maldan behera abiatu den apaizak, ezin du alkoholaren lurrinetan bere fedea sostengatu. Apaiz eta hordi, Estanixen mozkorraldia, amaitzear dagoen mundu baten paradigma litzateke.

 

Pasartea

 

 

   

 

    Eskalea pixa egiten jarri zen txabolaren zokoan. Likido horiaren lurruna eta usna berehala altxatu ziren leku itxian, eta apaiza ohartu zen euliek ez ziotela bakean uzten brageta inguruan lagunari. «Ausaz, eskale agurea diabetikoa da eta bere isuriak azukrea du...» berekiko apaizak. Gernua egin eta gero, eskaleak lokarri-tira batekin korapilatu zuen zakutoa, albokoak barrukoa lapurtuko zionaren sospetxaz. Eskalearen begiek fidagaiztasuna islatzen zuten, ezen betertzean halako ardura izutia zuen. Berriro, eulitaldea higuingarriro altxatu zitzaion eskaleari bragetatik.

    Aita Estanixek, santu famaz, Solaburuko erretore izanikoak, dagoeneko, berrogeita hamabi urte beteak zituen, eta urte haiek baino oraindik itxura zaharkituagoa zeukan. Apaizak aurpegi zimela zuen, ezpainetan etsipen airezko puntu more bat, eta hezurretan erreumaren ziztadak sentitzen zituen, negualdean batez ere. Begirada tristearen ostean izaera onbera islatzen bide zitzaion. Gorpuzkera nekatuan, dena den, urteek itsatsiriko ontasunaren tankera zuen nagusi.

    Txabolak uzten zion gune estuan gogoetara makurtu zen apaiza... («Neronek dut denaren erru», «Nik neuk bilatu dut egoera gaizto hau...», «Inork ez nazake aintzakotzat har amilbidera jautsi naizelako», «Azken bi urte hauetan, bereziki, nire bizibideak amildegia jasan du, eta ene ildoak ez du balio askorik...?, «Edariari emana nago, eta jada ez naiz beste edozein gizasemeren mailara iristen...»). Apaizak postura aldatu zuen, pixa-usaina gaitzagoa egin baitzen txabolan oraindik. Seminarioko ikasketa luzeak amaitzean apezpikuak eskuak olio sakratuz igurtzi zizkion, eta ahalmena eman zion gauza sakratuak fededunei banatzeko, eta, batez ere, ogia eta ardoa sinestunen aitzinean Kristoren Gorputz eta Odolean sagaratzeko. Orain lotsa sentitzen zuen bere buruarekiko. Bere kondaira laburra zen, dena den; hamar urte egin zituen Espilletan apaiz, gero hiru urte bete Solaburun parroko; han apaiz heterodoxo bezala, gauza arraroak egin eta esan zituela eta, apezpikuak beste hamabi urtez Aspurugaingo moja Bernardatarren komentura baztertu zuen (beti ere kanpokoei mezak eman eta konfesioak entzuteko debekuarekin). Komentuan, depresioak jota, ardoa edateari ekin zion... Gerra zibilaren bigarren urtean, berriz —abade bezala anarkisten beldur— milizianoen eremutik ihes egiten hasia zen Santanderrentz —mendiz Gaztelako zona nazionalera igarotzeko asmoz—...

    —Ez al zaitut ezaguna lehendik? —eskaleak bere gorputz astun baldarra lurrean etzaten zuela. Bragetatik euli-taldea altxatu zen, beste behin, burrunbatsu, eta euliak leku berera itzultzen ziren gizon arlotearen soina zoruan tinko geratzean.

    —Ez naiz hemengoa —aita Estanixek galderari garrantzia kendu nahiaz.

    —Badakit ez zarela hemengoa, baina paraje hauetan zure izena entzuna da. Bidean etorri diren batzuek zure izena erabili dute ahoan.

    —Nahasita ibiliko dira...

    Eskura erakarri zuen ondoko ardo-botila apaizak, eta likido gorria zintzurreko bidean jarri. Azken hilabeteetan Solaburuko erretore ohiak makurrera aparta hartua zion ardoari, barruan sentitzen zuen maluraren kausaz. Enbarazuan —edo zer erantzun ez zekiela geratzen zenean— ezkerreko masailean halako tik bitxia jartzen zitzaion. Ez, ez zuen gustukoa alboan bere biziaz inor ardura zedin, eta, gainera, gizon hura ez zuen ezagutzen ezertaz, eta ?auskalo-milizianoen espioia ere izatea gerta zitekeen.

    —Barkatu, tabernera noa —aita Estanixek.

    —Tabernera ordu honetan?

    -Bai, ardoa falta zait —esku-ahurrean botilaren muturra buruz behera jartzen zuela.

    Gaua zen eta ortzean —katilu batean bezala— izarrak irakiten zeuden. Halatsu askako igelak eta apaburuak dardaraz bezala inarrosten aurkitzen zituen maiz aita Estanixek uretara harritxoak botatzean. Ilargia arbolen ostean zela, bideak mamuak sortzen zituela zirudien. Bera Bizkaiko bi herri kaskarretan apaiza izan zen, eta urtetan saiatu zen eliztarrei bihotzeko malurak konprenitzen —tristeak alai bihurtzen—, baina ez zuen lortu aspaldiko asmoa. Ikaragarri idealista —eta inozoa— izan zela esan zioten ingurukoek, baina berak ez zela egia uste zuen... «Bizia bera abentura da, besterik gabe, eta denek zoriontsu izateko eskubidea dute».

    Bat-batean, bi bulto antzeman zituen bidean; itzalekin jokoan zebiltzala ziruditen. Gelditu egin zen. Bidegurutze batean zegoen. Bultoetatik bat nabarmenagoa zen, eta bestea itzali egin zen. Berriro ilargia bilatu zuen. Bide-ertza, arbolak eta etxe zaharren hormak zehatzagoak bihurtu ziren. Berrikitan mespretxua —eta errukia— sentitu zuen bere buruarekiko. Etsipenak hondamen dira —edo okerragoetara bultza zezakeela pentsatu zuen, segidan. Fede urriko jendearekin topatu zen, maíz, Solaburun, eta askok erlijioko gauzen mago edo intxixu bezala tratatu zuten.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera