Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Amaiur

Etxaide, JonGero, 1978 Antzerkia

Aurkezpena

        «Maitasun hori, amodio hori, zu zara, Nafarroa zorikabea! Zure oinaze eta nekeak dira gureak ere heriotzaren larritasun hontan. Gure Herria hiltzen ari da, azken arnasetan dago, eta bere ondoan hiltzen ari dira leialki bera hainbeste maite zuten semeak. Seme on horiek betiko hilko dira, noski, baina zu, Nafarroa, ez zara sekulan hilko; lozorro luzean iraun arren, Jaungoikoak ez baitezake nahi Herri bikain hau erabat hiltzerik. Menturaz, etsaiaren indarrak EuskalHerri hau itoko duela dirudien gizaldi luze eta illunak igaroko dira... bainan hausterre tartean gelditutako txinparta bat aski izanen da sute ikaragarri sortzeko, eta haren indarra Auñamendi honen bi hegaletara zabalduko da, garai batean bezala, euskaldun seme guziak Ama baten altzoan bilduak izan daitezen...»

 

Hitzaurrea

SARRERA

 

Gero, 1978

 

        AMAIUR-ko azken gudari nafarren epopeia behin baino gehiagotan aipatua izan da, naiz eta hala ere gure herrikideek gehiegi ezagutu ez.

        Horrela, Esteban Urkiaga «Lauaxeta» zenak poema sentitu eta eder bat idatzi zuen Nafarroaren alde bizia eman zuten gudariei eskeinirik, eta Nafarroaren aurka burrukatu zirenen izena laidotuz.

        Baina guk dakigunez, AMAIUR-ko iesta ez zen Yon Etxaide arte inoiz antzerkira eramana izan. «Begia begi truk» argitaratu zenean aipatu genuen drama historikoen sailekoa da, beraz, oraingo AMAIUR hau. Hura bezain zehatz, trinko eta hunkigarri.

        Antzerki mota honek badu intentziotasun politiko bat, eta gaur egun zer esanik ez, Nafarroaren arazoa hain larria den une hauetan. Zoritxarrez, badirudi historia, bere ardatzari bueltaka, ziklikoki arazo beretsuekin agertzen zaigula, eta molde ukakor beretsuetan.

        Baina horregatik ere, ez da uste izan behar Etxaideren AMAIUR inolaz panfleto bat denik. Ikuspegi berezi batetatik idatzia izan denez gero, gertakizunen interpretazio bat proposatzen digun obra da, eta nolabait parte hartzen duena. Baina lerratze politiko hori, esposizio sakon baten berezko ondorena baizik ez da. Lehenik, gertakizunak presentatzen baizaizkigu izan ziren hartan, eta pertsonaiak, eta aurkakotza dramatikoak. Obrak ez du, beraz, errealitatearen errepresentazioari doakion egiatasunik galtzen, baldintza historiko, politiko, sentimental eta psikologikoak kontuan hartuz.

        Etxaideren AMAIUR hontan badago halako giro bortitz bat, dramatikoki agertzen zaizkigun gertakizunen muinean suertatzen diren bortiztasun eta bortizkeriena noski. Baina badago xamurtasun itxaropengarri ugari ere. AMAIUR, galtzaileen iesta baita; baina galtzaile hoiek askotan menperatu eta sakabanatuak izan dira, legez eta armaz makurtuak, beren jatorrizko nortasunetik indarrez bereiziak; eta hala ere, galtzaile hoiek oraindik bizirik diraute. AMAIUR-ko gudarien leinua ez baita Euskal Herri zaharretik urratua izan.

        Egia hortan bere itxaropena funtsatuz, esan genezake Etxaidek izugarrizko drama eder eta errealista bat idatzi digula, XVI-gn mendeko nafar aberkideen iesta guztiei gogoraziz. Ez dedila alferrik gerta.

 

Pasartea

LEHENENGO EKITALDIA

 

        Xabierreko gazteluaren bizitegiko gela nagusia. Ahal delarik, ez baita beharrezko, bazter batean kezulo tipiku bat bego edergarri, eta bertan egur batzuk erretzen. Muebleak, gelan zehar zabalduak, zur onekoak eta dotore landuak bitez, nahiz espainiar gudarien kolpez urratu xamarrak. Gaztelua, Cisneros Kardenalaren aginduz desegin berri dago, eta gudariak lapurretan ibili zireneko ondamen eta urraketa asko nabaitu bedi gela nagusian.

 

Lehenbiziko Agerraldia

 

ANDRE MARI eta ANA

 

Oihala jasotzean, Andre Mari Azpilikueta eta Ana bere alaba soineko josketan eta konponketan ari bitez, bakoitza bere aulkian eserita.

 

ANDRE MARI.- Zazpiterdiak zintzilik ditun, Ana, eta afaria prestatzen hasteko garaia badun, noski.

 

ANA.- Bai, ama, oraintxen noa, galtzerdi honekin bukatu bezain laister.

 

ANDRE MARI.- Afaria urri izan arren, saia hadi ahalik eta ongien ipintzen, bai baitakin Elisabet, Goñiko jaunaren alaba, zetorkigunala.

 

ANA.- Ez naiz ahazten, ama. Badakizu, gainera, Iruñeko gure egonaldian alkar egiten dugunean bera dudala lagunik onena.

