Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasartea

        Sendagilea pasa da. Bi zapladatxo eman dizkit masailean:

        —Zer moduz, baliente?

        Baliente hitza etengabe entzuten ari naiz azken egun hauetan eta ni, edozer gauza izango naiz baina balientea ez. Nina ere ez.

        Nire gelako Txantxo askotan sartzen da nirekin gauza askotara ez naizelako ausartzen, hau da, ez zaizkidalako gehiengoari gustatzen zaizkion gauzak gustatzen... «hi, txakur berdea baino arraroagoa haiz!» esaten dit askotan. Oiloa, maritxika eta abar ere deitzen dit nirekin haserretzen denean, baina mutil ona da, gero barkamena eskatuz etortzen zait eta etxeko lanak kopiatzen dizkit, bera ausarta bezain alferra delako. Bolada batean, nire gelan Alex Aldrebes ere deitzen zidaten, maisu nazkagarri batek ipinitako ezizena, baina xakean eskolako txapelduna geratu nintzenetik ahaztu egin zitzaien hura eta Txantxo bera errespeto handiz begiratzen hasi zitzaidan. Orain ere, esan didatenez, nire gelakoak oso harro daude nirekin tipo baten lapurketa galerazi dudalako eta egunkarian agertu naizelako. Baina hori ez da erabat egia, Nina izan bait zen gaizkilea buruan jo zuena eta berak dauka nik baino merito gehiago...

        Sendagileari galdetu diot ea denbora asko egon beharko dudan ospitalean...

        —Zer ba? Gaizki al zaude hemen ala? Jone erizainak xakean aritzen hasi zaretela esan dit eta! Jone ondoan zegoen eta irribarre egin du:

        —Baina Alex beti irabazten duen horietako bat da, zoritxarrez!

        Gero sendagileak esan dit apur bat itxoin beharko dudala, batez ere erradiografia berriak egin arte, «denbora dexente egon bait zinen konorterik gabe», eta gelatik irtetzear zegoenean zera bota du:

        —Gainera, etorkizuna ikusten duzula esan didate eta hori gertuagotik ikusi nahi dut!

        Eta horrek ez dit batere graziarik egin. Ez dut nire ahalmen berezietaz hitzegiteko inongo gogorik eta.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera