Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Alako batean

Ayerbe, JoxeAuspoa, 1997 Bertsoa

Aurkezpena

        Donosti'ko Loiola'n bizi dan Joxe Aierbe, ezaguna da idazle modura eta bertso jartzaille bezela. El Diario Vasco egunerokoan ere agertu izandu dira bere lan txukunak eta ipuiak.

        Bere ogibidetik aparte, zaletasun eta adur oiek ditun gizona ezin ziteken egon liburu bat argitaratu gabe, eta emen dezu, irakurle, bere bertso-liburu atsegiña Alako batean izenarekin. «Enborretik ezpala» dio esaera zarrak, eta ala degu Joxe; bere aita zana zan Bartolo Aierbe, Auspoa sail ontan bi liburu argitaratu zituna Nere mundualdia eta Zaarrak berrituz izenez bataiatu ziralarik. Alako arrera ona izan zuten, gaur biak ia agortuan daudenak zorionez.

        Suerte berdiña izan dezala semearenak ere, eta zorionak adiskide miñari.

Pasartea

Urumea ibaia

 

        Goizean jeiki eta ia begiak zabaldu bezein pronto ikus dezaket Urumea ibaia. Gaur, ondo ez, baiña osasunez edo garbitasunez, obeto dagoela ezin ukatu. Danentzat gaizki datorrenik ez omen da eta, papelera, fabrika eta abar gutxitzea ondo etorri zaie ibaiei; Urumea'ri ere bai dudarik gabe. Bestalde, garbitasun neurriak ere ondo etorri zaizkio.

        Irurogeitamabira, bertsoak jarri nizkion urtera, atzera pausoa emanez, ordea, zer zan ura? Nazka emateko egoeran zegoan. Nik, esan daiteke, iru egoeratan ezagutu dudala: Emakumeek bertan gobara garbitzen zuten garaia, erabat ustelduta egon zanekoa, eta orain, berriro, garbitzen edo itxuratzen ari danekoa. Oraindik badauka premi ederra eta ez da errez izango erabat garbitzea; baiña gustatuko litzaidake, mutikotan ezagutu nuan bezela, berriro ikustea.

 

Aurrekaldean zauden ibaia

zurekin nai det itzegin,

Urumea da bere izena

ez dakinak dezan jakin,

Ikusi utsak zentzudunari

eman bear lioke min,

ainbat esanai daukazularik

itz bat ere ezin egin,

itza bazendu zuri entzuten

gaur ez litzake atsegin.

 

Ibai maitea, iruditzen zait

oso aserre zaudela,

ez bait zaitugu errespetatu

merezi zendun bezela.

Inguratuta begiratu bat

bota zaiogun bestela,

maite zaitugun guztiok pentsa

naigabetuak gaudela,

nik ezagutu zindutanean

etziñan beintzat orrela.

 

Ura da, berez, munduan izan 

leiken gauzik garbiena,

eta URA zan zuk, Urumea,

leen ekartzen zenduena.

Jakin nai nuke nor izandu zan

au erabaki zuena:

zure gaiñera ixuritzea

beste iñork nai ez duena,

berez garbia biurtu arte

zikinkeri aundiena.

 

Loikeri eta pozoiarekin

iñola ezin bizi-ta,

beti-betiko galdu zerala,

ni beintzat nago etsita.

Il ote zeran esango nuke

zerbait esaten asita,

daukazun ustel usaia eta

kolorea ikusita,

bizirik baldin bazaude ere

aurrez lutoa jantzita.

 

Nun dira antziñan lur garbi artan 

zenitun angulatxuak?

Nun dira aingira eder legunak,

lupi ta amurrai goxuak?

Azken aldera baziran gaitzak

jotako korkoi batzuak,

orain ez dago orrelakorik,

denak il ziran gaxuak!

Orretarako egin al zitun

gauzak Jaun Guztiz Aaltsuak?

 

Mutil koskorrak giñan garaiko

gauzak zaizkit gogoratzen,

obeak ala txarrago ziran

ez naiz asiko juzkatzen.

Amaika aldiz zure ertzean

ibiltzen giñan jostatzen,

gaur berriz iñoiz zure ondora

bagera inguratutzen,

bakardadea eta tristura

besterik ez da somatzen.

 

Eskola ere gu joaten giñan

ibai-ertzetik barrena,

sartu baiño leen bertan igaroz

aal zan denborik geiena.

Irtendakoan berriro aruntz

egiñaalean aurrena,

alako zerbait bazuan, nonbait,

beste ezerk etzuena,

bera zan beintzat orduan gendun

jolas-tokirik onena.

 

Aitona zanai entzuna da ta

geroztik daukat goguan:

«Baserrirako ura ibaitik

guk eramaten genduan».

Orain bezela etxe barruan

etzan izaten orduan;

gizarajoa emen balego

begira gure onduan,

arriturikan esango luke:

«Ez nago leengo munduan!»

 

Esaten ari naizen kontuak

ez dira gaur goizekuak,

baiña oraindik aurki litezke

ala ibilitakuak.

Neroni ere ikusia naiz,

emen emakumezkuak,

garbikiñikan gabe astinduz

gogotik beren eskuak,

ibai ontatik etxeratutzen

gobara zuri askuak.

 

Mundu onetan aurrerapena

bearrezkua da baiño,

preziso al zan iritxitzea

iritxi dan tokiraiño?

Komeni zaigun ura egiñaz

ajolakabetzeraiño,

gizonak daukan ase-eziña

etorri da ontaraiño:

izadiaren edertasuna

ezereztu arteraiño.

 

Nafarroa'ko partean jaio

eta zatoz Kantauri'a,

bere ertzean ezker-eskubi

Gipuzkoa'ko uria.

Ikusitako denak diote,

omen da «paregabia»,

ibaia, garbi bazeunde izan

liteke askoz obia,

gisa ortako uri-erdian

ez bait zaude dotoria.

 

Entzun degunez asiak dira

itzegiten garbitzeko,

askoz leenago egin bear zan

gauzak ondo izateko.

Ez dakit zenbat denbora bear

luken ori egiteko:

antziñan ziñan bezin garbia

berriro zu gelditzeko,

baiña beldur naiz gure gogoa

ez ote duten beteko.

Atzera