 

ANDRE MARI.- Izan ere, neskatxa zintzoa, maratza eta polita dun. Hogeitabi urte borobildu berriak hain zuzen ere. Igarri ez badion ere, aspaldi begiz jota zeukanat gure Mitxelentzat.

 

ANA.- Aukerakoa litzaioke, izan ere. Baina ez ahal zaizu iruditzen, ama, ez ditugula hauek ezkontza kontutan aritzeko garaiak? Nahiko lan badute gizarajoek beren buruekin, andregaietan pentsatzen ibili gabe.

 

ANDRE MARI.- (Tristeki). Egia dion, Ana. Nahiko estuasun eta behar gorri zeukanagu denok ere, beren buruen truk, azokarako urdeak bailiran, dirua eskeintzen duten garai triste honetan.

 

ANA.- Oraintxen esan duzu egia, ama. Abere eta basapiztiak bailiran Nafarroako zaldunik bikainenak, leinargi garbikoenak, gudaririk bipilenak. Eta guztiori zergatik? Gure Erregeren eta gure Herriaren nortasunaren alde gizonki jokatu dutelako.

 

ANDRE MARI.- Garai txarrean jaio gaitun, Ana. Hamar urte zeramazkinagu arrotzen uztarpean makurtuta, eta ez jakin noiz arte iraungo duen gure halabeharrak. Hi, Anatxo, txipia hintzen, hamar bat urte ozta-ozta, eta ez haiz gogoratzen, noski, gaztelu honen garai bateko edertasunaz. Orain ez dinagu guda-gizonik gure mendean eta ez gaztelurik ere, zeren Espainian agintari zegoen Cisneros kardenal horrek bota-erazi baitzuen lurra jo arte. Gazteluari itsatsitako egoitza urratu hauxe besterik ez zigunan utzi. Lehenago gure jauregia geninan; orain... hauxen negargarria! (Negarrari eman bekio atsekabez. )

 

ANA.- Ez egin negar, ama. (Malkoak txuka biezazkio.)

 

ANDRE MARI.- Hi ez haiz gogoratzen ni bezala, ene alaba, joandeneko denbora ederraz.

 

ANA.- Zerbait gogoratzen naiz, ama. Gazteluak bere teilatu-kantoietan zituen almena politez eta beroietan zaiketa egiten zuten guda-mutil leialez, Aragoko mugari beti erne, etsaia noiz azalduko...

 

ANDRE MARI.- Aldi hartan, hire aitak, ene Joanes zenak, jauregi-morroi eta gazteluko gudariak zizkinan bere mende... Orain, miraberik ere ez... Deus ez! Jauregiak, hemengo eta hango, urratuta, hankaz gota, lapurrek husturik... Barrengo ikuskizun erdiragarri honek ez itotzearren, leihoratzen naun, izadiaren margo ederrek alaituko nauten ustean. Baina, zer zekuskinat? Aurrez-aurre, gure gaztelua zenaren hondakin harriak nun-nahi sakabanaturik; atzekaldean, gure arizti bikaina arras porrokatua...

 

ANA.- Ama, ez itzazu gogoratu, arren, gertakizun nagargarri hoiek.

 

ANDRE MARI.- Gehiegi gogoratzea ongarri ez bada ere, burua zora eta nahas ez dakigun, noizik behin ausnartzea mesedegarri zaigun nahiz Iatsutarrak, nahiz Azpilikuetarrak nor izan garen orain hamar urte arte eta orain nor garen ohar gaitezen. Horrela, garaia denean, gure aurrekoen lotsarik gabe jokatzen jakingo dinagu. Zuen aita, Joanes nirea, erbestean hil huen, Ihoan eta Katalina gure Errege-Erreginei jarraituz eta zerbitzatuz. Zuek, ene seme-alabok ere, ideia hortan bizi eta hiltzea beste nahirik ez dinat.

 

ANA.- Ez izan horren beldur, ama. Iatsutarren odolak diraki gure zainetan, eta bera bezala nafar garbiak eta agramuntes leialak izanaz hilko gara.

 

ANDRE MARI.- Pozten nauzu, Anatxo, hitz hoiek entzutean... (Hats hartuz eta elea aldatuz.) Antxiko eskolatik etorri ahal dun?

 

ANA.- Ez dut ikusi, ama, baina heldu ez bada berehala hemen da.

 

ANDRE MARI.- Sinistuko ahal didan, Ana? Ezin etsi dinat gure Antxiko gabe. Bera dinat ene bihotz naigabetuaren alaitasunik haundiena.

 

ANA.- (Irribarrez.) Ikusten, ama? Jaungoigoak zorigaitzik haundienetan bidaltzen dizkigu eztitasunak. Ama bezala, zure semeaz harro egon zaitezke. Hain baita alai, gisakoa eta bihotz onekoa gure Antxiko! Baina banoa, banoa sukaldera; bestela, hitza eta pitsa, ez baitugu gaur arratsean afaririk prestatuko.

 

ANDRE MARI.- Erne ateari, Ana, Elisabet etor dadinean.

 

ANA.- (Joanaz.) Antxikok kontu egingo dio, nik baino zeregin gutxiago izanen baitu.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera