Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Alos-Torrea

Etxaide, JonItxaropena, 1950 Nobela

Aurkezpena

        Leienda zaharra oinarri hartu eta Lasturko Beltran jaunaren ipuina berritu zuen Yon Etxaidek 1949an. «Hizkuntza maiteari txerto berri bat nondik emango» ari zen idazlea orduan. Besterik ere lortu zuen, ordea; alegia, urteetan eta urteetan iraun duen irakurgai ederra osatzea.

        Horixe baita, guztien gainetik, Usoa Alostorreko: irakurleak hasi eta buka behin baino gehiagotan irakurriko duen testua. Ipuin honen ondotik, oihartzun sakonagoak eragingo dizkio irakurleari kanta zahar ezagunak; «Alostorrean nengoenean goruetan Bela-Beltzak kua, kua, kua, kua leihoetan».

Hitzaurrea

AURRETITZA

«Heuskara, ialgi adi plazara»

(Bernard d'Etxepare. 1545)

 

 

Ona, Irarrkurle, euskal-idazle berri au gure izkuntza maiteari txertu berri bat nondik emango.

        Alik ondoen egiten saiatu ba'naiz ere, ez det uste orrialde auetan apaingarri aundirik idoroko dezunik, gure mendiko euskerak danon garo usai mardula artu al-izango diozunik...

        Alabaña, gure euskera maitia, urte oietan batez ere ain bear gorrian, ain egokera negargarrian, ain bilutsik nabaiturik, eusko-gogoz egarriturik degun Erri eder onetxi orrialdetxo auek eskeñi nai izan dizkiot.

        Berari dagozkion apaingarriz ornituriko jantzi dotorerik ezin opa diogunok, bere laingo jantzi txukun bat eskuratu dizaiogun beñepein, bera maite degula ta beratzaz aztutzen ezkerala adirazteko besterik ezpada ere. Ain bilutsik degun izkuntza maitea egoki xamar jantziko al-degu!

        Itz bi orain, irakurle maite ori, liburutxo oni ipiñi dizkioten oartxoai buruz.

        Euskera, beartsu, oso beartsu iritxi zaigu euskal-pizkunde egunetara. Alabaña, euskerak, guna, mamia, aberats-aberatsa dauka ta gure baratz ederra ondo jorratu, landu ta ongarritzen ba'degu, emaitz aundiak ekartzekotan dago, gure baratzako lurra iñungo errietako lurrik aberatsena baño emankorrago baita

        Tamalez, ta ez noski gaurko euskaldunen etuz, gure izkuntzaren berri laburrenik ezin ernan dizaiekegu gure erritarrai.

        Idazleok berriz, gure izkuntzaganako maitlasun sugarrak eraginda, bakoitzak al-degun neurran landu degu gure baratz ederra. Ta zer gertatu da? Irakurlea idazlearen lain ez izan. Idazleak, bere likeraganako maitasunez euskera nolabait landu ta sakondu egin du ta irakurlea ezin iritxi zaio edo nekegarri zaio beñepein. Ona ba korapiloa.

        Nola askatu?

        Euskal-irakaskuntza eskuratu dezagunean korapiloa bera bakarrik askatuko da, euskaldun aurrak txikitandik, gerok, geronen jakintzaz eziko baititugu. Baña bitartean? Idazleok erriaren jakintza malara makurtu ala euskerari soilik begiratuz bera landu ta aberastu erriari jaramonik egiteke?

        Euskal-maitasun au beraz txalogarri da, baño erriari gerok ixten ba'dizkiogu ateak, euskal-elertia geronek ilko degu, elertiak irakurleagan bizi bear baitu ta ez liburutegi apalelako sitsa tartean.

        Errezera jotzen ba'degu berrz, erriari dana txeetuta, itz egiten dun bezela emanaz, izkuntlzak eta bidebatez elertiak aurrera ez-ezik atzera egingo dute, euskaldunak, iñolako irakaskintza ta zuzenbiderik gabe gero ta gaizkiago, gero ta zabalago egiten baitute beren izkuntza, ta mintzagai askotara iritxi arte eztira egiten. Atzera joate au erri irakaskintza ezin iritxi dalako, gai askotaz ezin jardunari etsi bearra  ez dezakegu onetsi, euskera edozertarako bear baitegu gai.

        Irakaskintza irixten eztegun bitarteko nere irizpidea auxe da: Garbi idatzi bal esakeraz, bai itzez, bai aditz-jokoz, bai joskerari dagokionez, geiegikeriraiño jo gabe ordea, ta euskalduna ulertzeko lain eztan esakera, itza, edo aditz-jokoa, (joskera ulerkaitzik nekez egokituko baitzaio) erderara ala euskera errezagora itzuli. Ontara, irakurleak ikasi egiten du neke aundirik gabe, ta bai pozik ikasi ere, euskaldunak beren izkuntzaren ikasmiñez baitaude.

        Euskal-elertiaren goitasuna ta garbitasuna noraño eraman jakiteko, nun idazten degun eta zertaz idazten degun eduki dezagun gogoan.

        Astekari ta egunkaritan eta erri xearentzat idatzirik dauden irakurgaietan erraz idazten saiatu bear degu, baño tarteka-marteka, an-emenka beti zedozer erakutsiz irakurleari. «Pernando Amezketarra»'ren ipui liburua euskera errezian idatzirik dagolako parra-parra saltzen omen da esan oi digute batzu-batzuk, alegia, guztiok ortara joko ba'genu koraplioa askatua legokela aditzera eman nairik. Ala diotenak ordea ez dute egi oso-osorik esaten, liburu au ezpaita saldu ulerterreza dalako bakarrik, Pernando'ren ipui gayak edonork egosi ditzakelako baizik eta batez ere bere ateraldiak parregarriak diralako txit eta Pernando zanaren oroiak euskaldunen gogamenak jakin miñez betetzen ditulako.

        Mundu ontan erabil bear gaiak ordea, eztira guztiak Pernando Amezketarra'ren gixakuak, eta euskera ipuietako tentelkeriak edo baserritarren arteko jardun errexak adirazteko ez-ezik, edonolako giza-gogakizun adiraztleko gaitu bearr degu. Euskera aurren artean edo baserritarren artean soilik mintzatzeko dala derizkioten gizon makurrak erdeñuz zapuztu ditzagun. Euskaldunok gure lozorrotik esnatu gera. Gure izkuntza beste edozeiñ errikoa ainbat jasotzeko eskubide degu ta jaso ere egingo degu, euskera ezpaita iñoren morroitzako.

        Baño goitasun aundiko gaietan eztago euskera errexik gaurko euskaldunentzat.

        Zer egin bearr degu beraz? Gai oiek erabiltzeari utzi ala gure euskera erdalkeriz eta mordolokeriz bete errak ulerr dezan?

        Ez bat eta ez beste. Euskera gairik zailena, goituena, nasiena «berez» adirazteko lain da beste izkuntz askok bezela laterara ala gerkerara jo bage, ta lain danez, gaurko azal gogorra atxurtu, jorratu, ta lurpean ezkutaturik daukan altxor  bikaña azaleratu egin bearr degu.

        Gaur-gaurkoz irakurle gutxitxo izango dituzte idazle goitu-xamarrok, baño idazkera errezera jotzen alegintzen ba'gera ta azalpidez bearr bezela argitzen ba'degu, irakurleak gero ta ugaltzenago joango zaizkigu.

        Euskaltzale artean darabilgun auzi gaitz oni buruz bi arau edo lege auek gogoan eduki ditzagun beti:

        1). Eztu euskal-elertiak bere burua erri xearen malara makurtu bear, erri xea euskal-goi-elertia ulertzeko gaitu baizik.

        2). Ez dezagun erria gogait eragin irakurgai ulerkaitzez. Erriari euskal-jakintza erakutsirik goitu dezagun euskera.

        Era ontara lortuko degu, guztion onez, irakurleak ulertzea ta euskerari poliki-poiiki geroko urre-elerti baten oñarri sendoak jartzea.

 

Donosti'n, Epailak 10- 1949

Pasartea

        Beltran gazteluratu zenean, jauregitarrak eskaratze nagusian afaritan ari ziren. Beltranek, atea zabaltzean, morroiari bere nortasuna azaldu zion, baina etxekoei bere etorrera jakinarazten ez zion utzi. Bera azalduko zitzaien ustekabeki, arima erratua bezala.

        Afaltzen ari ziren mahaira urreratu zen, eta txanoa kenduz, ozenki agurtu zituen Usoaz ezer ez baleki bezala:

        —Jainkoak gabon, etxekoak!

        Hauek txunditurik gelditu ziren Jaun Beltran aurrez aurre ikustean. Otxandak, bere begiek ikusten zutena eta belarriek entzuten zutena ezin sinetsiz, zizakatu zuen:

        —Baina, zu ote zaitugu?

        —Bai, ni nauzue, Beltran Alostorreko, hezur-haragitan.

        Mahaikideak, beren amorrua ahal bezala gorderik eta aurpegiko zurbildura ezin disimulaturik, altxatu ziren beren jarlekuetatik eta poz irudiko irriabar maltzurrez, hurbildu ziren bana-bana aitajauna besarkatu ustez. Honek, ordea, nazkak eraginda, haizatu zituen azalutsok eta Usoa egon ohi zen leku hutsari begira, galdegin zien salakor:

        —Non da Usoa?

        —Gaixorik datza -erantzun zion emazteak izukor.

        —Gaixorik? Ez ote dago hilurren? Eraman nazazue bertantxe beragana —diotsa emazteari aginkor.

        —Baina, zer diozu gizona! Bart, ondoezik zegoela eta sukar pixka batekin oheratu zen. Hori da guztia.

        —Hala hobe. Bestela...

        —Ez al duzu aurrena afaldu nahi? Nekaturik eta goseturik etorria baitzaitugu, noski, gizagaixo hori.

        —Gauza guztien aurretik alaba ikusi behar dut.

        —Bai, Beltran, bai, ulertzen dizut. Ez litzateke egokia, ordea, zure alabak soineko zahartu eta hondatu horrekin ikustea. Janzki garbiak aterako dizki...

        Ez zuen bukatzerik izan. Beltran konturatu zen bere emaztea luzapen haien bitartez denbora irabazi nahian ari zela, eta beso batetik helduz eta astinduz esan zion zorrotz:

        —Berriketa gutxi eta goazen!

        Senar-emazteak abiatu ziren zurubian gora, Belabeltz eta bi ahizpak elkarren artean zizaka eta txutxu-putxuka gelditu ziren mean. Lehendabiziko bizitzara heldu zirenean —jauregitarren logelak zeudena, alegia—, Otxandak bigarren bizitzara igotzeko zurubia hartu zuen. Beltran harritu zen, zeren bigarrenean morroi eta neskameek bakarrik lo egiten baitzuten, eta honexegatik galdetu zion andreari errezeloz:

        —Zertara naramazu bigarren bizitzara?

        —Ez al duzu Usoa ikusi nahi?

        —Noski, baina jauregitarren etzangoak lehendabiziko bizitzan daude eta ez bigarrenean, eta ni gaztelu honetatik atera artean, Usoak, guk bezala, lehenengo bizitzan lo egiten zuen.

        —Orain, bigarrenean, neskameekin batera, berak hala nahi baitzuen.

        —Berak hala nahi zuela?

        —Bai, berak eskatu zidan; gusturago omen zegoen. Otorduak ere morroi-neskameekin egiten ditu. Zer nahi duzu? Berak hala nahi du.

        —Sorgina zeu! Zer tratu eman diozue zerbitzariekin bizi nahi izateko? Deabrukumeak ez besterenak! Ustekabean harrapatu zaituztet eta zuen bekatua ezkutatzeko denborarik ez duzue izan. Horra ba, nik esan: erein duzuena bilduko duzue.

        Otxandak, hitzik erantzun gabe, Usoaren etzangoraino eraman zuen eta atea irekiz esan zion:

        —Hauxe da Usoaren logela, baina orain hutsik dago, berak hala nahi izan duelako.

        —Berak hala nahi izan duelako? Zer esan gura duzu horrekin?

        —Horra, Usoa aspaldion inbidiaz erretzen zegoen Antxaren perlazko koilareaz, eta gaur zortzi, suntsitu egin zen gure alabak gordeta zeukan kaxoitik. Berehalakoan, morroiren edo rniraberen batek ebatsiko zuela pentsatu genuen, baina, bazterrak miatzen hasita, Usoaren logelako kajoi batean agertu zen, eta berak aitortu zigun, bekaitzez erreta ebatsi zuela —asmatu zuen bat-batean Otxandak gezurretarako zuen erraztasunez, bai baitzekien Belabeltz eta bi alabak bere irainak sendoesteko beti prest zituela—. Orduan nik —jarraitu zuen behazuna zeriola— zortzi egun dorreko ganbaran giltzapeturik egotera kastigatu nuen. Berak egindakoarentzat ez da zigor handia.

        —Ez ezan jarrai aho-ustel horrek —bota zion Beltranek bere irakinean zukatik hikara pasatuz igarri gabe— zapokeria berriak asmatuz. Hamaika aldiz iruzur egin didan, baina ez didan hamabigarrenik egingo. Beraz, dorreko ganbaran daukan?

        —Bai, merezi baitzuen. To giltza eta ikus ezak herorrek —jarraitu zion hika Otxandak, nik ez zeukanat zertan joanik hara.

        Beltranek, ganbarako giltzatzar herdoildua andreari eskutik kenduz, honela esan zion:

        —Ganbaran eta giltzapeturik! Urdakumea! Hoa, ez haut begien aitzinean gehiago ikusi nahi; baina, Usoa honetatik bizirik ateratzen ez bada, heu joango hatzaio gibeletik hilobira.

        Beltran badoa lasterka dorreko ganbarara, sartzen du giltza sarrailan eta bihurtzen du emeki baina sendo. Sarraila herdoilak jana zegoen eta irekitzerakoan karraska garratz bat egin zuen. Giltzaren karraskotsa entzutean, ahots erne ahul bat atera zen gelaren barrutik eskarikor. Beltran gelditu zen pitin bat ahots gupidagarri hark zerion hitza entzutearren:

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera